Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 97. zenbakia

Kiotoko protokoloaren ostean, zer?


”Asmo handiak daukaguz”

Ingurumen komisarioak, Stavros Dimas-ek, ukatu dau Batasuneko presidenteak jarrera hau albo batera laga gura dauanik. “Asmo handiak daukaguz eta aldaketa klimatikoa ebitetako buruzagitza eta zuzendaritza zereginari eutsi gura deutsagu, baina, era berean, eraginkorrak izan gura dogu. Emoitzak eskuratzeko beharra itxurak egiteko politika baten ordez aldatzen badogu, ez nago konforme” adierazo eban.

Hori dala eta, Europako estrategiaren helburu nagusia ondokoa da: Estadu Batuak, Indiak eta Txinak aldaketa klimatikoaren kontrako burrukeari heldu deioen lortzea; izan be, Kanada, Errusia, Japonia eta Europako Batasunagaz batera, negutegi eragineko gasen emisioen % 75 produziduten dabe. Estadu Batuek eurek bakarrik, munduko emisino guztien lauren bat botaten dabe.

“Europako Batasunak egin beharreko ahalegin gehigarriei derrigorrean gehitu behar jake emisino asko botaten dabezan beste herrialde batzuen antzeko lana” aitatzen da agirian. “Arazo globala da eta ganerako herrialdeak konbenzidu behar doguz. Errazagoa eta eraginkorragoa izango litzateke emisinoak murriztea zeregin horretan herrialde gehiagok esku hartuko balebe” azpimarratu eban Dimas-ek.

Ingurumen Komisarioak baieztu eban Ipar Amerikako eta Estadu batzuetako eretxi publikoan aldaketak igarten hasi dirala, esate baterako Kalifornian; estadu horrek emisino mugak ezarri dauz daborduko. Dana dala, autortu eban Bush-en gobernuak pentsetan dauala aldaketa klimatikoari aurre egiteko nahikoa dala teknologia garbietan inbertidutea.

Zezeilaren 16an indarrean sartuko dan Kiotoko protokoloak herrialde industrializatuetako emisino kutsagarrien % 5,2 murrizteko betebeharra dakar 2008-2012ra bitartean, baina beti be 1990eko maileari jagokonez. Estadu Batuek Kiotori egin eutsien uko, hasikera baten sinatuagaitik be, eta Indiak nahiz Txinak ez eben protokoloan parte hartu. Europako Batasunari ezarritako murrizketea % 8koa da. Nazinoarteko komunidadeak 2012tik aurrera egin beharreko ahaleginak aurten zehaztu beharko litzatekez.

Begiluzea

“Arazo globala da eta egin beharreko lehenengo gauzea emisinoak botaten dabezan ganerako herrialdeak konbenzidutea da” adierazo eban Europako Ingurumen Komisarioak.

Europako Batzordeak albo batera itxi dauz 2012tik aurrera negutegi eragineko gasen emisinoak murrizteko bete beharreko helburuak; urte horretan Kiotoko protokoloaren mugaeguna izango da eta Estadu Batuek eta garatzeko bidean dagozan beste herrialde batzuek, berbarako Txinak edo Indiak, emisinoak urritzeko konpromisoa hartu ezean, Europa, antza danez, ez dago politika horreen kostu ekonomikoak bakar-bakarrik bere gan hartzeko prest.

Batasuneko Batzordearen agiriak azpimarratzen dau oso garrantzitsua dala planetearen beroketa globala industria aurreko epearen mailearen ganetik gehienez be gradu zentigradu bira mugatzea, eta zehazten dau helburu hori lortzeko 2050ean emisinoak % 15 murriztu beharko litzatekezala, baina beti be 1990eko emisinoen mailea kontuan hartuta. Baieztapen horrek, ostera, ez dakar gas honeek murrizteko ezelako betebeharrik.

Halanda ze, adierazpen honeen ostean, goitik behera aldatu da Romano Prodiren zuzendaritzapeko aurreko batzordeak finkaturiko politikea; izan be, horren eretxiz, Europako Batasunak buruzagitza zeregina bete behar eban eta asmo horri eutsi eutson, Kiotoko protokoloaren berrespena Errusiak sortu eragindako zalantzek kolokan imini ebenean be.