Musikea  IV. urtea // 98. zenbakia

‘Devils and Dust’, Bruce Springsteenen disko barria


Bizkaie!

Pare bat urte pasau dira ‘The Rising’ diskoa argitaratu ebanetik eta daborduko badakigu apirilean dendatan egongo dan ‘Devils and Dust’ izeneko diskoa 12 kantuz osotutakoa izango dala, Springsteenen diskografian hemeretzigarrena, hain zuzen be. Diskoa entzun dabenen arabera, aldaketak igarriko doguz Boss handiaren disko barrian eta 1982ko ‘Nebraska’ disko arrakastatsuaren haritik, folk eta country gehiago entzungo dogu. Gaien aldetik, emoten dau nahikoa kritiko (boxeoaren alde ilunaren kontra...) eta jarrera politiko argiagaz azaltzen dala disko barrian.

‘Devils and Dust’ disko barriko kantuak ondokoak dira: Devils and Dust, All the way home, Reno, Long Time Coming, Black Cowboys, Maria’s Bed, Silver Palomino, Jesus Was An Only Son, Leah, The Hitter, All I’m Thinkin About eta Matamoras Banks.

Diskoa Los Angeleseko Thrill Hill Recording estudioan eta Springsteenek bere arrantxoan daukan estudioan grabautakoa da; azken nahasketa eta ukutuak, barriz, Atlantako Southern Tracks estudioetan egin ditu Brendan O´ Brien produktoreagaz batera.

Grabazinoan parte hartu daben musikarien izenik ez da zabaldu baina emoten dau E Street Band taldeko musikariek parte hartu dabela, taldeka barik maila personalean.

Izen handiko beste musikari batzuekaz batera, AEBko azken hausteskundeetan John Kerry galtzailearen alde agertu arren, zeozelako porrota ahaztu eta disko barriaren mundu mailako aurkezpenari ekiteko gogoagaz dago Bruce Springsteen; lehenengo kontzertuak antzoki eta areto txikietan emongo ditu eta birearen bigarren zatian, ostera, pabilioietan; Springsteenen azken boladako ohitureari jarraituz, futbol zelaietan ez dau kontzerturik emongo.