Bordeleko ardaoen ganean
Hona hemen, kalidade mailearen ganeko azalpena:
Bordeleko kalidade mailan ardaorik arruntenak, AOC Bordeaux eta AOC Bordeaux Supèrieur izenpean botilaratzen dira. Ardao honeek zuriak eta baltzak izaten dira eta, nahiz eta esan ardao arruntak dirala, ez da ahaztu behar jatorri deiturako ardaoak dirana. Honeen artean, kalidade/prezio erlazino oneko ardaoak topau geinkez. La Gironde departamentuko ardao honeek, beherago aztertuko doguzan deituretan sartzeko aina kalidaderik ez daben ardaoak izaten dira legearen arabera. Baimendutako mahats muetak ondokoak dira: Baltzen atalean, Cabernet Sauvignon, Cabernet Franc, Merlot, Malbec, Petit Verdot eta Carmenère. Zurietan, Sauvignon Blanc, Sémillon, Muscadelle eta Ugni Blanc. AOC honeen deiturapean 1.000 Châteaux-k -Upategik- baino gehiagok egiten dabe ardaoa. Jatorri deiturako ardao guztien moduan, nahitaezkoa da organo erregulatzaile batek jarritako araudia betetea.
Klasifikazino honetako ardaoak, AOC + eskualdearen izenagaz kaleratzen dira, esaterako: AOC Mèdoc, AOC Graves, AOC Entre-deux-Mers eta AOC Blaye. Ardao honeek egiteko erabilitako mahastiak eskualde zehatz horretan dagoz eta, esan dogun moduan, aurrekoak baino kalidade handiagokoak dira. Kontuan izan, eskualde honetan egindako ardaoek AOC Bordeaux eta AOC Bordeaux Supèrieur moduan botilaratu daitekezala, baldin eskualdeko izena hartzeko nahikoa kalidade ez badabe lortzen.
Eskualde barruko azpieskualdeak be bereizten ditu legeak. Holan, AOC Haut-Mèdoc edo AOC Première Côtes de Blaye lako deiturak topau geinkez. Beste alde batetik, Haut Mèdoc’eko mahasti bateko ardao bat, AOC Haut Mèdoc moduan salduko da, izenpe horretan ezarritako baldintzak beteten baditu. Holan ez bada, AOC Mèdoc izenagaz kaleratzeko aukerea egongo da. Mailarik ez badau emoten, deitura generikoko babesagaz atarateko aukerea egongo da.
Herrien izena daroen ardaoak estimaduenak izaten dira. AOC Pomerol, AOC Saint Emilion, AOC Margaux, AOC Saint Estèphe, AOC Moulis eta askozaz gehiago. Aurrekoen antzera, herri zehatz horren aitamenak ezarritako arauak betetea nahitaezkoa izango da Jatorri Deiturearen babesagaz merkaturatzeko.
Bordeleko Cru’ak, mahasti zehatz baten eta aurreko deituretan oinarrituta dagoz, eta AOC baten eredua eta izena goraipatzen dabenak izaten dira; Cru’ak AOC’ horren izena eta Cru berarena eroaten dabe. Hori bai, badagoz egon Cru’a marka komertzial legez botilaratutako ardaoak.
Azaldu dogun sailkapena, Frantziako ardaoen ganeko lege korapilatsuan oinarrituta dago eta nahiz eta helburua, oro har, Jatorri Deitura guztien moduan, ardaoen kalidade mailea ziurtatzea izan, ez da ahaztu behar, badagozala upeltegiak sailkapen maila jakin bat lortu dabenak, gero euren ardaoak sarri askotan maila horretara heltzen ez badira be. Horrenbestez, aukerea izan ezkero, onena Bordelera osterea egitea izango da, ze, danok dakigunez, ardaoak norberak probetea lakorik ez dago.
Iban Alberdi,
Enologoa.
Munduko mahastien inguruan egiten gabilzen bidaian aurrera eginaz, gaur, Bordeleko ardaoak aitatuko doguz. Bordelen baltzak dira ugarienak, eta akaso ospetsuenak, baina kontuan izan behar da inguru honetan ezagunak diran beste ardao mota batzuk be topau geinkezala, esaterako 'Sauternes' inguruko ardao zuri estimaduak.
