Barriketan  IV. urtea // 98. zenbakia

Iñaki Altuna: 'herritarren babesik barik ez da irratirik izango'

Azti-Begia alkartearen ekinbidez irrati bat sortzeko proiektuaren zuzendaria da Iñaki Altuna. Kazetaria da eta egitasmo guztien hasieran derrigorra izaten dan ezaugarria dauka: ilusinoa. Irrati barriaren eta, oro har, irratigintzearen egoerearen ganean, honeek dozuez Altunaren berbak.

1.- Euskal Herria oinarri eta Euskal Herri osoarentzat izango dan irrati bat egiteko proiektua martxan jarri dozue. Hasiera baterako, zein helburu finkatu dozuez?

Ahots barria Euskal Herrian, edonon, eskuragarri jartea, eta gitxieneko programazino bat eskaintzea. Kalidadekoa, jakina. Hortik aurrera, apurka-apurka hobetzea eta bidea egitea dogu helburu. Jaubetu behar gara emisinoa edonon entzungai jarteko teknologia barriak erabiliko doguzala, izan be, gure azken helburua FMtik zabaltzea bada be, horretarako behar diran baimenak eta ganerakoak emotea erakundeen esku dago. Horreengana be joko dogu, gure ahotsa zabaltzeko bidea emon dagien. Bien bitartean, esan dodan legez, ez gara geldirik egongo, beste bitarteko batzuen bidez gure ahotsa zabaltzeko asmoa baitogu Euskal Herri luze-zabalean.

Azken batean, bide bi jorratuko doguz. Alde batetik, dialean lekua eskatu eta, modu honetan, frekuentzien egoerearen ganeko eztabaidea biztuko dogu. Izan be, guk uste, gaur egungo egoerea arduratzeko modukoa da. Enpresa boteretsuek bereganatu dabe diala, eta ez dira, ez, Euskal Herriaren nortasuna defendiduten daben proiektu komunikatiboak. Herri irratien lana –lekuan lekuko irratiak, irrati libreak– txalogarria izan arren, ezin ukatu nagusitasuna beste nonbaiten dagoala. Hori ez da inondik inora aitatzen dan euskal gizartearen pluraltasunaren isla. Azken batean, pluraltasuna aldarrikatzera be bagatoz.

Jorratu gura dogun bigarren bidea gure irrati proiektua errealidade bihurtzea da. Ezin gaitekez aldarrikapen hutsean geratu eta, horregatik, gure indarren arabera bidea egiten hasiko gara, eta bidean aurrera egin ahala lortuko doguz gure azken helburuak.

2.- Interneten erabilerea zabal dabilela ezin leiteke ukatu eta zuen irratiak be, hasiera batean behintzat, teknologia barri honek erabiliko ditu zabalkunderako. Erraza izango ete da gero FMrako pausua emotea?

FMra pausua emoteko eskubidea eskatzen dogu. Gero, gerokoak. Teknologia barrien bitartez lehen pausu bat emongo dugu, astiro-astiro aurrera egitearren. FMra heltzeko aukerea sortzen danean, bestelako arazoak izango doguz –berbarako, seinalea zabaltzeko behar dan tresneria erosteko dirua–, baina, aldi berean, aukera barriak edegiko dira eta orduan lehikorragoak izateko aukerea izango dogu.

3.- Gaur egungo jokerea irratia Internet bidez entzutea bada, zergaitik FMrako salto hori?

Irratiak masiboa izan behar dau. Teknologia barrien bitartez, irrati bat Euskal Herri osora heldu daiteke, baina irrati hori entzun ahal izateko entzuleek teknologia horreek lortzeko gaitasuna euki behar dabe. Horregaitik, gure asmoa FMra heltzea da, eta azken helburua, horretarako baimen guztiak izatea eta normaltasun osoz jardutea irratigintzan.

Internet edota bestelako teknologia barriek FMa ordezkatu daikienik esateko oso goiz da oraindino. Ez dakigu hori inoz pasauko ete dan. Holan balitz, dudarik ez izan enpresa handiek horretara jo izango ebela honezkero. Ez gaitezan engainau, Euskal Herrian komunikazino arlo propio bat osotzeko, euskal herritarrak informetako eta gizartea euskal nortasunaz bustitzeko FMa beharrezkoa da gaur egun.


4.- Egitasmoak irratigintza arloko hainbat personen babesa jaso dau. Babes ekonomikoa be ezinbestekoa da honelako egitasmo bat martxan iminteko. Zeintzuk izango dira diru-iturriak?

Normala dan legez, ilusino handia dogu, baina diru gitxi. Horregaitik, lehenengo eta behin, Euskal Herria aintzat hartzen daben beste proiektuakaz alkarlana bultzatu gura dogu, besteak beste, gastuak ahalik eta txikienak izateko. Halan da be, derrigorrez, diru-iturriak beharko doguz, eta horreek lortzeko proiektuaren beraren izaerara jo behar dogu. Herritarra da proiektua eta, beraz, herritarrengana joko dogu. Horreen babesik barik–babes ekonomikoa be– ez da irratirik izango. Orain, proiektuaren egokitasunaz ahalik eta jente gehien jaubetzea espero dogu. Horretan egingo dogu ahalegina, ahaleginak eta bi.

5.- Euskal Herri osorako egitasmoa izanda, ezinbestekotzat jo dozue herritarren babesa irratiak aurrera egin dagian. Uste dozu laguntzino hau nahikoa izango dala proiektua sendoa izan daiten?

