Munduaren gaineko kritikea, berba eta musika hutsakaz
Obra minimalistea da “Ezekiel”, Ander Lipusen esanetan: musikea eta ekintza izan beharrean protagonista, lan honetan musikea eta berbea dira elementu nagusiak, “oinarrizkoena kontau gura genduan eta”. Mobimentu handirik barik, obrearen indarra berbetatik dator: aktoreen eta musikearen berbetatik. Eszenografia be sinple-sinplea da: “ez dago atrezzorik, ez artifiziorik: kartak mahai gainean imini ditugu, eta egiten doguna da ikusten dana”, esan eban Muguruzak. Dramaturgiari begira be, minimalismoa eszenografiaren berbera da: aktoreak oso gitxi mobiduten dira, eta gorputz-espresinoak ez dauka ia lekurik obra honetan: “izatekotan, posizinoak” egiten ditue aktore biek. Modu horretan, aktoreen eta musikarien presentzia ia berbera da, ez dago alderik batzuen eta besteen artean, danak diralako bat. Alde horretatik, “Ezekiel” preparetea “lan gatxa” izan dala esan dabe sortzaileek, eta, berbarako, Miren Gaztañaga aktoreari asko kostau jako gelditasunaren ideia hori bereganatzea.
Baina, azken baten, zer da “Ezekiel” lanak kontetan dauena? Ba globalizazinoak gure gizartean daukan eragin ikaragarria, gizartearen kritika eginez. Horretarako, Ezekiel eta Osses anaiaren arteko erlazinoa erakusten jaku, alkarrizketen bidez. Baina, Antzerkiola Imaginarioaren lanetan ohituta gagozanez (eskertzekoa dana, bide batez esateko), alkarrizketa horreek ez dira erabilten edozer esateko: lehen aitatutako minimalismo horretan, esan behar dana sano ondo dago jagonda, eta anaia bien arteko alkarrizketak, batez be, hausnarketak dira: “bizitzaren, gaur egungo gizartearen, hartu-emonen eta beste hainbat gairen gainekoak, beti be ikuspuntu kritikotik. Hausnarketa sakonak eta zorrotzak”, Muguruzaren berbetan.
Lan potentea da, intentsidade handikoa. Ander Lipusek esan ebanez, “zuzeneko kontzertu baten antzekoa da, baina abeslaria egon beharrean, euren istorioa kontetan duten persona bi dagoz”, tarterik edo deskantsurik bako ordubeteko lanean. Ezekielek gardentasuna topau gura dau, bizitza modernoaren gehiegikerien aurrean; Osses, barriz, gaur eguneko gizartearen burrunban dago sartuta: kontsumismoa, drogak... Halanda ze, begirada kritikoko antzerki lan honek, batzutan, ikuspuntu ilunagoa emongo deusku, baina, beti be, “bizitzearen aldeko apologia” eginez, Miren Gaztañaga aktoreak autortu eban moduan.
Sagarroik sortutako soinu-bandeari jagokonez, kantu zaharrak eta barriak buztartzen dira lanean: barriak Sagarroik obrarako beren-beregi sortutako dira, eta zaharrak, barriz, Iñigo Muguruza ibili dan taldeen kantuak dira: Negu Gorriak edo Joxe Ripiaurenak, berbarako. Halanda ze, batzuetan doinu gogorrak entzungo ditugu, besteetan goxoagoak, eta, azkenik, badagoz beste doinu batzuk, kantuak izan beharrean melodiak diranak, antzerki lanaren pasarte batzuk girotzeko sortutakoak, hain zuzen be.