Bordeleko mahastiak hainbat mahatsondoz osotuta dagoz. Mahasti guztien % 52 inguru, Cabernet Sauvignon mueteak hartzen dau. Bariedade honek sendotasun tanikoa, fintasuna eta kolorea emoten deutse ardaoei. Usainen arloan, pentsamentu-lorea, masustea, lur-hezea eta lora horiak ekarten deuskuez gogora, lurrin bejetalakaz batera. Mahats klase honegaz egindako ardaoak eboluzino motelekoak eta bizitza luzekoak dira, eta 'gazteak' dirala edan ezkero, lar gogorrak dirala esan geinke.
Hurrengo mahats mueta esanguratsuena Merlota da (% 34 inguru). Bariedade honek Cabernet Sauvignonek baino ardao finagoak emoten ditu, bariedade hau eboluzino arinagokoa da eta; beraz, arinago edan leitekez. Frutu gorridun (kereixak, andere-mahatsa…) eta kutsu bejetal moduko usaina hartuko deutsagu mahats honegaz egindako ardaoari. Normalean, Bordeleko ardao baltzak aitatutako mahats klase biak nahastauta egiten dira, bata edo bestea portzentaje nagusi moduan dabela. Ganera, beste mueta batzuk be izaten ditue portzentaje txikiagoan: Petit Verdot, garraztasuna eta gradua sendotzeko; Cabernet Franc, fintasuna emoteko edo Malbec izenekoa.
Bordeleko ardao baltzak egiteko, upeltegirik gehienek mustioa altzairuzko deposituetan edo egurrezko upel handietan sartzen dabe, hartzidura puntua hartu daian. Ezaugarri bat dabe horreek ardao baltzok: beratze prozesuaren iraupen luzea, hiru astekoa izaten da kasu askotan eta. Horregaitik, Bordeleko ardao gehienak tanizidade eta kolore intentsidade oso altukoak dira eta zahartze prozesu luzea behar izaten dabe. Upelean eta gero botilan zahartze prosezua egiten daben ardaoek ez dabe zetan bete ezelako eperik. Kriantza arrunt baten kasuan, urtebetekoa izaten da upel barrietan, eta gero beste urtebete inguru, 3 edo 4 urteko upeletan. Azkenik, ardaoa garbitu eta botiletan sartzen da.
Ardaoak, La Gironde departamentuko lurralde osoan egiten dira, Landetan izan ezik. Lurralde horretan estadu espainiar osoan baino Jatorri Deitura gehiago dagoz. Horregaitik, oso gatxa da Bordeleko ardao guztiak aitatzea; ganera, Bordeleko ardaoen Jatorri Deituren sistemea oso nahasia da. Zehaztasunetan hasi barik, lege orokorra azalduko dogu.
Klasifikazino erea modu piramidalean ipinten badogu, piramideko oinarrian ardaorik arruntenak legokez, generikoak hain zuzen be: AOC Bordeaux eta AOC Bordeaux Supèrieur. Honeen ganetik, eskualdearen izena daroen ardaoak dagoz. Honek esan gura dau generikoak baino ezaugarri zehatzagokoak dirala. Ardao honeek AOC + eskualdearen Izenagaz merkaturatzen dira. Kalidade mailan, eskualde barruko azpieskualdearen izena daroenak legokez hurrengo. Azkenik, eskualde barruko herri baten izena daben ardaoak dagoz. Azaldu dogunaren arabera, departamentuaren, eskualdearen, eskualdeko barrualdearen eta herrien erakusgarri izango dira. Beste deitura bat be badago, hain justu be 'Cru' izeneko ardaoak batzen dituana; Cru bat, mahasti zehatz batek lortutako klasifikazino gorena da. Hau da, upeltegi batek ardaoren bat Grand Cru, Première Cru edo Deuxième Cru legez kaleratu gura badau, erabilitako mahatsa Cru moduan sailkatuta dagoan mahasti batean batu behar da. Cru moduan sailkatzeko lurra, mikroklimea eta orientazinoa bereziak izango dira.