Euskal zinematografia osasuntsu ete dago?
Lekeitio 2002 / XXV. Euskal Zine eta Bideo Bilerea
• Pozik egoteko arrazoiak
Euskal zinegileak beharrean dabilz geratu barik
Jaurlaritzearen izenean, Imanol Agote jaunak agindutakoa garrantzitsua da berez, eta itxaropentsu egoteko arrazoiak badagozala emoten dau. Ganera, euskal aktore, zine zuzendari eta zinegileak polito dabilz beharrean; oraintsu estreinautako Enrike Urbizuren 'La Caja 507' edo Imanol Uriberen 'El Viaje de Carol' filmak oso arrakastatsuak izan dira eta oso kritika onak jaso ditue. Alex de la Iglesia bilbotarrak '800 balas' bere seigarren pelikulea aurkeztuko dau egunotan, urriaren 3tik 13ra bitartean, Sitgeseko Nazinoarteko Zinemaldian; Sancho Gracia, Carmen Maura, Angel Andres Lopez eta Terele Pavez dira film honetako protagonistak. Alex de la Iglesiak berak sortutako Panic Films produktorearen lehenengo beharra izango da; filmaren banaketeaz, ostera, Sogecine-Sogepaq etxea arduratuko da. Beste alde batetik, Montxo Armendariz be ez dago geldi. Egunotan aurkeztu dau Ponferradan 'La guerrilla de la memoria' dokumentala.
Horrezaz ganera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kimuak 2001 egitasmoaren barruan, Luis Bermejo donostiarrak egindako '...Ya no puede caminar' film laburra Espoo herriko (Finlandia), Pariseko L'Etrange jaialdietan eta Astorgako Film Laburren Lehiaketan saritu dabe. Beste alde batetik, Borja Kobeaga donostiarrak zuzendutako 'La primera vez' film laburra New Yorkeko 'Shortmetraje' jaialdian emongo dabe datorren abenduan. Donostiako zinegileakaz jarraituz, Iban Zuluetak 1979ko udan filmau eta hurrengo urteko bagilean estreinau eban 'Arrebato' film mitiko eta urratzailea, 20 urte geroago barriro ikusgai egon da Madrileko Verdi zineman. Gogoratu, Eusebio Poncela, Cecilia Roth eta Will More dira Zuluetaren bigarren film horretako protagonistak.
Euskal aktoreen atalean be ezin esan tradizinorik eta kalidaderik ez dagoanik. Beteranoak eta gazteak be badabilz beharrean: Imanol Arias, Alex Angulo, Iñaki Miramon, Karra Elejalde, Aitor Mazo, Barbara Goenaga, Unax Ugalde...
Lekeitio 2002 / XXV. Euskal Zine eta Bideo Bilerea.
Lanak aurkezteko azken eguna 2002ko urriaren 13a izango da
Ezer baino lehen, zorionak eta aupada handia Lekeitioko EZBBren antolatzaileei. Hogeita bosgarren edizinoa beteko dau aurten Euskal Zine eta Bideo Bilereak eta 1978an sortu zanean ez zan euskeraz egindako zine amateurra erakusteko jaialdi bakarra, ze hor egozan, esaterako, Zestoako Topaketak, aurreko urtean sortuta; dana dala, azken horreek itxi ebenetik hankamotz dago euskerazko ikus-entzunezkoen sektorea. Euskal Herrian egiten dira, bai, zine eta bideo bilerak, baina Lekeitiokoa berezia da, euskeraz egindako lanak baino ez ditu eskaintzen eta. Hasikera-hasikeratik, asmoa da euskeraz egindako pelikulak zabaltzea eta ezagutzera emotea.
Azken urteotan, bideogile amateur nahiz profesionalentzat zabalik dago parte hartzea; euskeraz egindako lanak aurkeztea eta lanok 30 minututik beherakoak izatea dira muga bakarrak.
Aurten, hogeita bosgarren edizinoa tarteko, ziklo berezia, joandako edizinoak eta aurtengoaren zehaztasunak erakutsiko dituan argitalpen bat eta Bilerarako beren beregi preparautako dantza ikuskizuna be antolatu ditue antolatzaileek.
