Jan-edanak  IV. urtea // 97. zenbakia

Tempranillo mahatsa eta ardaoa


Honeek dira tempranilloaren sinonimoak, gehienak behintzat: Aragones, Arauxa, Arganda, Cencibel, Cencibera, Chinchillano, Chinchillaza, Coregón, Escobera, Foño, Garnacho de Logroño, Jacibera, Listán Negro, Palomino Bravío, Negra de Mesa, Tinta Montereiro, Tinta Roriz, Tinta Santiago, Tinto Aragonés, Tinto de Madrid, Tinto de Toro, Tinto Fino, Tinto País, Tinto Riojano, Ull de Llebre, Valdepeñas, Vendiel eta Vid de Aranda.

Tempranillo izenak mahats goiztiarrari egiten deutso erreferentzia, Garnatxa eta Mediterraneoko beste mahats mueta batzuk baino lehenago helduten dalako.

Gaixotasun eta izurriteen aurrean (Botritisa) erraz kutsatzen da. Ganera, sikate eta tenperatura altuak dagozanean, erresistentzia gitxi dauka.

Kimualdi goiztiarra dauka eta gehienetan irailaren erdira aldera umatzen da.

Mahats mueta honen garapenerako karezko lurrak dira onenak, baina beste edozein lurretara be moldatzen dira.

Tempranilloagaz egindako ardaoak kalidade onekoak, orekatuak eta aromatikoak dira. Aroma edo lurrunen artean kereizea, mugurdia, andere-mahatsa eta masustea dira nabarmenenak, azkenean erregalizaren antzeko gustua ixten deuskuenak. Ardao honeek kolore sendokoak be badira, eta azidotasun eta graduari begira, apaltxuagoak.

Oxidasa kopuru bajukoak izateagaitik, mahats mueta honegaz egindako ardaoak oso aproposak dira haretxezko kupelatan zahartzeko. Horrezaz gan, taninoetan aberatsak izanda, arin leuntzen eta biribiltzen dira, ardaoan oso egitura atseginak sortarazoz.

Askotan, tempranilloari beste mahats mueta batzuk gehitzen jakoz, osotzeko. Errioxan, berbarako, sarritan Garnatxa, Mazuelo edota Graziano bariedadeakaz nahastauta agertzen da.

Imanol Sarasola,
enologoa

Tempranillo mahatsa ardaozaletuek gehien ezagutzen eta aitatzen daben bariedadeetariko bat da eta, duda barik, Euskal Herriko ardaogintza eta enologian garrantzi handiduna.

Beste alde batetik, aitatzekoa baita, Espainiako Enologoen Federazinoak, beste erakunde ofizial batzukaz batera, tempranilloagaz egindako ardao leihaketea antolatzen dau ‘Tempranillos al mundo’ izenburupean. Bertan, munduko edozein lurraldetako tempranillo ardaoek edo honeen sinonimoek parte hartu leikie.

Mahats mueta hau Portugalen eta Espainian dago batez be, baina baita jatorrizko izentapen gehienetan eta lurraldeko ardaoak egiten dabezan eskualdeetan be. Leku bakotxean izen bat hartzen dau ardao honek, eta hori bai, beti tempranilloaren sinonimoa.

Argentina, Txile, Australia, AEB, Frantzia, Grezia, Italia, Maroko, Mexiko, Hegoafrika eta Urugayn be badago mahats mueta hau, baina bertan ez dabe guk ezagutzen dogun izenagaz ezagutzen.