Zinea  IV. urtea // 98. zenbakia

Yi geng mo sheng nu ren de lai xin (Emakume ezezagun baten gutuna)


Xu Jinglei txinatar antzezle eta zuzendari ezagunak bigarren filma egin dau, Stephan Zweig-en nobelan oinarrituz. Istorioari Pekinen ekiten jako 1948an, neguko gau batean gizonezko batek ezezagun baten gutuna jasokeran. Gizonak ez daki nor dan bialtzailea, baina bai andrazko bat dana. Eskutitzean maitasun zintzo eta leial baten barri emoten da. Andrazkoak gaztetan izandako maitasuna gogorarazoko deutso, bai eta bien semea aurrera eroateko gainditu behar izan ebazan oztopoak be. Baina, orain semea galdu dau eta ez dauka bizitzen jarraitzeko gogorik. Gutunak hunkituta, gizona izen bako andre hori gomutatzen ahaleginduko da.

Zweig-en ipuin hau irakurri dabenek kontakizunaren bilakaerearen barri eukiko dabe, jakingo dabe zein dan personaia honeen erromantizismoaren arrazoia eta galerearen mina. Ipuina irakurri ez dabenek, ostera, beti bateko pelikula motela ikusiko dabe, hori bai ondo garatua eta filmatua, baina lar apala. Horrela, benetako maitemina baino gehiago, mitomanotasunetik hurren dagoan amodioa sumatuko dabe, eta hori guztiori, ganera, lar erritmo pausatuan.

Donostiako azkenengo zinemaldian urrezurizko maskorra emon, ederto filmau eta ondo be ondo giroturiko filma izanagaitik be, ez dau ikus-entzulea hunkitzen, beharbada protagonisten jokabidearen arrazoiak ezin ulertu daitekezalako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Xu Jinglei.
- Herrialdea: Txina.
- Iraupena: 90 minutu.
- Antzezleak: Xu Jinglei, Jiang Wen, Lin Yuan, Sun Feihu, Su Xiaoming, Su Zihao, - Huang Jue, Ma Enran, Zhang Baomo.
- Gidoia: Xu Jinglei, Stephan Zweig-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Li Pingbin.
- Muntaia: Zhang Yifan.