Zinea  IV. urtea // 97. zenbakia

Meet the Fockers


Aurreko “Meet the parents” filmak eukitako arrakasta komertziala aprobetxatuz, Jay Roach-ek eta aurreko pelikulako gidoilari taldeak lau protagonista nagusien kontakizunari ostera be oratu deutsie, personaia barri eta berezi bi sartuz.

Film hau ez da ezelan be originaltasunaren eredua; izan be, seme-alabak pozik egon daitezan, estereotipo eta jokabide antagonikoei aurre egin behar deutseen gurasoen ganeko filmak nahiko arruntak izan dira zinearen historian. Baina, ganera, film honetan ez dago komikotasuna lortzeko aparteko zorroztasunik edo argitasunik.

Aurreko pelikulan egin zan lez, ale barri honetan be ikus eta ahozko gag ugariz hornidutako kontakizuna daukagu eta egileek eskuzabal jardun dabe pasarte eskatologiko eta sexual merkeak atondukeran. Beraz, imajinau daikezue zein dan film honetan erabilten dan umorea; egoeren absurdoa, esate baterako, muturretara eroaten dabe sarritan; barre eragiteko tresnak, bada, mila biderrez ikusitako azaleko ildo sinple eta arrunt batean topau gura izan dabez.

Gauzak holan, “Meet the Fockers” filma esperientzia kantsagarria baino ez da, betekada handirik eragiten ez dauan arren. Zorionez, daborduko bikotekide bien gurasoak ezagutu doguz eta ez dau emoten gehiago ezagutzeko aukerarik eukiko dogunik.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Jay Roach.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 115 minutu.
- Antzezleak: Robert De Niro (Jack Byrnes), Ben Stiller (Greg Focker), Dustin Hoffman (Bernie Focker), Barbra Streisand (Roz Focker), Blythe Danner (Dina Byrnes), Teri Polo (Pam Byrnes), Owen Wilson (Kevin Rawley), Alanna Ubach (Isabel), Tim Blake Nelson (LeFlore), Shelley Berman (Ira epailea), Max Hoffman (Woody Focker).
- Gidoia: Jim Herzfeld eta John Hamburg.
- Argazkia: John Schwartzman.
- Muntaia: Jon Poll eta Lee Haxall.