Euskerea berbagai  IV. urtea // 97. zenbakia

Euskera alkarteetan parte hartzeko kanpainea abiatu dabe hamahiru alkartek


Egitaraua

- Euskal Birusa (Ermua): zezeilaren 12an, mahaitxua jarriko dabe kalean, herritarrei informazinoa emoteko.

- Pilpilean (Soraluze): zezeileko bariku eta zapatu iluntzeetan bazkide egiteko mahaiak jarriko dabez. Barikuetan, ganera, zuzeneko musikea egongo da.

- Dobera (Hernani): Hernaniko historia laburra DVDa erregalauko jako bazkide barri bakotxari. Zezeilaren 15ean, Biteri Kultur Etxean DVDaren proiekzinoa egingo da.

- Zorrizketan (Lezama): zezeilaren 25ean, Mikel Zarateren dokumentala aurkeztuko dabe.

- Iruten (Irun): martian, Irun Iruten alkartearen aurkezpena egingo dabe.

- Noaua! (Usurbil): martiaren 12an, Noaua! aldizkariaren 200. aleko jaiagaz batera, Korrika dator ospatuko dabe.

Bizkaie!

Axola (Abanto), Barriketan (Elorrio), Berbaizu (Deustua), Bierrik (Sakana), Bizarra Lepoan (Getxo), Dobera (Hernani), Euskal Birusa (Ermua), Geu (Gasteiz), Irun Iruten (Irun), Karrikaluze (Atarrabia), Noaua! (Usurbil), Pilpilean (Soraluze), eta Zorrizketan (Lezama) euskera alkarteek bazkide egiteko konbitea egin dabe.

“Zein da hizkuntza eta zapaten arteko ezberdintasuna?” izenburupean hizkuntzearen erabilerearen garrantzia nabarmendu dabe alkarteek. Erantzuna: “Zapatak erabiliaz gastau egiten dira eta hizkuntzea erabiliaz aberastu egiten da!”. Euskara alkarteen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da eta, horretarako, hainbat jarduera preparau dabez.

Estitxu Fernandez eta Kirmen Uribe dira kanpaina honetako jentaurreko bultzatzaileak. Biek eguneroko bizitzan euren herriko euskera alkarteak dauan eragina aitatu izan dabe. Fernandezek, alde batetik, Baztan eta Bidasoa eskualde osoan ikusten dan Ttipi-Ttapa telebistan hasi eban lanbide karrera oparoa. Uriberi, bestetik, Geu euskera alkarteak Gasteizen euskeraz bizitzeko eremua emon eutson.

Danetara, Euskal Herrian 9.000tik gora lagun dabiz euskera alkarteen jarduerea sustatzen. Herritarrentzako bilgune eta zerbitzuak eskaini, euskerazko jarduerak antolatu eta, azken batean, hizkuntzeari gero eta leku handiagoa emotea lortu dabe. Lagunarteko giroan, kolore eta pentsamolde askotako jentea alkartzen asmau dabe euskera alkarteek. Gaaren harian, euskerearen erabilereak baino ez daualako hizkuntzearen beraren biziraupena bermatzen, euskera alkarteei babesa emotea nahitaezkoa da.

Gaur egun, euskera alkarteek zenbait arlotara zabaldu dabez euren zerbitzu eta jarduerak. Ume eta gazteak, kulturea, komunikabideak etab. Herrietan eta euskerearen erabileran daben eragina gero eta indartsuagoa da. Horregaitik, herriko euskera alkarteetan parte hartzeko konbitea luzatu gura izan dabe.