Bertsotan  IV. urtea // 98. zenbakia

Txapelketa Nagusiko finala Bizkaian


Iñaki Aurrekoetxea

Joan dan zapatuan egin eban Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bere Batzar Nagusia Zumaian. Bi erabagi garrantzitsu hartu ziran berton: udagoienean jokatzekoa dan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Barakaldoko BEC erakustazokan izango da, eta Iñaki Muruak Imanol Lazkanoren lekukoa hartu dau Elkarteko lehendakaritzan.

Lehenengo aldia izango da Txapelketa Nagusiaren finala Bizkaian jokatuko dana. Gogoeta luzearen ostean, Bertsozale Elkarteak pausu barria emotea erabagi dau, eta ezelako konplejurik barik egin be, bertsolaritzearen osasun ona eta erabarritzeko daukan ahalmenaren adierazle. Txapelketak, aurten, lau helburu nagusi izango dauz: bertsogintza alorreko salto-eragile izatea, bertsolarien dinamismoa objektibetea, herrialdeetako bertsogintza islatu eta batzea, eta aurten beren beregi, erdal komunidadeei bertsolaritza ezagutarazotea. Abenduko finala Bizkaian egiteko arrazoietan besterik be topau geinke: BEC erakustazokako Bizkaia Arenak daukan kapazidadea (11.000 pertsona hartu leikez), eta Bizkaian bertan bertsolaritzeak bizi dauan egoera ona; azken Bizkaiko finaletan Euskaldunak itxi deuskun argazkia da horren lekuko.

Zapatuko Batzar Nagusian 2005eko egitasmoa onartu zan, eta egitasmo horretan Txapelketea nagusi dan arren, badira bestelako proiektu garrantzitsuak be, asko Elkartearen ohiko zereginakaz lotutakoak, eta baita barriak diranak be. Elkarteak barruko funtzionamenduaren bateratze prozesuari eutsiko deutso, eta hedapen sailean Txapelketea izar nagusi dan moduan, transmisinoan bertso-eskolen ganeko gogoetea izango da proiektu barria. Garagarrilean amaituko dan gogoeteagaz, Elkarteak hezkuntza ez-formalean bertso-eskolei babesa eta laguntasuna emoteko bideak zehaztu gura dauz. Ikerkuntza alorrean, egungo bertsolaritzearen azterketa soziologikoa martxan imintea izango da helburu nagusia, eta komunikazinoan, barriz, Elkartearen web orriaren barritzea. 2005eko egitasmoa aurrera eroateko aurrekontua 836 mila eurotakoa da.

Lazkanori omenaldia

Lehendakari barria be aukeratu zan Zumaian. 18 urte lehendakari izan ostean, Imanol Lazkanok lekukoa pasau eutson Iñaki Muruari. Bertsozale Elkarteak aukerea aprobetxau eban Imanoli merezitako omenaldia egiteko batzarrean bertan. Imanolek berak Elkartearen sorrerako urteetatik gaur arteko ibilbidea laburbildu eban, umoretsu, eta lankide izan dauzan guztiei eskerrak emonaz amaitu eban. Lehertu egin zan azkenerako. Esker oneko bertsoak jaso ebazan gero (Egaña txapeldunarenak tartean), eta amaitzeko, bideo batean ikusi ahal izan genduzan Imanolen hainbat eta hainbat irudi eder, 86an Elkartea sortu zaneko batzarrean hasi, eta plazaz plazako irudiakaz batera, inguruan izan dauzan lagunen eretxiak. Omenaldi sentidua eta hunkigarria izan zan. Izan be estimatua da Imanol Lazkano. Belaunaldi bat baino gehiagoren loturea egin dau, eta ikustekoa da bertsolari gazte askok deutsien errespetua eta miresmena. Elkartean bere alboan izan garanok be ez doguz berehalakoan ahaztuko batzar osteko afarietan Imanolegaz pasautako momentuak, haren pasadizoak ohiko postreak ziran eta. Iñaki Muruak hartu dau orain lekukoa. Elkartea barrutik ezagutzen dau gabiriarrak, eta dudarik ez dogu egiten lehendakari haundi bat izan ostean, parekoa aukeratu dogula etorkizuneko erronkei aurre egiteko gidari moduan.