Arraunlaritzea krisian?
Bou Bizkaia, 2002ko euskal trainerurik onena
Arraunlaritzea: kirolik gogorrena
Gaur egun kiroltzat hartzen dogu, baina antxina, gaur egungo arrantza-ontzirik ez egoanean, arrantzaleak arraunean joaten ziran arrantza lekuetara itsasoaren, haizearen eta denporalearen bildur barik. XIV. gizaldia baino lehen baegozan arrantzarako traineruak eta orain dala 268 urtekoa, 1719ko garagarrilaren 22koa da lehen estropadearen ganeko aitamena; hain justu be, Bermeoko eta Mundakako traineruen arteko lehia izan zan Izaro uhartearen jaubetzea jokatzeko. Estropadea Bermeok irabazi eban. Gauzak goitik behera aldatu dira. Arraunlaritzea kirol olinpikoa be bada gaur. Alde fisikoari jagokonez, kirolen artean gogorrenetakoa, gogorrena ez esatearren, arraunlaritzea da. Jakina, tosta finkoa eta mobila bereiztu behar dira. Euskal Herrian tosta finkoko arraunlaritzea da gehien praktiketan dana eta zalerik gehien dauen modalidadea. Halan da be, salbuespenak salbuespen, erakundeek eta etxe babesleek ez deutsie kirol honi jaramon larregirik egiten, eta gero eta gazte gitxiago dabil arraunean. Panoramea ez da bape itxaropentsua baina, urtero legez, aurten be milaka lagun izan ziran Donostiako Badian urteko hitzordurik garrantzitsuena ikusten.
Azken urteotako gorabeherak
Sasoi bateko Sestaoko Kaiku-Bizkaitarra, Santurtziko Sotera edota Zumaiako Telmo Deun handiak gura eta ezin dabilz azken urteotan, Sotera apur bat hobetotxuago baina lar ondo ez, bolanderak botateko lain ez behintzat. Jose Luis Kortak Castroko traineruaren ardurea hartu arte, Gipuzkoako ontziak ziran nagusi: Pasai Donibane, San Pedro, Orio...; kontuak kontu, igazko eta aurtengo denporaldiotan, Kantabriako traineru baten nagusitasuna, Kastroren nagusitasuna sekulakoa izan da.
Aurtengo arraunlaritza denporaldia oraintsu amaitu da, eta balantze laburrean izen bi azpimarratuko doguz: Kastroko La Marinera eta Bermeoko Bou Bizkaia. Kastron Jose Luis Korta entrenatzaile, arraunlari eta patroi beharretan dabilenetik jaun eta jabe dogu La Marinera trainerua. Igazko bidea ondo ikasita, aurten, sari asko hartuta eta, besteak beste, Kontxako Banderea eta Euskal Ligea irabazita, onenak izan dira Kortaren mutilak.
Bou Bizkaia
Euskal traineruen artean, ostera, aspaldiko partez, aurten Bizkaiko traineru bat izan da izarra: Bermeoko Bou Bizkaia hain zuzen be. 1975ean Bermeoko Arraun Alkartea sortu aurretik be, 1889. urtean, 'Manuelita' eta 'Palmira' traineruak onenen artean ebilzan; 'Belalamera' eta 'Itxastxori' geroagokoak izan ziran eta 'Bou Bizkaia' 1993an erosi eben. Arraunlarien faltan, 90. hamarkadan lau urtetan trainerurik atara barik egon ondoren, azken urteotan ez dabe etenik izan goranzko joera edo progresino horretan, eta 2002ko denporaldian, trainerilletan hiru bandera eta traineruetan zortzi bandera irabaztea, Kontxan bigarren egitea eta Euskal Ligako hirugarren postuan geratzea ez da bromea.