Lanak VHS, CD video edo DVD formatuetan aurkeztu behar dira, eta beharrok aurkezteko azken eguna 2002ko urriaren 13a izango da. Lanak helbide honetara bialdu: XXV. EZBB.- 32. posta kutxatila - 48280 Lekeitio. Argibideetarako, hona hemen telefono zenbakia: 94-6841221.
Lekeitioko XXV. Euskal Zine eta Bideo Bilerea, zemendiaren 21, 22 eta 23an izango da Ikusgarri zine aretoan, baina aurten be pantaila handi bat ipiniko dabe Isidro Salinas plazan.
Bonny
Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren 50. urteurrena, Lekeitioko 25. Zine eta Bideo Bilerea, data gogoangarriak benetan; egunotan zenbat-gura film ikusteko aukerea dago, glamourra bazter guztietan, alfonbra gorriak, jantzi dotoreak, zine izarrak eta enparauak edonon. Ez dago larritzeko arrazoirik, euskal zinematografia osasuntsu dago. Ez ete gabiLz benetako egoerea izkutatzen?
• Euskadiko Produktoreen Alkarteak (EPE) euskal zinea sektore marjinal bihurtzea leporatu deutso Eusko Jaurlaritzeari, eta egoera larriari aurre egiteko lege propioa eskatu deutso.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zinematografikoaren krisitzat jo dabena konpontzeko ahaleginetan, Euskadiko Produktoreen Alkartea orain pare bat hilebete hasi zan beharrean, eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 8 konpainia hartzen ditu. Alkarteko kideak dira, besteak beste, Juan Ortuoste, Angel Amigo, Ibarretxe anaiak, Javier Rebollo eta Toni Abad.
Produktoreek ikus-entzunezkoen arloan politika zehatza taiutzeko eskatu deutsie Jaurlaritzeari; ganera, EAEn behar egin eta egoitza fiskal eta sozialak berton dituen enpresen marko legala zehazteko Zinema Legea be eskatu deutsie. Alkarteko kideen esanetan, ikus-entzunezkoen sektorearen egoerea larria da, batez be zinearen egoerea ia-ia desagertu egin dalako Euskadin. Film batzuk euskal zinetzat hartu arren, azken 16 hilebeteotan EAEn ez dala pelikularik filmau jakinarazo dabe. Gaiaren harian, harridurea azaldu dabe Donostiako Zinemaldian, pasa dan irailaren 25ean, Euskal Zinemaren Egunean, igaz EAEn egindako zazpi film luze iragarri zituelako. Alkartekoen eretxiz, bereiztu egin behar litzatekez hemen produziduten dan zinea eta euskal aktoreren baten parte hartzeagaz egiten dan zinea; Angel Amigo, EPEko presidente ordeak adierazo dauenez, eskema horregaz, Castro traineru gipuzkoarra izango litzateke (Jose Luis Korta, Castron, entrenatzaile, arraunlari eta patroi beharretan dabilena gipuzkoarra da).
Krisialdiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzeari egin deutse lehenengo eskaria edo proposamena, hau da, Zinema Legea sortzea; era berean, sektorea sendotzeko eta hazkundea bermatzeko garapen tresnak erabagiteko eskatu deutse Industria Sailari, era horretara, produktorak enpresa politika egonkor eta iraunkorrak planifikau daiezan. Beste alde batetik, EPEk ETBri be mezua bialdu deutso Europako direktibea apliketako eskatuz. Direktiba horren arabera, telebistako operadoreek euren diru-sarreren % 5 filmen emisino eskubideak erosteko eta produktora independenteen bitartez, telebistarako filmak egiteko erabili behar dabe.
Angel Amigoren esanetan, gaur egun bizi dogun egoera larriari erantzun epela emoten bajako, euskal gizartean desagertu egin daiteke etorkizuneko jarduera zinematografikoa.
Kontuak kontu, Imanol Agote Kultura Saileko Sailburuordeak ziurtatu egin dau Jaurlaritzeak zenbait neurri aplikauko dituala euskal zinematografiaren produkzinoa sendotzeko; zerga pizgarriak, koprodukzinoak ETBgaz, sormena bultzatzeko laguntzinoak eta bestelakoak epe laburrean aplikauko dirala aurreratu dau Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.