Aktoreen eta musikarien arteko alkarlanaren gainean galdetuta, Ander Lipusek ez eban dudarik euki: “itzela izan da. Hunkituta urten gara, “Ezekiel” hain da proiektu ederra”. Edozelan be, ez da ahaztu behar hau ez dala lehenengo aldia Lipus musikariakaz kolaboretan dauena. Izan be, azken aldion sano lanpetuta dabil, alde batetik “Ezekiel” hau dala, eta bestetik Doctor Deseo taldeagaz egin dauen “Metamorfosis” muntaia dala eta. Gainera, hurrengo hileetarako, badauka beste proiektu barri bat be: “Au revoir, triunfadoreak!”, Jon Gerediagak idatzita.
“Ezekiel” eta Aizpea Goenagaren “Euskararen zazpi bekatu nagusiak” antzerki lanak saritu ditu Korrika-AEK Bekak, eta orain, Euskal Herritik bata zein bestea ikusteko aukera dogu, Korrika Kulturalaren barruan. “Ezekiel” ikusteko aukerak badagoz oraindino: zezeilaren 24an, Barañaingo Auditorioan, eta hurrengo egunean, 25ean, Tolosako Leidorren.
Fitxa artistikoa eta teknikoa
- Jatorrizko testuaren egilea: Martxel Mariskal
- Zuzendaritza eta dramaturgia: Ander Lipus eta Iñigo Muguruza.
- Aktoreak: Ander Lipus (Osses) eta Miren Gaztañaga (Ezekiel).
- Musika taldea (Sagarroi): Iñigo Muguruza (gitarrea eta ahotsa), Asier Ituarte (tronboia eta melodika), Gorka Baskaran (bateria) eta Carlos Zubikoa (baxua).
- Eskenografia: Ana Davila.
- Argiztapena: Pcs de colores.
- Argi teknikaria: Oier Ituarte.
- Soinua: TX.
- Soinu teknikaria: Angel Katarain.
- Jantziak: Nia Akosta.
- Produkzinoa: Sagarroi eta Antzerkiola Imajinarioa.
- Banaketea: Anaio ekoizpenak.
Julen Gabiria
Zezeilaren 3an estreinau zan “Ezekiel” antzerki lana, Leioako Auditoriumean. Egun batzuk lehenago, Zornotzan egin eben aurre-estreinaldia, eta pozik urten ziran handik, esperantzeagaz eta gogotsu, ikusita Ezekielek eta haren anaia Ossesek harrera bikaina euki ebela. Obra horrek Korrika-AEK Bekako akzesita irabazi eban, eta, modu horretan, Korrika Kulturalaren barruan aurkeztu dabe, Leioako saioan hasita eta, laster, Euskal Herriko beste leku batzutan be bai.
Berbea eta musikea alkarturik agertzen dira “Ezekiel” obran, eta esan leike, ohiko antzerki lan bat baino, errezitaldi poetikoa dala. Baina hori baino gehiago be bada: Sagarroi musika taldeak eta Antzerkiola Imaginarioak sortutako emoitza honetan, Ander Lipus eta Miren Gaztañaga aktoreakaz batera, zuzeneko musikea eszenatokitik bertotik etorriko da, Sagarroi taldea bertan arituko da eta, Iñigo Muguruza lider dala. Hori dana, Beti Mugan taldeko kide izandako Martxel Mariskalen nobela baten oinarrituta, “Me llamo Ezequiel y así será siempre” nobelan hain zuzen be.
Proiektuaren hasiera-hasierako sortzailea Iñigo Muguruza bera izan zan, Mariskalen eleberria irakurri eta antzerki lan musikatua egitea otu jakonean. Urte biko lan gogorra izan ei da, baina azkenean, eta benetan itxura onagaz, plazarik plaza dogu “bizitzari egindako amodiozko kanta bat” dala dinoen obra hau. Obrea Muguruzak berak eta Ander Lipusek zuzendu dabe, eta, lehenengoak nobelea moldatu ostean, Lipusek dramaturgia landu dau. Oholtzako aktore biei jagokenez, Miren Gaztañagak betetan dau Ezekielen rola, eta Ander Lipusek haren anaia Ossesena.