Bide batez, esan daigun Josean Olaskoaga Aixperro izango dala Urdaibaiko entrenatzailea datorren denporaldian. Oriotarrak urte bi daroaz Bou Bizkaian arraunean eta aurrerantzean eginkizun biak beteko ditu. Patxi Bilbaoren ordezkoa 28 urtekoa da eta Kontxa hiru aldiz irabazita dago (96, 97 eta 98an). Ondoren, arrauna baztertu eta aizkolaritzeari ekin eutson eta aurten Gipuzkoako 2. mailako txapeldunordea izan da. Urdaibaigaz azken denporaldi biotan dabil arraunean.
Castro-La Marinera
- Zorionak aurten egindako beharragaitik. Korta eta arrakastea ondo buztartuta dagoz azken urteotan, baina zeintzuk dira Jose Luis Kortaren eta Kastroko La Marineraren sekretuak?
• Jose Luis Korta (Kastroko traineruko entrenatzailea, arraunlaria eta patroia):
Eskerrik Asko. Pozarren gagoz; aurtengo denporaldiaren balorazinoa oso ona da. Espainiako txapelketak alde egin euskun, baina bestela denporaldi ederra egin dogu, euskal ligea eta 13 bandera irabazi doguz eta. Ganera, denporaldia oso polita izan dala esango neuke, igazkoa baino hobea; igaz Orio eta Kastroren arteko burrukea ikusi genduan uda osoan zehar eta aurten indarrak parekatuta ikusi dodaz: Pasai Donibane, Kastro, Orio, Urdaibai eta Astilleroren artean. Bermeotarren beharra azpimarratu gura neuke.
Zoritxarrez, aurten bizi guztian ikusi dodan maniobrarik motzena ikusi dot BBK estropadan: Orioren abordajea argi ikusten da irudietan be, eta bakotxak atara daizala ondorioak; kontua da pekatua egin ebanari emon eutsiela saria. Askotan esan dot euskaldunen gaixotasunik handiena inbidia dala eta horri eusten deutsat. Hori bai, besteek egiten dabenari begiratu barik, beharra eta beharra da nire sekreturik handiena: Arraunlariei eskatzen deutsedana neuk egitea.
Oso pozik, neure saltsan nabil Kastron eta arraun alkartekoei datozen lau urteetarako berbea emon neutsen bere momentuan.
Bermeo-Urdaibai-Bou Bizkaia
- Zorionak. Aurten maila ederra erakutsi dozue, baina tarte txikia faltau jatzue Kontxa edota Euskal Ligea irabazteko. Aparteko beharra edo zer falta da Bizkaiko traineru bat goi-goian ikusteko?
• Patxi Bilbao (Bermioko traineruko entrenatzailea):
Bai, oso pozik gagoz egindako beharragaz. Aurtengo denporaldiari gainbegiradea egin ezkero, duda barik, Kastro izan da nire eretxiz trainerurik onena. Dana dala, nik esatea lar ondo ez badago be, Bizkaiko eta Euskal Herriko traineruen artean, Urdaibai izan da onena.
Aspaldiko partez, goi mailara heldu gara eta esan behar da urte asko pasau dirala Bizkaiko traineru bat barriro handienakaz burrukan ikusteko. Bazan ordua!. Egia da oraindino mailatxu bat igotea falta jakuna; Kontxa irabaztea eskura izan genduan, tarte txikia egon zan eta; beraz, horixe izango da Urdaibairen hurrengo helburua, datorren urteko helburu nagusia. Urdaibaik talde oso ona dauka eta aurtengo esperientzia baliogarria izango da helburu hori lortzeko. Hori bai, nahitaezkoa da urteetan lortutako esperientziari eta talde beharrari eustea; esan gura dot oso garrantzitsua dala aurtengo denporaldiko arraunlariek beste pare bat urtetan hutsik ez egitea.
Dakizuenez, nik ez dot jarraituko Urdaibain aurtengo denporaldia amaitu eta gero, baina talde osoari eta Josean Olaskoaga entrenatzaile barriari suberterik onena opa deutset. Azkenik, arraun alkarte barruko zein kanpoko guztiei, danoi eskertu gura deutsuet emon deustazuen laguntzinoa. Aurrera beti.
