Eretxia  IV. urtea // 97. zenbakia

Benetako maitasuna betirako da


IƱaki Atxutegi

Batek baino gehiagok esango deust okerreko lekura bialdu dodala aste honetako artikulua. Hau ez da "Kaixo!" "Hamar minutu" ala "Astea". Kontu arrosak ez dagozala Bizkaie! rako eginda pentsauko dozue zuetako askok. Baina tira, nire lagun batek esaten dauanez, eretxiak jentaurrean emotea bihotza biluztea lakoa da. Hortaz, Galeseko Printzearen ganean daukadan eretxi ona plazaratu gura dot. Baina erne! Ez daitela inor nahastau. Ez naz monarkikoa. Ez dot uste familia jakin batean jaioteagaitik inork agintaria izateko eskubiderik daukanik. Baina personaiaren atzean dagoan personea sano interesetan jat zenbait kasutan, eta hauxe da horreetako bat.

Argi dago Charles ez dala glamourrez beteriko personea. Hain zuzen be, jentaurrean agertzen hasi zanetik, personea baino, haren karikaturea ezagutu genduan. Irudiak ez deutso larregi lagundu, egia esanda. Karikatura lar erraza dauka. Ingalaterrakoa belarri handiko printzea dala esate hutsagaz harek esan eta egindako guztia hankaz gora botaten dogu. Sinplekeriak bultzatuta, hamaikatxu txiste egin izan dira haren bizkar gupida barik. Topikoari lotuta, gizon arraro bat baino ez dogu ikusi. "Gona eskoziarra jasten ekitaldi ofizialetan!!" esaten dogu barreari eutsi ezinda.

Topiko eta txiste horreek ezkutau egingo deuskue Charles printzea arduratu izan dala gaur egungo arazo batzueetaz, berabarako, jakien kalidadea edo arkitekturea. Bat etorriko gara gehienen eretxiakaz ala ez, baina ezin da esan Ingalaterrako tronuaren oinordekoa txoriburu fribolo eretxibakoa danik. Kontu publikoen ganean eretxi sendoak daukazala argi dago. Eta ez dakigu gauza bera esan leitekean Europako beste errege-erregin edo printzeen ganean.

Kontu publikoak albo batera itxita, haren bizitza pribaduaren ganean be, ezin da dudan imini badaukala nortasun propioa. Eta horixe da, hain zuzen, egunotan titularretara ekarri izan dauana, haren eta Camillaren artekoa benetako maitasun istorioa da eta.

Bere sasoian, egin beharreko ezkontza egin eban, bihotzak eskatzen eutsona egin barik. Badakizue odol urdineko familiek behar bereziak daukiezala, guk plebeiook ez daukaguzanak. Denok ezagutu izan dogu Lady Di 'hiperglamourosearen istorioa'. Neska ederra, gaztea eta inuxentea zan Charles Galeseko Printzegaz ezkondu zanean. Seme bi izan ebezan eta hortik denpora batera banandu egin ziran.

Hareen ezkontzea egundoko jazoera mediatikoa izan zan, mundu osoan zehar zabaldu zana. Lady Diren bizitzearen nondik norako guztiak ezagutu doguz. Esan izan dogu Diana Spencer inuxentea zala ezkondu zanean. Esan behar dogu, baita, ikasle bikaina izan zala medioak erabilteko orduan. Kontuak kontu ezkontza hori pikutara joan zan, eta hori arrazoi nahiko izaten da kontu arrosen inguruan dabizen tradizinonalen haserreak erakarteko.

Baina ez zen holakorik pasau, Dianak ondo jakin ebalako pasautakoaren erruaren kargea edo erantzukizuna haren senarra izandakoaren ganean iminten. Diana Spencerrek jakin izan dau urteotan kameren atentzinoa erakarten, bere irudiagaitik edota gizarte mailako arazoei haren babesa emoteagaitik. Honexegaitik uste izan dogu askok Diana zala benetako andra modernoa eta Charles antxinako momia.

Banandu ondoren, Charlesek bihotzak eskatutakoa egin eban eta Camillagaz bueltau zan. Ez zan erabagi erraza, tradizionalistek ez eutselako parkatzen dibortziau izana eta beste andra bategaz ibiltea. Eta tradizionalak ez ziran askorentzat be ulertezina zan Diana panpoxa ixtea horren ederra ez dan Camillagaz ibilteko. Zer esanik ez, Dianak Parisen izandako istripuak irudi hori areagotu egin eban.

Urte luzetan Ingalaterrako eretxi publikoa kontra izan dau, baina Charlesek bereari eutsi deutso. Seguruenik ez da inoiz errege izango, eta nire patrikarako daukat berari be ez jakola askorik ardura. Seguru nago hemetik urte askotara, Salsa Rosa eta ganerako programak historia diranean, errepublikano garenok be irribarre goxo bat egingo dogula, maitasun istorioak danoi gustetan jakuzalako.