Zinea  IV. urtea // 97. zenbakia

Million dollar baby


Film honetan Eastwood-ek iraganeko zauriek zaldutako personaia batzuen argazki ederra atara dau, ikus-entzuleei min emoten jarraitzen daben errainetako orban sakonak erakutsiz.

Estilo klasiko bati segiduz, film honetako gidoia off-eko ahots zaindu eta literario batean oinarritzen da, patuaren kontra burrukan egin daben persona batzuen benetako istorioa kontetako. Eastwood-ek ez dau flash-back-ik behar, personaia guztien bizitzan harri handi baten pisua daukan iraganaren barri emoteko: nahiko da alkarrizketa argietan egindako aitamen txikerrak eta minez beteriko keinuak.

Gidoi bikainaz ganera, argi-ilunetako kontrasteez betetako argazkigintzako lan onak esanguraz betetako estuasun eta larritasun ikutuak emongo deutsoz kontakizunari. Boxeoa bizitzearen metafora modura azalduko da eta gerizak duden erakusgarri modura. Frankie-ren leloa zera da: beti babestu beharra dagoala; horrek, kasu honetan, esan gura dau eszeptizismoaren eta bakardadearen oskolaren atzean ostendu beharra dagoala.

Antzezleen jardunaren inguruan, ez dago zeresan handirik, hiru personaia nagusien beharra benetan zoragarria dalako.

Azken baten, “Million dollar baby” film gogor eta ezin hobea da, boxeoaren azpigeneroa aprobetxetan dauana, hartu-emon personal eta familiarteko dramen inguruan berba egiteko; sakontasun fatalista kutsuko film honek daborduko Urregorrizko Globo bi irabazi dauz eta zazpi Oscar sari irabazteko izentauta dago. Filmaren mailea ikusita, ez dago dudarik urregorrizko estatuatxu batzuk irabaziko dauzana.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Clint Eastwood.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 137 minutu.
- Antzezleak: Clint Eastwood (Frankie Dunn), Hilary Swank (Maggie), Morgan Freeman (Eddie Scrap-Iron Dupris), Jay Baruchel (Danger Barch), Mike Colter (Big Willie Little), Lucia Rijker (Billie), Brian O'Byrne (Padre Horvak), Anthony Mackie (Shawrelle Berry), Margo Martindale (Earline Fitzgerald), Riki Lindhome (Mardell), Michael Peña (Omar), Bruce McVittie (Mickey Mack).
- Gidoia: Paul Haggis; F.X. Toole-ren “Rope Burns”-en jasotako kontakizunetan oinarrituta.
- Argazkia: Tom Stern.
- Muntaia: Joel Cox.