Ekialdeko Timor (I)
Dili ez da Asiako ganerako uriburuen antzekoa. Berrehun mila biztanle inguru bizi dira bertan eta Nazino Batuen indarrak dira nagusi baita herrialdearen behin-behineko gobernuan be. Prozesua ez da erraza. Ekialdeko Timor herrialde moderno eta demokratiko bihurtzea da asmoa baina bertako herritarrak ia-ia historiaurrean bizi dira. Kontuak kontu, Dilin Bangkok edo Hong Kongen baino turista gehiago dabiz. Ekialdeko Timor nazinoarteko laguntzinoaren pentzutan bizi da eta, beraz, Dili uriburua aberastasunaren oasi bihurtu da, errealidadeagaz bape zerikusirik barik. Nazinoarteko erakundeetako beharginak lasaitasunaren bila joaten dira uriburura behin-behineko gobernuaren eregite prozesu gogorra ahaztuteko gogoagaz. Elektronikako zein zineko azken barrikuntzak pirateautako DVD formatoan topetea erraza da eta gastronomia arloan be danetarik dago baita Europako zein Australiako jatetxeak be. Arratsaldeetan UNMISET (Nazino Batuen Zeregin Berezietarako Unitatea) matrikuladun lur orotarikoak atzera eta aurrera ibilten dira uriburuko kaleetan.
Uriburutik kanpo, Ekialdeko Timorreko bizilagun gehienek herrialdea daborduko independientea danik be ez dakie. Gehienei ez deutse ardura. Nahikoa burukomin daukie bihar-etzi jateko zer eukiko daben pentseteagaz. “Herritar askok Indonesiara salto egin gura izaten dau ezelako agiririk barik" Horixe dinosku Diliko Indonesiako enbaxadako behargin batek, “ez dira konturatzen lehengo ohiturak ez dabela balio gaur egun”. Independiente diranik be ez dakie, ezta euren presidentea nor dan be. “Behin-behineko gobernuaren zeregina nekosoa da, izan be, herrialdean ez dago oinarrizko azpiegiturarik eta herritarrak ez dira egokitu sasoi barrietara”.
Bigarren atalean, Ekialdeko Timorreko historia jorratuko dogu, gaur egungo egoerea ahaztu barik.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Planetako herrialderik gazteenean sartuko gara buru-belarri eta hiru zatitan independentziaren amesa errealidade bihurtu dauan herrialdearen egoerea aztertuko dogu.
Emoten dau denporea geratu egin dala. Haizerik ez dabil, eguzkia goi-goian indartsu eta jentea be geldi. Jauberik bako lurra, Indonesiako aldearen eta Timor ugartearen arteko metroak eta planetako estadurik gazteena: 2002ko maiatzaren 20an jaiotako Ekialdeko Timor. Mendebaldean inmigrazino bulegotzat eregitako txabolak eta mugea dagoz eta indonesiar uniforme zahar eta kolorerik bakoakaz jantzitako polizien beharleku dira. Ezelako gogo eta adore barik emoten dabez orduak eta gure pasaporteak eta maletak ia-ia begiratu be ez dabez egiten. Ekialderantza metro batzuk aurrerago, barriz, alanbre-hesi bildurgarriak eta metrailadoreakaz ondo hornidutako torre sendo eta altuak dagoz, beste herrialde baten ataria da eta ingurua jagoten dagozan soldaduek ez dabe bape tratu onik eskaintzen. Bildurra eragiteko moduko arpegikereagaz, pasaporteak eta maletak zehaztasun handiz begiratzen deuskuez.
UN siglak edonon agiri dira: eraikinetako fatxadetan, militarren kasko urdinetan, bisa agirietan. Nazino Batuen indarra berebizikoa da. Ekialdeko Timorren sartzeaz bat, herrialde aurreratua eta modernoa dala pentsauko dogu baina errealidadea bestelakoa da.
Mugea pasau eta berehala, bata bestearen atzetik ikusiko doguz azpigarapenaren irudiak. Orduak pasauko dira labezomorro eta beste insektu batzuez ganezka dagoan autobus txiki bat bidaiariez betetako eta horixe da Dili uriburura joateko bide bakarra. Bertakoek autopistea esaten deutse baina izena da bat eta izana beste bat. Esandako moduan, bidaiariak pizti eta era guztietako trasteen artean egin behar dau bidaia. Oilo bildurti bat kakaraka dago baina arto garauz betetako zaku bat lehertu dau gainean jesarri dan batek eta goseak ikarea desgeratarazo deutso. Atzealdean ume bat negarrez dago eta amak titia emon deutso. Euren alboan dagoan andra bat mareatu eta gonbituka hasi da. Leihoa edegiteko astirik barik barruan geratu da ‘pastela’. Hatsa sekulakoa da. Autobusaren sabaian, kanpoaldean, eguzkiagaz ez kiskaltzeko palmera orriakaz tapauta txarri bat irrintzaka doa. Txilioak barru-barruraino sartzen dira.
Autobusaren leiho zikinak eskuagaz garbitu eta herrialdeko 800.000 mila lagun gehienen bizileku diran herritxuak ikusten dira. Etxeak banbu, galtzu eta egurrez egindakoak dira eta errepide bazterretan sakabanatuta be badagoz. Sekulako hauts hodeia altzetan dauan autobusa ikusten, ume piloa hurerratzen da biluzik eta ortozik. Batzuetan, autobusak geldialditxua egiten dau armaz jositako kasu urdinen ibilgailu blindatuakaz gidatutako Nazino Batuen Erakundearen giza-laguntzinorako konboiei enbarazurik ez egiteko. Zeozelako kontraesana dago herrialdean: alde batetik, tresneria eta baliabide ugari nazinoarteko laguntzinoa zabaltzeko eta, bestetik, eboluzionau barik geratu diran herritarren pobrezia.
Portugaldar kolonia, ekialdetik mendebaldera, kostaldetik zeharkatzen dau errepideak. Paisajea ikusgarria da. Asiako hego-ekialdeko landarediarik ez da agiri eta lur gorria eta harriak dira nagusi; tarteka landare txiki batzuk baino ez dagoz. Kolore gorriaren eta itsasoaren urdin kolore sendoaren arteko kontrastea ederra da. Hondartzak ikusgarriak dira eta hutsik dagoz ganera. Uretan sartu eta hur-hurrean kolore guztietako arrain eta koralak ikus daitekez. Paradisu turistiko zoragarria. Dana dala, gure bidaideei begiradatxu bat bota eta berehala jaubetzen gara premina gorrian bizi dirala, herrialde jaiobarria dala eta bizirauteko upealako ahaleginak egin behar dabezala. Ekialdeko Timor mundu berezia da, denporan galduta dagoana, lehenaldiaren eta etorkizunaren artean, orainaldirik ezagutzen ez dauana.