Esan dodan legez, gaur egun martxan diran beste proiektu batzuen laguntzea be espero dogu. Alkarlana modu askotan egin daiteke. Guk danetarik behar dogu: azpiegiturak, informazino iturriak, tresneria... Horreek lortzeko izan geinken laguntzino guztia bene-benetan eskertuko dogu. Baina barriro be nabarmenduko neuke, herritarren babes hori barik irratiak ezin izango dauala argia ikusi hurreko etorkizunean. Argi adierazo gura dogu horregaz ez deutsegula egitasmoa aurrera ataratearen erantzukizuna herritarren esku itxi gura, hori sustatzaileon ardurea baita, baina ezinbestekotzat joten dogu herritarren sostengua, lehenik eta behin, izakera herritarra dauan egitasmoa ahalbideratu gura dalako.

6.- Oro har, kazetaritzearen egoera eta, zehatz, irratigintzearen osasuna ona dala esango zeunke?

Euskal Herrian hedabide eta kazetaritza propioak izateko asko egin bada be, oraindino sekulako bidea egiteko dagoala begi-bistakoa da. Gehiago esatearren, kontua ez da proiektu jakin bat gauzatzea edota kazetaritza maila onargarria lortzea holako hedabide jakin batean. Euskaldunok arlo komunikatiboa behar dogu, eta hori lortzeko gauza asko behar dira: hedabideak, banaketa enpresak, errotatibak, publizidade enpresak, irrati frekuentziak, telebista baimenak... Euskal kazetaritzearen eta, zehatz esatearren, irratigintzearen osasuna bertan dabizanen ilusinoari eta gogoari esker da ona, baina, halan da be, ez gaitezan engainau: bidearen erdia be ez dogu egin.

7.- Edozein komunikabideren oinarrian, bai idatzizkoa, entzunezkoa ala ikus-entzunezkoa izan, erispide editoriala dago. Zein da zuena?

Irrati nazionala egin gura dogu, Euskal Herria hizpide eta erispide izango dauana. Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen alde egingo dau, beti be oinarri aurrerakoiei eutsiz, esplotazinoaren kontra eta parekidetasunaren alde. Euskal Herria euskerearen herria izanik, euskerearen ofizialtasunaren alde be egingo dogu. Ezin dogu ahaztu, ganera, gure herriak aspalditik gatazka gordina sufritzen dauala. Gure jarrerea garbia da: gatazka politikoa da eta, beraz, urtenbide politikoa emon behar jako konpontzeko. Urtenbide demokratikoa.

8.- Euskadi Irratia - Radio Euskadi monopolioa apurtzea da zuen helburua?

Proiektu jakin baten beharra ikusi dogulako jarri dogu martxan egitasmoa, ez inoren kontra joteko. Halan da be, alkarrizketa askotan galdetu deuskue ia EiTBko kateek ez ete daben irrati nazionalaren beharra beteten daborduko. Hortik etorri da gure kritikea monopolioen asmoari. Eztabaidagarria izan daiteke EiTBk Euskal Herria behar beste aintzat hartzen dauan, edota erreferentziak beste batzuk diran. Halan da be, guk ez dogu eztabaida hori biztu, baina irrati publikoak izanda, holako eztabaidak beti interesgarriak izaten dira. Guk esaten doguna hau da: EiTB ezin daiteke Euskal Herri osorako “euskal erreferentzia” bakartzat hartu. Horrek ez dau pluraltasuna ordezkatuko. Gasteizko Jaurlaritzea, besteoi baimenak ukatuz monopolio hori indartzen saiatzen bada, interes politiko zehatz batzuk ostentzen dituala pentsau beharko dogu.

9.- Egitasmo bat martxan jartean, zehazten dan lehenengo gauzetariko bat izena izaten da. Zein izen hartuko dau irratiak?

Sinistuko ez badeustazue be, ez dago oraindino izenik. Egia esan, irratia be ez dago-eta... Horretan be ekarpenak jasoteko prest eta zabalik gagoz.

10.- Noizko entzun ahal izango dogu?

Proiektu hau modu progresiboan garatu beharko dala esan gendun. Lehenengo, horren beharra zabaldu gura dogu, eta horretan gagoz. Ondoren, proiektua egiteko beharko diran konpromisoak, zehaztasunak, betebeharrak eta ganerakoak azalduko doguz. Bidea zelan egin behar dan zehaztu beharko dogu. Eta azkenik, dana ondo badoa, irratia bera egiteko ordua helduko da. Beraz, fase horreek egin ahala jakingo dogu noiz kaleratu ahal izango dan irratia. Halan da be, erispide garbi bat dogu: ekimen hau ezin daiteke eperik barik egin. Aurrerapausurik barik hilabeteek aurrera egiten badabe, ekimena urtu eta alperrik galduko da. Beraz, datozan hilabeteotan egitasmoaren egokitasuna edo egokitasun eza aztertu beharko dira, zirt edo zart. Holan, hilabete batzuen buruan egin beharko da irratia, bestela ez da izango.

11.- Azti-Begia alkartea dago irrati-egitasmoaren oinarrian. Epe luzera, beste proiekturen bat daukazue esku artean?

Oraingoz nahiko eta sobran dogu hasitakoagaz eta berau gauzatzeagaz.

Saioa Torre Gereketa