Bertsotan  IV. urtea // 98. zenbakia

Bizkaian, Araban eta Nafarroan txapelketak


Iñaki Aurrekoetxea

Bizkaian aste honetan emongo jako hasikerea BBK sariketearen aurtengo edizinoari. Taldeka jokatzen da sariketa hau, eta bertan Bizkaiko bertsolari gazteek kantauko dabe, ohiko sei eskualdeetan banatuta: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe eta Lea-Artibai. Talde bakotxean bi mailatan banatuko dira bertsolariak: 18 urte artekoak, eta 18tik 24ra bitartekoak. Sariketa honen antolakuntzan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta BBKk hartzen dabe parte.

Finala martiaren 12an izango da Bilboko Kafe Antzokian, aurreko urteetako ohitureari jarraituta. Aurretik baina, sei kanporaketa jokatu behar izango dabez, hiruna eskualdeko bi taldetan banatuta. Lehenengo saioa martitzenean jokatuko da Bilboko Gabriel Aresti institutuan, eta Bilboaldeak eta Arratiak neurtuko dabez euren indarrak bertan. Hurrengo egunean, Derioko Txorierri BHIn Ipar Uribe eta Busturialdeko taldeak izango dira kantuan. Hurrengo asteko saioak Markinako Lea-Artibain (Lea-Artibai eta Bilboaldea) eta Arratzun (Busturialdea-Durangaldea) izango dira. Hirugarren astean, Igorreko institutuan (Arratia eta Lea-Artibai) eta Durangon (Durangaldea eta Ipar Uribe). Finalerako talde bakotxeko lehenengoa sailkatuko da.

Hasi da Arabako Txapelketa

2005eko Arabako Txapelketa be hasita dago. Danetara, 23 bertsolari lehian. Bi kanporaketa saio jokatzekoak dira hasikerako fasean, eta lehenengoa joan dan zapatuan izan zan Araian. Bertan Zigor Enbeita nagusitu zan, eta finalerdietarako sailkatzea lortu eban horrela. Puntuazinoak honeek izan ziran:

Zigor Enbeita: 119
Andere Arriolabengoa: 116
Iker Agirre: 102,5
Lander Meaza: 102,5
Amaia Altube: 102
Felipe Zelaieta: 100,5
Jagoba Apaolaza: 95
Markel Bekares: 93

Bigarren kanporaketea zezeilaren 26an izango da Lapuebla de Labarcan. Kantuan Rikardo Gonzalez de Durana, Irati Anda, Orlando Asrreitunandia, Xabier Lasa, Hodei Lopez de Arkaute, Iosu Ormaetxea, Izar Mendiguren eta Serapio Lopez. Bi kanporaketa honeetatik 7 bertsolari sailkatuko dira finalaurreetarako, eta bertan igazko bost finalista batuko jakez: Asier Otamendi, Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre eta Juan Mari Juaristi. Finalaurreak martiaren 12an Amurrion eta 19an Legution jokatuko dira, eta finala, barriz, apirilaren 9an, Gasteizen, Jesus Guridi musika eskolako auditoriumean.

Estitxu Arozena Nafarroako finalera

Nafarroako Txapelketea be aurrera doa. Hiru finalaurreetatik bi jokatu dira daborduko. Lehenengoan Xabier Silveirak irabazi eban, eta finalerako txartela lortu eban zuzenean. Zapatuan jokatu zan bigarrena Goizuetan, eta Estitxu Arozenak ez eban sorpresatarako tarterik itzi. martxoaren 13ko finalean izango da lesakarra. Holan geratu ziran Goizuetako puntuazinoak:

Estitxu Arozena: 415
Xabier Legarreta: 406
Iñigo Ibarra: 394
Migel Mari Elosegi: 383,5
Joseba Beltza: 381
Diego Riaño: 363,5

Hirugarren eta azken finalaurrea datorren domekan, hilak 27, jokatuko da Iruritan. Bertan bertsolari honeek hartuko dabe parte: Bittor Elizagoien, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Jon Elizetxe, Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga. Kultur Etxean izango da saioa, 16:30etatik aurrera. Lehenengoa finalean izango da zuzenean, eta ganerako bertsolariak puntuazinoen arabera sailkatuko dira. Finala, esan dogun moduan, martiaren 13an izango da, Lesakan hain zuzen be.