Boladji Omer Oke: ‘eskubide eta betebeharretan bardinak garala onartu behar da’
Omer Oke Afrikako Beninen jaio zan orain 40 urte baina Euskadin bizi da 1991tik. Kazetaria da eta publizidadean lizentziaduna. Eusko Jaurlaritzako Immigrazino Zuzendari karguaz jaubetu aurretik, Caritasen ibili zan beharrean eta SOS Arrazakeriaren sortzaileetakoa izan zan.
Etorkinen joan-etorriaren, PPren Atzerritartasun Legearen eta oraintsu PSOEren gobernuak abiarazotako Atzerritartasun Arautegiaren ganean gauza asko jorratu doguz Omer Oke jn.agaz.
1. Oraintsu sartu da indarrean Atzerritartasun Arautegia eta horreri esker ‘papelik bako’ behargin etorkinek euren egoerea legalizetako modua daukie...
Arautegiak zeozelan Atzerritartasun Legea garatzen dau eta dakizunez, behin eta barriro salatu dogu lege hori, besteak beste, etorkinen gizarteratze prozesua asko mugatzen daualako, gizarteratzea erraztu beharrean, kontrola eta poliziaren indarra ditualako oinarrian eta errealidadeari ez deutsolako aurre egiten. Orain Atzerritartasun Arautegiak hiru hilabeteko erregularizazino prozesua dakar eta horreri esker, gurean sei hilabetez erroldaturik egonda eta lan eskaintzea daukien etorkinek euren egoerea legalizau ahal izango dabe. Jakina, erregularizazinoaren kargea enpresarioak dauka, hau da, beharra eskaintzen dauanak egin behar dau eskaria. Gauzak holan, Arautegia konponbide egokiena izan ez arren, legez kanpo dagozan persona askoren erregularizazinoa ekarriko dau eta, alde horretatik, ona dala esan daiteke. Kontua da ze, prozesu honetan antolaketa eta informazino urria egon dala eta, ganera, baldintza zorrotzegiak dakarz Arautegiak; horren ondorioz, baldintza danak beteten dabezanek be arazoak euki leikiezala pentsetan dot eta hori ez da bidezkoa.
Guk sarritan eskatu dogu Atzerritartasun Legea indarrik barik itxi eta karga polizial gitxiagoko eta gizarteratzea oinarri dauan beste marko bat ezartzea, izan be, mundua aurrera doa, globalizazinoa arlo guztietara zabaldu da, kapitalaren joan-etorria ez eze, personena be ugaldu egin da eta horreri erantzun egokia emon behar jako. Giza eskubideen errespetuan oinarrituta eregiten gagoz mundua, zibilizazinoak gero eta aurreratuagoak dira eta gizakia oinarri izan beharrean, parlamentuek legebidezkotzen dabezan arautegi batzuen bitartez, personak bigarren mailan geratzen dira. Marko barria behar dogu, beraz, personak eta giza mobimentuak kontuan hartuko dituana eta, jakina, kaltetuen euren ekarpenak aintzat hartuz. Oraingoz ez dago horretarako borondaterik.
2. Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak eta Harresiak Apurtuz, etorkinen babeserako GKEen koordinadorak PSOEk etorkinen erregulazinorako abiarazotako arautegia salatu dabe, besteak beste, Atzerritartasun Legearen jarraipena baino ez dalako...
Bai. Aurreko erregimen ia diktatorialaren ostean, uritar askok pentsetan eben alderdi sozialisteagaz gauzak goitik behar aldatuko zirala baina ez da holan izan; aldaketa estetikoa baino ez dau ekarri gobernu barriak eta arazoari ez jako konponbiderik emon. Orain abiarazotako erregularizazino prozesua iruzurra da erantzukizuna enpresarioei ezartzen deutselako; personen bizi-proiektua hareen esku ixtea oso arriskutsua da. Immigrazinoa lan eta ekonomiaren ikuspegian ez eze, giza arlo zabalean oinarrituta tratau behar da.
3. Zer pasauko da enpresarioek erregularizau gura ez dabezan beharginakaz?
Pentsaizu, enpresarioen euren borondatea da beharginak erregularizetea ala ez. Orduan, argi dago jente asko erregularizau barik geratuko dala. Ustez ezkutuko lana argitara atarateko eta legez kanpo bizi diran etorkinen egoerea normalizetako izango litzateken prozesuaren erdian, multak ezarriko dirala, prozesutik kanpo geratuko diranentzako mehatxuak be zabaldu dira daborduko eta, horrezaz gan, lehen esan deutsudana, apropos informazino gitxi zabaltzeaz gan, makinatxu bat traba eta muga ezarri dabez. Operazino mediatikoa dago martxan prozesuari aldaketa etxurea eta ukutu aurrerakoia emoteko baina guzur galanta da.
