Gov'T Mule AEBko taldea Gasteizko Azkena Rock Jaialdian
Bizkaie!
Gasteizko Azkena Rock Jaialdiko antolatzaileak hasita dagoz 2005eko edizinoko nondik norakoak zehazten: jaialdia irailaren 2ra eta 3ra aurreratu da eta aurkezpen birako taldea Gov'T Mule talde estadubatuar ezaguna izango da.
Antolakuntzako iturriek prentsa-ohar bidez azaldu dabenez, lehenengo aldiz joko dau Europan banda estadubatuar mitikoak. Hiru kontzertu izango dira 2005ko Azkena Rock Jaialdia aurkezteko: martiaren 31n Madrilgo Aqualung aretoan; apirilaren 1ean Gasteizko Azkena aretoan; eta apirilaren 2an Bartzelonako Apolo aretoan.
Gov'T Mule 1990ko hamarkadearen erdialdean sortu zan eta, euren merituz, rock amerikarrak inoiz emon dauan banda garrantzitsuenen artean kokatu da. Black Sabbath onenen indarra, Led Zeppelinen kalidadea eta Allman Brothersen sentimentua buztartuz, azken hamar urteetako disko onenetako batzuk kaleratu dabez, "Dose" edo "Life Before Insanity", pare bat aitatzearren.
Oraingoan, Allman Brothers taldeko kide izandako Warren Haynes buru dauen taldeak lehenengo aldiz joko dau Europan "Dejá Voodoo" izenburuko disko barria aurkezteko.
Gov'T Mule taldekoak zuzenean helduko dira New Yorketik hiru ordu inguruko kontzertuak emoteko, atsedenaldia tartean. Kontuak kontu, rock amerikarrak inoiz emon dauen talderik sendo eta handienetako bat ikusteko aukerea eskainiko dau Gasteizko Azkena Rock Jaialdiak bere aurkezpen biran.