Euskerea berbagai  IV. urtea // 97. zenbakia

Itzulpen automatikorako sistemea euskerarako


Itzulpen automatikoa: posible ete da?

Itzulpen perfektua egiten dauen sistemarik ez dago inon, eta sistema bat bera be ez da gai testu literarioak behar dan legez itzultzeko. Itzulpena ez da zientzia zehatza. Itzulpen-prozesuak era automatikoan garatzeko ahaleginek erakutsi dabenez, itzulpenaren automatizazinoa ez da ia inoz erabatekoa izan. Automatizazio-mailearen arabera honako sailkapena egin ohi da:

1) Erabateko itzulpen automatikoa: errealidadea baino, amesa da gaur egun, helburua ez danean edukiaren ideia orokor bat ataratea.

2) Giza laguntzinoagaz egindako ordenadore bidezko itzulpena: lanaren gidaria makinea da, baina fase desbardinetan laguntzinoa eskatu daike, berba baten esangura zuzena hautatzeko edo esaldi baten analisiari nondik ekin behar jakon itauntzeko, berbarako.

3) Ordenadorez lagundutako giza itzulpena: gidaria personea da, baina ordenadorea erabilten dau hiztegi berezituan kontsultak egiteko, testuaren formatua txukuntzeko eta zailtasunik bako testu-zatiak itzultzeko (Ixa taldea).

Sistemak aitatzen hasita, Montrealeko TAUM taldeak egindako Meteo sistemea da emoitzarik arrakastatsuena lortu dauena. Parte meteorologikoak itzultzen dauz 1977tik hona, ingelesetik frantsesera, eta itzulpenaren % 80 erabat zuzena da. Bestetik, SYSTRAN Institutua izan da 1970. urteaz geroztik, itzulpen automatikorako tresnen saltzaile nagusia. Edozein kasutan, tresna horreetan guztietan beharrezkoa da postedizinoa, eta zeozelako alkarrekintzea dago beti gizakiaren eta programearen artean, berben esangura zuzena hautatzerakoan, berbarako.

Parajean, Katalunian, El Periódico egunkaria gaztelaniaz eta katalanez kaleratzen da egunero, itzulpen-sistema bateri eta postedizinoaz arduratzen dan 20 personako lantaldeari eskerrak. Beste alde batetik, gaztelaniatik katalanera itzultzen dauen sistema bat be probau leiteke doban Internet bidez (http://www.softcatala.org/traductor/).

Normalean, testu bat itzultzerakoan, 1) idazkia leidu, berba ezezagunak azpimarratu eta euren esangurea bilatu behar da hiztegian; ondoren, 2) testua itzuli, 3) itzulpena barriz leidu eta azkenik 4) testua zuzendu behar da.

Itzulpen automatikoakaz, gauza bera egin behar da. Aldaketea, ostera, pausu bakotxaren denporean eta lan kargean dago. Lehen pausua desagertzen da, bigarrena ordenadoreak egiten dau, hirugarrena sano gatx egiten da eta laugarrena inozko luzeena da; askotan, postedizinoa edo azken zuzenketea berritzulpen bihurtzen da: itzulpen automatikoaren emoitzea ez da ulertzen, berbaz berba edo unidadez unidadeko baliokidetzeak esaldien zentzua apurtzen dauelako gehienetan.

Itzulpen automatikoak, gure inguruan, oraingoz, izaera automatiko bakarra dauka: modu automatikoan giza-itzultzaile bati emon beharko jakola testua!

Xabier Paia

BERRIA egunkariak hau barriau atara eban joan dan eguenean (05/02/10):

“Lau unibersidade eta hainbat enpresa buru-belarri sartuta dabiz gaztelaniazko testuak eta web orriak euskerara modu automatikoan itzultzeko sistemea garatzen. Datorren urterako, hori sistemaori eskura izango da. Hasikeran, itzultzaile automatikoak gaztelaniatik euskerara itzultzeko balioko dau, baina etorkizunean euskeratik gaztelaniara itzultzeko sistemea be garatzeko asmoa azaldu dabe proiektuaren bultzatzaileek. Sistemeak, ganera, berezitasun bat izango dau: kode edegikoa izango da. Hau da, Internet bidez ekarri ahal izango da ordenadorera.”