4. Gaur egungo langabezia tasak kontuan hartuta, etorkinen joan-etorria mugatu beharko litzatekala pentsetan dozu?
Nik uste dot etorkinen joan-etorria langabezia taseagaz lotzea ez dala zentzunezkoa; hau guztia, testuinguru orokorragoan aztertu behar da: enpresen deslokalizazinoa, kapitalaren mobikortasuna eta planeta mailako injustizia; egoera horretan, herrialde pobreak gero eta pobreagoak dira eta aberatsak gero eta aberatsagoak; jakina, hemen langabezia tasea edozelakoa izanda be, hegoaldeko herrialdeetan egoerea baltzagoa da, eta sarritan norberaren herrialdetik hanka egitea izaten da askok erabagiten dabena.
5. Hegoaldeko herrialdeetako egoera baltz horren eraginez, etorkinen inbasinoa aurreikusten dozu?
Inbasinoa lar esatea dala esango neuke, gaur egun ez dago holakorik eta bihar-etzi be ez dala holakorik izango uste dot. Horretarako, politika orekatua behar da; egin daigun gogoetea: inori be ez jako gustetan norberaren herrialdetik iges egitea baina gurera jentea datorrela errealidadea da; jentea holan etortearen erantzukizuna hemen be badago, izan be, horrenbeste jente etortea ebitau gura badogu nahitaezkoa izango da herrialde pobre horreetako ongizatea eta ekonomia suspertzen laguntzea. Orekearen eta justizia sozialaren alde ete gagoz? Jarrerak argitzea ezinbestekoa da.
Horrezaz gan, ez da ahaztu behar gurera orain urte batzuk etorritakoek seme-alabak euki dabezala eta hanka sartze handia da seme-alaba horreek etorkin dirala esatea, izan be, euskaldunak edo jaio diran lekukoak dira. Hori onartzen ez badogu, beste arazo bat eukiko dogu gizartean. Alkarbizitzarako ereduaz gogoeta egin behar da eta gizarteratzea-asimilazinoa, gizarteratzea-homogeneizazinoa lako planteamentuak baztertu.
6. Euskal gizartea arrazistea dala esango zeunke?
Ez daukagu daturik euskal gizartea arrazistea dala esateko. Jakina, euskal gizartearen barruan jarrera arrazistak dagoz, jokabide arrazistadun personak badagoz egon baina, oro har, euskal gizartea arrazistea dala esatea ez da bidezkoa. Gizarte arrazistak egon dira eta danok gogoan daukaguz Hitlerren menpeko Alemania, apartheida Hego Afrikan edota esklabutzea 60. hamarkadako AEBko gizartean. Euskal Herrian ez dago, aurreko kasuetan legez, erakunde eta gobernuen babespeko mobimentu arrazista antolaturik.
7. Immigrazinoaren Euskal Plana Atzerritartasun Legea baino aurrerakoiagoa da. Zertan?
Aurrerakoiagoa da, batez be, uritartasun printzipioan oinarritzen dalako. Atzerritartasun Legea lege organikoa da eta Euskal Planari ezartzen deutsozan mugen gainetik, papelakaz zein papelik bako etorkin batek bertoko baten eskubide eta betebehar bardinak dituala planteetan dogu guk; kontua da ze Atzerritartasun Legearen eta gure inguruko demokrazia askoren aurretik doan jarrerea dala hori. Eusko Jaurlaritzeak ez ditu giza babes neurrietatik kanpo ixten etorkinak.
8. Immigrazino Zuzendaritzeak zelako hartu-emonak daukaz udalakaz, kontuan hartuz erakunde horreek dirala etorkinakaz zuzeneko tratua daukienak?
Hartu-emonak gero eta hobeak dira. Udal agintariak sentsibilizauta dagoz gaiagaz eta gizarteagaz batera, udalek aitu dabe immigrazinoaren errealidadea uritartasun gaia dala eta uritarren hurreko administrazinoa diranez, etorkinen gizarteratzea ahalbidetzeko nahitaezkoak dirala. Esangura horretan, geure immigrazino politika eta planteamentuetan berebizikoak dira toki administrazinoak eta gizarteratzeko planak abiarazo dagiezan diru-laguntzinoak be emoten deutseguz.
9. Gaur egun, ‘papelik bako’ zenbat lagun dagoz EAEn?
Zehatz esaterik ez dago baina gitxi gorabehera, 25.000 etorkin inguru dagoz egoera irregularrean.
