Euskadi hotzago Europaren aurrean Espainia baino
IƱaki Atxutegi
Ez da barri ona Europako Konstituzinorako Itunaren erreferendumak itxi deuskuna. Abstenzinoa izan da nagusi erreferendumean. Tamalez, Euskadin Estaduko abstenzino tasarik altuena izan da.
Sarritan esan dogu politika kontuak politikoek bakarrik eroaten dabezala eta herritarrok ez daukagula horreen ganean zer esaterik. Hori egia izanda, ez dot ulertzen zergaitik egiten deutsagun uko geure eretxia adierazoteko aukereari. Jente askok uste dau Europako kontuetan berba lar gatxak erabilten dirala eta ez dagoala kontu honeek ulertzen dituan aitaren semerik. Baina pasautakoa ez da Europako kontuen berezko zailtasunen ondorioa bakarrik, bestelako kontu gatxak ulertzeko berebiziko ahaleginak egiten doguz eta. Begibistan dago, zoritxarrez, herritarrok ez dogula Europako kontuen ganean interes berezirik agertzen.
Erreferendumaren aurreko egunetan entzun izan dogu kalean Europako kontuak urrunego dagozala, Konstituzinoaren egitasmoa irakurtea eta ulertzea lan lar nekosoa zala eta ez dauala merezi konsultarako baino egiten ez dan erreferendumean parte hartzea.
Soziologoek esango deuskue zeintzuk izan diran abstenzinorako arrazoiak, baina uste dot nik aurrerago aitatutako honeek abstenzinoaren alde joteko gure artean erabili diran atxakirik nagusienak dirala.
Atxakia esaten dot ez dodalako inoiz ikusten urnetara ez joateko arrazoirik. Mendebaldeko Demokraziatan oso gitxitan izaten dogu edozein gairen ganean gure eretxia emoteko aukere eta horrexegaitik uste dot nik aukera txikiena be aprobetxau egin behar dala. Eta oraingoan ez dogu gura izan eretxia emoterik.
Deigarria izan da Euskal Alkarte Autonomoan pasautakoa. Hemen abstenzinoa altuagoa izan da Estaduan baino eta Itunaren kontrako botoa Estaduko altuena. Horrek zer pentsau emon beharko leuke. Gogoratu daigun euskal alderdirik nagusienek (EAJk, PSEk eta PPk) baiezkoaren aldeko apustua egin dabela eta hiruron artean zentsuaren % 22a baino ezin izan dabela urnetara eroan. Asko kontsolau egingo dira baiezko botoak ezezkoak baino askoz gehiago dirala pentsauta, baina pasautakoak hausnarketa lasaia merezi dau.
Datuak jakin eta berehala ideia bat etorri jat burura: mezu bardinaren aurrean, euskal herritarren erantzuna eta espainiarrena ez dira bardinak izan. Asko alaituko dira honeek ondorioak irakurten, baina ez dira bat ere ondorio gozoak Europako proiektuan sinisten dogunontzat. Zeozertan txarto gabilz europazaleok.