Sarean  IV. urtea // 98. zenbakia

Internet&Euskadi elkarteak on line jarri ditu EGA lortzeko gainditu beharreko atariko frogak


Bizkaie!

Internet&Euskadi alkarteak Euskerearen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko gainditu behar diran atariko frogak http://www.interneteuskadi.org/euskara/ega helbidean jarri ditu. Danetara, zazpi urteko azterketak kontsultau daitekez aitatutako webgunean, urte bakotxeko bi edo hiru froga, hain zuzen.

Internet&Euskadi elkarteak garatutako aplikazinoak galderen erantzun zuzenak zein diran jakitea ahalbidetzen dau eta azterketetan iminten diran zenbait audio zati be entzun daitekez. Ikasketa prozesurako eta EGA azterketea gainditu gura daben guztientzat oso tresna erakargarria.

Aplikazinoa XML eta HTML formatu edegiak erabiliz programauta dago eta edozein nabegatzailetan ikus daiteke. Gauzak holan, javascript-a aktibauta eukita aitaturiko atariko frogak egin daitekez, ezelako programa berezirik instalau beharrik barik. Horrezaz gan, ariketa bakotak ez dau 100 Kb baino gehiago beteten.

Internet&Euskadi elkartea proiektu honi jarraipena emongo deutsen beste hainbat lan egiten dabil eta berbarako, 2003ko eta 2004ko testak sartzen ari da eta material horregaz CD bat osotu gura dau; proiektu horerri ahalik eta zabalkunde handiena emon gura deutso.

Idatzizko azterketak be gehitu gura ditu eta falta diran audio pistak bilatu eta MP3 formatura pasetea aurreikusten dau. Lan horreek danak ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailak EGA azterketak erabilteko eskubidea emon deutso alkarteari.

Aplikazinoa doban erabil daiteke aitatu webgunean. Proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzinoa jaso dau. Fidenet enpreseak proiektuaren zati bat egin dau baina lanaren zati handiena boluntarioek egin dabe.