Lekeitio-Isuntza-Lekitxarra
- Zorionak. Isuntza Arraun Alkarteak 25. urtebetetzea ospatu dau aurten eta Lekeitioko traineruak denporaldi polita egin dau.
• Santi Zumaran (Isuntza Arraun Alkarteko presidentea):
Eskerrik asko. Ganerakoen mailea ikusita, Isuntza Arraun Alkarteak denporaldi oso ona egin dau 25. urtebetetzea ospatzen gagozan urtean. Urte honeetan guztietan, alkartean eta alkartearen alde nabarmendu diran guztiek aupada berezia merezidu dabe: Jose Mari Basabe, Julian Arrate, Josu Aboitiz, Jesus Alzibar, Juan Luis Urrutia... .
Hamar miloe eskaseko aurrekontua erabili dogu aurten eta aurrekontu txikieneko alkartea gara. Arraun Alkartean 1.200 gara bazkideak eta oraintsu martxan ipinitako Isuntza, Soziedade Gastronomiko-Kulturalean gaur egun 226 lagun gara. Kirol arloan, pozik eta itxaropentsu gagoz; seniorretan 22 laguneko plantilea dogu, gehienak Lekeitiokoak, Elantxobekoak bi, Portugaletekoak hiru eta Santurtzikoa bat. Ganera, infantil eta kadeteetan 54 mutil doguz eta gazte mailan 7. Aurten, traineruetan Mutrikuko banderea irabazi dogu eta beste estropada batzuetan oso gitxi faltau izan jaku irabazteko; bateletan be polito ibili gara eta seniorretan Bizkaiko Txapelketea irabazi dogu.
Aurten, 25. urteurrena tarteko, Isuntza Arraun Alkartearen historia liburua eta bideoa be aurkeztu doguz: Iñaki Goioganak egin dau liburua eta Iñigo Agirrek bideoa. Dokumentu ederrak dira benetan. Pozik egoteko arrazoiak asko beraz, eta etorkizunari be ez deutsagu bildurrik.
Kazetaritzea
- Kontxan eta Euskal Ligan Kantabriako traineru batek irabazi dau. Arraunlaritza munduan, nahaste eta polemika larregi dagoala pentsetan dozu?
• Ramon Basaldua (Bizkaia Irratia eta Euskaldunon Egunkariako kazetaria):
Amaitu barria dan traineru denporaldiaren balorazinoa egiterakoan garbi dago Kastroko trainerua izan dana nagusi ganerako aurkari guztien ganetik. Jose Luis Kortak zuzenduriko koadrilea izan da erregularrena Euskal Ligan –erraz irabazi dau ganera– eta Kontxako banderan nagusitu da. Euskal Herriko traineruen artean sekulako lehia egon da Urdaibai, Orio eta Pasai Donibaneren artean, baina beti be Kastroren gerizpean, Ligearen azken zatian batez be.
Batzuen ustez, Kantabrian arraunketea asko garatu da eta Euskal Herrian, barriz, atzera egin dau. Jazotakoa ondo aztertuta, ez dau emoten holan danik. Hasteko, Kastroko traineruaren arrakastearen oinarri nagusia Euskal Herrian dago, Jose Luis Korta entrenatzailea eta beste zazpi gizon euskaldunak diralako.
Arraunketea erdi-profesionalizazino prozesuan sartu da, eta urterik urtera gero eta gehiago dira arraunlarien fitxaketak. Alde horretatik, Kantabrian diru asko sartu da arraunketan eta euskal arraunlari ugarik onartu egiten ditue handik eginiko eskaintzak. Datorren denporaldian Kastron gitxienez beste hiru euskal arraunlari izango dira, Hernaniko Goñi anaiak hain zuzen be. Kontua da, eta arduratzeko modukoa benetan, arraun talde gehienek ez dabela harrobia jagoten eta ondorioz gero eta arraunlari gitxiago dago. Kontuak kontu, arazoa ez da Kastrok Kontxa irabaztea, arraunlari gazterik ez egotea baino.
Koldo Isusi Zuazo