House of flying daggers / Shi mian mai fu
Kritikek film hau aurtengo ezustea izan dala dinoe. Edozelan be, filmaren egiturea ekintzaz beteriko eszenakaz nahastetan diran eszena intimista arrunt batzuetan oinarritzen da; gauzak holan, narrazinoa ziklo errepikakorren jarraipen bat besterik ez da, eta, ganera, hunkiberatasun handiagoa falta da protagonisten sentimentuak erakutsikeran.
Gidoiaren eta ikus-entzunezkoen ikuspuntu batetik, ez dago aparteko barrikuntzarik; izan be, Hollywoodeko superprodukzino bat balitz lez, efektu bereziz josita dago eta ondo be ondo ikusten da formeari garrantzi handiagoa emon deutsiela edukinari baino. Dana dala, egia da ikus-entzuleen arretea erakarteko pasarte interesgarriak dagozana, esate baterako intriga eta ezusterako osogaiak sartzen dabezanean. Guztiagaz be, tarte jakingarri horreek berehala desegiten dira eta guzti-guztia bilbatzen da filmaren ardatza dan maitasun hiruki baten arabera.
Neurri teknikoei jagokenez, ez dago kexatzerik. Filmaren hainbat sekuentziatarako egindako atal batzuk, esate baterako dantzen inguruko eszenak, ederrak dira benetan. Era berean, paisaiak eta argazki lana zoragarriak dira eta produkzino diseinua itzela. Horri gehitu behar jakoz antzezleen jantziak, koloreen kontrastea eta kanpoaldeen erabilera on-ona. Zoritxarrez, hori guztiori ez dabe behar lez buztartu istorioari zelan edo halango sendotasuna emon beharko leuskion argumentuagaz.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Zhang Yimou.
- Herrialdea: Txina eta Hong Kong
- Iraupena: 119 minutu.
- Antzezleak: Takeshi Kaneshiro (Jin), Andy Lau Tak Wah (Leo), Zhang Ziyi (Mei), Song Dandan (Yee)...
- Gidoia: Li Feng, Zhang Yimou eta Wang Bin.
- Argazkia: Zhao Xiaoding.
- Muntaia: Cheng Long.