Kulturea  IV. urtea // 98. zenbakia

Harkaitz Cano: “Idazlearen lumeak bisturi zorrotza eta etzanleku samurra izan behar dau”


6.- Liburuan dinozu ironikoa izateko argia izan behar dala. Eta leihoak be behar dirala.

Jenteak ironia eta zinismoa konfundidu egiten ditu batzuetan. Nire ustez, bizirik irauteko modu bakarra ironia da. Ironia eta autoironia bizitzeko modu bat dira: ziniko eta sarkastiko izan barik, ironikoa izatea, hortxe dago salbazinoa, nik uste. Ez da muga erraza, eta horregaitik aitatzen neban argiarena. Baina argia, modu fisikoan be bai: nik besterik ez deutsat eskatzen etxe bati edo idazteko leku bati, leihoak eukitea baino.

7.- “Belarraren ahoa” dinozunean, jente arruntari begiratzeko modu bat be bada bedar hori. Aipuan jaso dozun moduan, “belar artetik begiratzean, hutsaren pareko begitantzen da heroiaren estatua eta handitasunez betea gizon arruntaren sega-lan apala”.

Bedarra idazleagaz konparetan dot, idazlearen lumeagaz. Idazlearen lumeak izan behar dau bedarra bezain bisturi zorrotza baina, aldi berean, izan behar dau bedarra bezain etzanleku samurra. Ruperren kantuak dinoan moduan, gizonak behar dau dudea, baina heldulekuren bat be bai.

8.- Aurkezpen egunean esan zenduan begitantzen jatzula liburu hau beste nonork idatzi ebala.

Bai, baina ez nire liburutzat ez daukadalako, baizik eta liburu honen tematikea-eta orain arte landu ez dodana izan dalako, eta aparteko pieza legez ikusten dodalako. Sentsazino bitxi hori geratu jatan, liburu hau Bohumil Hrabalek idatzi izan baleu legez. Oso presente euki dodan autorea, beste alde batetik.

9.- Hrabal hartuko zenduke, orduan, liburu honen eragin nagusi legez?

Bai. Liburuaren amaierak badauka haren istorio bategaz zerikusia be.

10.- Zuretzat lasaigarria be izango da hori, hainbeste bider konparau zaitue Paul Austerregaz...

Bai, bai. Paul Austerregaz apur bat nekatu egin naz. Larregi ezagutzen dot eta badakit zer kontauko dauan. Nekatu egin naz bere obsesinoetako batzuekaz. Beste alde batetik, pena emoten deust, bere liburu batzuk asko estimau ditudalako.

11.- Buruan geratzen dana aitatu dozu lehen. Zer da liburu honen kanpoan geratu dana?

Ezintasun bilduma bat, hau da: buruan badago neurona bat, benetan obra geniala egiteko aspirazinoa daukana. Liburu bat amaitzen dodanean, poza, lasaitasuna, urduritasun barria, beste zerbaitetan hasteko gogo arraroa... agertzen jataz, baina ez naz geratzen guztiz asetuta. Ez. Nire kasua ez da inoz hori izan. Insatisfakzino puntu bat da geratzen dana, eta baztertutako bideakazko nostalgia.

12.- Eta etorkizunera begira, zer?

Ipuin-bilduma bat daukat amaitzeko puntuan, eta horretan nabil. Bestalde, umeentzako antzerki obra bat be idazten nabil “Tentazioak” taldearentzako, Lurdes Bañuelos gidoigileagaz batera: sukaldari baten monologoa, formatu txikikoa. Eta garagarrilaren 1etik aurrera... disfrutetan: nobela bat daukat buruan, eta egun horretan hasiko naz. Oraindino gauza asko ez ditut garbi, baina beste batzuk bai: mudantza bategaz hasiko da. Liburutegi handi bat kutxetan sartuta, holan hasiko da. Liburuko lehenengo esaldietako bat Billy Wilderren pelikula batekoa da: “Zure larruan banengo, eta inoiz egonda nago...”, eta horixe baino ezin dot esan.

Julen Gabiria

Harkaitz Canok “Belarraren ahoa” aurkeztu eban urtarrilaren 26an, Santutxuko “Irakurlearen Tartean”, eta Bizkaie! beragaz egon zan berbetan.

1.- Wislawa Szymborskaren poema bat ei dago liburu honen sorreran.

Poemea “Hitlerren lehen argazkia” da, eta hasten da esaten Alemania eta Austriako mugako herri txiki baten ume bat jaio dala, Hitler. Oraindino ez da ezer jazo: ume bat jaio da eta ume jaiobarrien antza baino ez dauka. Gero, errealidadeak bilakaera bat erakusten deusku, baina izan eitekean beste bat. Eta zerikusia euki eban Parisera joan eta erresistentzia bizi-bizi egoala ikusteak. Hori izan zan bigarren faktorea. Eta hirugarren faktorea izan zan Charlie Chaplinen “The great dictator” pelikulearen berrestreinaldia, 2002an.

2.- Baina Parisera ez zinan joan liburu hau idaztera, beste zeozer idaztera baino...

Parisera joan nintzan nobela bat idaztera. Nobela bat buruan neukana eta oraindino be badaukadana, eta garagarrilaren 1ean hasiko dodana. Parisen beti ibilten nintzan atxakia bila, nobela horretan ez sartzeko. Beti dagoz liburu bi: bat, idazten dozuna; bestea, buruan daukazuna. Eta buruan daukazuna beti begitantzen jat hobea dala. Eta Parisen be hori pasau jatan.

3.- Liburu bat zelan sortzen da Harkaitz Canoren buruan?

Nire kasuan, liburu guztiak diferente sortzen dira, baina liburu hau atxakiarik bakoa izan da, apropos jarri nintzan idazten. Liburuaren erdia aste bitan idatzitakoa da, oso arin. Gero, aldaketa bat dago, eta igarten da, eta hor geratu egin nintzan, denbora dezente gainera. Hortik urtetako modu bakarra, nire ustez, ikutu poetikoa zan. Eta gero meatzariaren istorioa egoan: nire izekoren senarra meatzaria zan, Huelvan. Eta, berari entzunda, inpresionauta itxi ninduan berak ez ebala minerala ataraten esan eustanean: bere lana besteek egindako zuloak betetea zan. Zeozer idazten hasten zaranean, motibauko zaituan elementuak behar dituzu, eta kasu honetan elementua meatzaria izan da.

4.- Liburuan askotan aitatzen dituzu geruzak. Sinbolismo handiko elementua da.

Bai. Orain, berbarako, umeentzako antzerki bat idazten gabilz, eta konturatzen zara irakurketa maila desbardinak dituala: umeek gauza bat ulertzen dabe eta zuk beste bat. Bakotxak bere geruzatik interpretetan dau obra hori. Liburuaren kasuan badago geruza poetiko bat, alegorikoa, batez be amaieran. Eta liburuaren hasieran jentea engantxetako geruzea dago. Baina jente hori beste esparru batera eroan gura dot. Ez gerra edo akzinoko liburu baten esparrura, beste nonora baino.

5.- Liburu hau dibertimentutzat hartu dozu. Geruza poetikoa be dibertimentu horren barruan sartzen da?

Beharbada gitxiago, baina bai. Parte lirikoa aitatzen dodanean, ironiaz eta umorez kargautako partea be bada. Eta gauzak zabalik ixtea be bada dibertimentuaren parte, eta amaieran barriro hasierara joatea be dibertimentua da.