Barriketan  I. urtea // 11. zenbakia - 2002ko urriaren 1a - Hamaboskaria

Bermeoko Bizkai Buru Peñea: Athleticeko peñarik handiena

Bizkai Buru Peñearen 5. urteurrena


Bermeoko Bizkai Buru Peñeak 5 urte beteko ditu urriaren 14an, eta hauxe dogu Athletic futbol taldearen peñarik handiena: danetara, 509 bazkide dira. Athletic taldearen jarraitzaileak munduan zehar topau geinkez eta peñak be bardin, baina Bermeokoa berezia da, arrazoi askogaitik. Bizkai Buru Peñearen jarduerearen eta egitekoen barri jakin guran, Juan Ramon Rey Astorkizagana jo dogu, ze berau da presidentea peñea sortu zan momentutik.

1. Ezer baino lehen, zorionak Bizkai Bururen 5. urtebetetzean. Okasinorako ekitaldi berezirik zehaztu dozue?

Eskerrik Asko. Bost urte bete doguz eta denporea konturatu be egin barik joaku. Urteurreneko ekitaldien ganean berbalditxu batzuk egin doguz, baina gauza zehatzik ez dago oraindino; egoitzearen lekualdaketeagaz be hankaz gora gabilz; azken urteotan, Carmelo Tabernan alkartzen izan gara, baina orain Lameran izango dogu lekua, Andekon hain zuzen be. Horrezaz ganera, gogoratu, tartean udea, uriolak eta jaiak be izan doguz, eta sano lanpetuta gabilz. Dana dala, zeozer egitea da gure asmoa: urteurreneko pin bat edo bazkideentzako sariren bat. Egun pasa egiten Errioxara osterea egitea be ideia polita da. Laster erabagiko doguz horreek kontu guztiak.

2. Zelan okurridu jatzuen Bizkai Buru sortzea?

Lagunartean gauza asko esaten dira, astakeriak be bai sarri, eta berbaldi horreetako baten konturatu ginan Bermeon ez egoala Athleticen peñarik, herri askotan baegozala peñak baina Bermeon ez. Bermeok derrigor Athleticen peñea behar ebala pentsau eta atoan hasi ginan beharrean. Hasikeran, ez genduan pentsetan herritarren artean erantzun handia izango ebanik, baina urteakaz 500dik gora gara bazkideak, zehatz esateko 509, eta gaur egun Athletic taldearen peñarik handiena gara. Hemen gagoz, aurrera begira pozik.

3. Bermeon kirol talde eta era guztietako alkarte asko dagoz. Bizkai Buru, Athleticeko peñarik handiena da eta beharbada Bermeoko talderik handiena be bai?

Ez. Nik esango neuke talde handiena Klub Bermeo, futbol taldea dala eta gero Bermeoko Arraun Alkartea be handienen artean egongo da seguru. Gu geu be ez gara txikiak gero!.

4. Hasikera-hasikeratik zu zeu zara peñako buru. Karguan gustora ala ez dozu ordezkorik topau?

Gustora, gustora. Gagozan jenteagaz ondo konpontzen gara, baina gauza asko egoten dira egiteko. Direktibea edo zuzendaritza taldea zabaltzeko asmoagaz gabilz, beharra apur bat banatzeko. Ganera, jentea prest dago beharrerako.

5. Peña legez, zeintzuk dira zuen egitekoak?. Urtean zehar ze ekitaldi antolatzen dozue?

Urtean zehar, gitxienez behin kanpora joaten gara Athleticen partiduren bat ikusten. Orain arte ez gara urrunera joan, baina hemetik aurrera arazoak izango doguz; izan be, hurren dagozan probintzietako taldeak bigarren mailara bajau dira: Salamanca, Oviedo eta Zaragoza. Ez dakit ba, hemetik aurrera bidaia luzeagoak eta antolatu beharko doguz. Beste alde batetik, peñako ume guztiak San Mamesera eroaten doguz denporaldia hasi aurretik Athleticek egiten dauen aurkezpenera. Ganera, gabon bueltan, Olentzerogaz batera, umeentzako erregaluak eta zozketak egiten doguz, Athleticen boltsa, txandal eta bestelakoakaz.

6. Peñako kide izateko zeintzuk dira baldintzak?, Athleticeko bazkide zarie danok?

Edozein izan daiteke peñako kide. Bermeotarrak zein kanpotarrak. Hamazortzi urtetik gorakoek 2.500 pezeta / 15 euro pagau behar dabe izena emoteko eta urtean 1.000 pezetakoa / 6 eurokoa da kuotea. Argazki bat be eskatzen deutsegu bazkideei karneta egin ahal izateko. Gehienak Bermeotarrak gara, baina bazkideen artean, Santa Pola eta Benidormekoak be badoguz. Jakina, Bizkai Buru Peñako 509 bazkideen artean, bagagoz Athleticeko bazkideak be; datu zehatza ez daukat gogoan, baina 100 edo izango gara bazkideak, eta batzuk konpromisarioak be bai.

7. Aurten Jose Anjel Iribar atezain mitikoari San Juan saria emon deutsazue; jokalari gazteek ez dabe saririk merezidu ala?

Sari hori edozeinek jaso leike; aurten, Iribar handiari emotea erabagi dogu ,baina leitekena da gazteren batek be irabaztea noz edo noz; hori bai, San Juan saria Jose Angel Iribarri emotea aho batez erabagi genduan.

