Bertsotan  IV. urtea // 97. zenbakia

Xabier Silveira jaun da jaube aurtengo NBTko lehen finalaurrean


Finalaurrekoen datak:

Zezeilak 13: Xabier Silveira, Juan Mari Lopez, Jose Juan Zubieta Etxabe, Erika Lagoma, Julio Soto, Oiher Lakuntza. Larraintzarko Eskolako jantokian, 16:30ean.

Zezeilak 19: Estitxu Arozena, Xabier Legarreta, Iñigo Ibarra, Joseba Beltza, Diego Riaño, Migel Mari Elosegi 'Beltza'. Goizuetako udaletxean, 18:00etan.

Zezeilak 27: Bittor Elizagoien, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Jon Elizetxe, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga. Iruritako Kultur Etxean, 16:30ean.

Bittor Elizagoienek, Estitxu Arozenak eta Xabier Silveirak, hirurek izango dabe Mixel Aire Xalbador II-ren, Migel Arozamenaren edo Joxe Migel Argiñarenaren markea bardintzeko aukerea. Presino handiena, edozein kasutan, jatorri portugaldarreko bertsolariak dauka, aurten txapela jagon beharko daualako Euskal Herriko Txapelketa Nagusira ate handitik sartzeko.

Xabier Paia

Xabier Silveirak erraz irabazi eban Larraintzarren.

Lehen finalaurrea

Xabier Silveira 427.5
Joxe Juan Zubieta "Etxabe" 397
Juan Mari Lopez 390
Erika Lagoma 387.5
Julio Soto 368
Oier Lakuntza 358

Franco Iberiar penintsulara etorri zan Afrikatik, hirurogei urte ziran foruak galdu eta euskal abertzaletasuna sortu zala, urte bete Euskal Herriko lehen Bertsolari Txapelketea egin zanetik... eta Txirritak Euskal Herriko txapela jantzi eban urtean biztu zan Nafarroako Bertsolari Txapelketen historia. "Bertsolari Eguna" deitu eben egun handi ha: 1936an hiru kanporaketa antolatu ebezan Tolosa, Azpeitia eta Elizondon. Esan leiteke Nafarroako Bertsolaritzearen aro barri baten hasikerea izan zala. Baztan, Bortziriak, Malerreka... eskualde horreek guztiek ordezkari bana izan eben Elizondoko kanporaketean. Ez zan Nafarroa osoa, baina osotzeko bidearen sorburua zan.

Bertsolari Txapelketearen 34. edizinoa da aurtengoa, eta antolatzaileek adierazo dabenez, helburu nagusi bi daukaz lehiaketeak, txapela nork jantziko dauen jakitea baino garrantzitsuagoak biak. Alde batetik, bertso eskoletan edo ikastetxeetan ikasle diran bertsolariak motibau gura dauz, plazara salto egiteko atxakiak emotea. Bestetik, ‘parajeko erreferentziak sortu gura dauz’.

1936an Elizondoko Juan Felix Iriartek txapela jantzi ebanetik, gerra ostean Príncipe de Viana erakundeko "Euskararen aldeko saila" dalakoak Nafarroako bertsolaritza berpiztu behar zala pentsau eban. 1960tik 1966ra bitartean, Nafarroako Txapelketearen 6 edizino egin ziran, Nafarroa Beherean Xalbador eta Lapurdin Mattin ezagunak ziran garaian. Nafarroa Garaiko bertsolariek euren burua ezagutarazoteko aukera ederra izan zan Txapelketearen bigarren aldia. Eta zer esanik ez bertsozaletasuna zabaltzeko. Bidasoa arroko bazterrak itxi eta Larraun, Basaburua, Sakana, Iruñerria... eskualdeetara zabaldu ebazan bertsoak bere doinuak.

Gaur egun Nafarroan D ereduan dagozan ikasleen % 80 bertsolaritza ikastaroren bateko partaide da, Bertsozale Alkartearen eta Hezkuntza Departamentuaren itunari eskerrak, eta txapelketa erakusleiho polita da horreentzat guztientzat. Eskualde guztietako hamazortzi bertso eskoletan, 120 ikasle inguru dagozala jakinarazo eban Joxema Leitzak hasikerako prentsaurrekoan. Nafarroako txapelketeak bertso eskolen funtzionamentuan akuilu lana egiten dau, bazterrak astindu eta zaletasuna aktibetan daualako. ‘Giroa sortzen dau herrietan’, azaldu eban , ‘eta hori garrantzitsua da. Hurreko erreferentzia horreek izatea beharrezkoa da edozer bultzatu eta indartzeko, eta Txapelketearen funtzinoa hori da: bertsogintzea bertakotzea’. Orain hiru urte hasitako Bertso Ligak eta lagunarteko saioek horixe bilatzen dabela gogoratu eban.