10. EAEko Immigrazino Zuzendari karguaz jaubetu zinanean, zeintzuk izan ziran zure lehenengo egitekoak?
Jaurlaritzan beharrean hasi nintzanean, preminazko kasuetan, bazterketa edo marjinazinoaren kontrako laguntzino eskabideak ziran nagusi. Berehala jaubetu nintzan herrialde honek giza egitura sendoak eukazala, berez preminazko egoera horreei erantzuteko beste. Hortik aurrera, giza egitura horreek egokitu eta etorkinak ganerako herritarrak bezela hartzeko neurriak sortu eta apliketan hasi ginan. Laguntzinoa ondo dago behar dan kasuetan baina oinarrizko printzipioa eskubide eta betebeharretan bardinak garala onartzea da. ‘Suhiltzaile’ beharra baztertu barik, jarreratan eta kudeaketako administrazino egituretan, ikuspegi ideologiko barria, aldaketarako gogoa suspertu gura doguz, uritartasun printzipioan sakonduz, gizarte justu eta zuzena eregiteko.
11. Zeintzuk dira orain preminarik larrienak?
Gaur egun, arlo honetan dogun konpetentzia edo eskumen faltea da arazo nagusiena. Immigrazinoarean arloan, EAEk eskumenak izateko pausuak emon behar dira uritartasun eskubideetan oinarritutako politika osoa garatu ahal izateko. Atzerritartasun Legeak makinatxu bat arazo dakarskuz etorkinen gizarteratzea errazteko. Personen beharrizanak kontuan hartzea da giltza eta persona guztiei eskubide eta betebehar bardinak aintzatestea.
12. Pateratan eta Gibraltargo Itsasartean hildakoen barri jasoten dozunean, zer sentiduten dozu?
Holakoen barri heltzen jatanean, gizarteak, demokraziak eta zibilizazinoak, oro har, atzera pausua emoten dabela pentsetan dot. Horrenbeste lagun bidean hilten dirala ikusita, min handia emoten deust egoereak, izan be, euren herrialdetik izen-abizenakaz urten ziran eta hemen, barriz, zenbaki bategaz lurperatzen doguz; ganera, tristeena ez da hori ze etorkinen jatorrizko herrialdean geratzen diranak be asko sufriduten dabe, ez dakie euren senitartekoa hil dan ala, beste barik, beharrean hasi eta familia ahaztu dauan.
13. Zer esango zeunskie etorkinak eskulan merkea dirala pentsetan dabenei?
Holan pentsetan dabenek zibilizazinoaren historiako momentu ilunetara eroaten gaitue. Aurrera egin beharrean, atzera egiten dogu. Hori bai, etorkinak eskulan merke legez, esklabutzat hartzen dabezanek legearen edo indarreko arautegiaren babespean egiten dabe eta mezua, beraz, arautegi horreek diseinau eta apliketan dabezanei bialduko neuskie, kasuan kasuko interes ekonomikoen arabera, moralik bako enpresarioei etorkinak jostailu legez erabiltea galarazoteko arautegiak ezarri dagiezan; eskubiderik bako merkadu dinamikea ebitau behar da eta etorkina zigortu beharrean esplotatzailea zigortu.
14. Oraintsu ‘Hizkuntzak eta immigrazinoa’ jardunaldietan parte hartu dozu eta hor jorratutako gaien artean, Euskal Herriko hizkuntza eta kultura aniztasuna gestionetako neurriak aitatu ziran. Hizkuntza eta kultura danak buztartzea da gakoa?
Duda barik, gurera datozen etorkinak ez datoz motxila hutsagaz, hizkuntza, nortasun eta kultura propioagaz datoz eta hori aberastasuna da. Euskal Herrian historian zehar euskerearen kontra ikusitako jarrerak baztertu behar dira, euskerea zapaldu egin dabe bai Francok eta bai Aznarrek baina euskerea gizateriaren ondarea da, kultura eta hizkuntza danak diran moduan. Etorkinen joan-etorriagaz, Euskal Herrian ofizialak diran euskereagaz eta gaztelaniagaz batera, beste hizkuntza batzuk be badagoz, hiztun kopuru txikiagaz baina horreek be kontuan hartzekoak dira. Etorkinen berbetea errespetau eta hemengo hizkuntza ofizialen erabilerea suspertu behar da etorkinen artean.
15. Euskereagaz zelan konpontzen zara?
Nahikoa eskas. Astiro-astiro noa hizkuntza gatxa da eta. Hasi nintzan ikasten baina denpora barik nenbilelako itxi egin behar izan neban. Dana dala, ahal dodanean ekingo deutsat barriro eta seguru nago, pare bat urtetan maila polita hartu neikela. Denporea da behar dodana ze ikasteko gogoa ez jat falta.
Koldo Isusi Zuazo