8. Zeintzuk dira Bermeoko Bizkai Buru Peñearen helburuak?

Lehenengo helburua Athletic taldea animetea da. Dana dala, asmoen artean gogo handia dogu umeen talde bat atarateko eta kirol honetan, ahal dan neurrian behintzat, laguntzinoa emotea. Kontuan hartu gurea irabazi nahirik bako alkartea dala, eta beti gagozala prest herriaren beharrizanen aurrean laguntasuna emoteko.

9. Athleticeko emakumeen taldea martxan dago honezkero, eta sekulako mailea erakusten ganera. Bizkai Buru Peñako bazkideen artean, 143 emakume dagoz. Gero eta emakume gehiago dabil futbolaren inguruan.

Bai. Beharbada, emakume talderik handiena dauen peñea izango gara, eta harro gagoz. Bermeon afizino handia dago eta emakumeak eurak dira zalerik sutsuenak. Futbol zelaietan be gero eta emakume gehiago ikusten da, eta hori gauza ona da.

10. Futboleko lehen mailan bermeotar ospetsuak doguz, besteak beste, Antonio Karmona, Alaves taldeko jokalaria eta Luis Fradua, Athletic taldeko oinarriko futboleko arduraduna. Bermeon afizino handia dago.

Nik ez dakit zergaitik ez dan bermeotarrik heldu Athletic talde nagusira, baina gazteen artean asko dabilz: Bilbao Athletic taldean Endika Bordas esaterako; Baskonian Tarantino, jokalari internazionala eta, oso oker ez banago, Europako txapelduna izandakoa; txikiagoetan Telletxea, ondo dabilen mutila. Arrantzaleen herria izan arren, asko gara Bermeon futbola maite dogunok.

11. Athletic taldeak 303 peña ofizial ditu eta urtero egiten da peñen kongresua; aurten Zallan izan zan. Zelakoak dira peñen arteko hartu-emonak?

Peñen artean ondo konpontzen gara. Biltzar nazionalean gorabehera edo tirabira batzuk badagoz egon, baina peñen arteko giroa oso ona da. Datorren urtean Almuñecarren izango da peñen kongresua, eta ordurako giroa baretzea espero dot.

12. Tituluak irabazteko Athletic taldeak kanpotarrak fitxau beharko leukezala pentsetan dozu?

Ez dot pentsetan. Denporeagaz ikusiko dogu bakotxa bere lekuan. Noiz ez dakit ,baina nik esango neuke Athletic taldeak kanpotarrak fitxau barik be irabaziko dituala tituluak barriro. Athletic taldeak bere filosofiari eutsi behar deutso. Futbol arloan, inoiz baino diru gitxiago dago, aurten fitxaje gitxi egon da taldeetan eta Athletic etorkizuna preparetan dago talde nagusian gazte asko sartuta. Pazientzia behar dogu, ez gaitezan larritu. Lezaman egiten dan beharragaz aurrera egingo dogu seguru.

13. Oraintsu hasi dan liga txapelketaren amaieran, zein postutan ikusiko dogu Athletic?

Pasa dan urtean baino hobeto. Denporaldia hasi baino ez da egin eta mundu guztia nerbioso dago. Konpromiso gogorrak izan ditu Athletic taldeak hasikera honetan eta Alaves taldeak esaterako, itxuraz behintzat arerio errazagoak izan arren, Rayo Vallecano eta Racing, lehenengo jardunaldi biotan puntu bakarra lortu dabe.

14. Bou Bizkaia, Bermeoko traineruaren aurtengo denporaldia sekulakoa izan da. Datorren urtean, Josean Olaskoaga entrenatzaile barriagaz ze itxaropen dago?

Itzela izan da Bermeoko traineruak aurten egindakoa. Andramarietako estropadan inoiz baino jente gehiago egon da aurten. Josean ez dot ezagutzen, Patxi bai, mutil ona. Nik pentsetan dot ondo ibiliko dirala datorren denporaldian be. Urteakaz taldea sendotzen doa eta denporaldi honetan ikusi ez doguna, beharbada datorrenean ikusiko dogu.


Labur-labur:

•Athletic:

- Athletic taldea 1898. urtean sortu zan.
- Gaur egun 33 milatik gora bazkide ditu.
- Palmaresa: 8 liga / 24 kopa / superkopa bat.

•Bermeoko Bizkai Buru Peñea:

- 1997ko urriaren 14an sortu zan.
- Inaugurazino ofiziala: 1998ko urtarrilaren 27an.
- Egoitzea: Andeko tabernea (Lameran).
- Athletic taldearen peñarik handiena da (509 bazkide).

•Athletic taldearen peña ofizialak: 303

- Bizkaian: 157
- Gipuzkoan: 18
- Nafarroan: 10
- Araban: 8
- Lapurdin: 1 (Miarritze).
- Espainian: 100
- Italian: 2 (Bologna eta Godiasco/Pavia).
- Mexikon: 2 (Mexiko D.F. / Toluca).
- Venezuelan: 2 (Caracas / Vargas).
- Suitzan: 1 (Düdingen).
- Bretainia Handian: 1 (Gibraltar).
- AEBetan: 1 (Florida).

Koldo Isusi Zuazo