Bertsotan  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

Santiago Bidea bertsoz bertso

Badator Bizkaiko Txapelketea 2002


Bizkaiko Txapelketea 2002

Abiatzear da Bizkaiko Txapelketea 2002. Udabarrian, Eskualdeetako Txapelketak jokatu ostean, Bizkaiko txapelaren ordua heldu da. Bizkaie!-ren hurrengo alean izango dozue Txapelketearen barri zabalagoa, baina oharrak merezidu dau, lehenengo kanporaketea irailaren 28an izango da eta. Ondoko honeek dira Arrigorriagako Lonbo Aretoan arratsaldeko 17:30etatik aurrera kantauko daben bertsolariak: Igor Muniategi, Gorka Ostolaza, Joseba Artza, Oihana Bartra, Ander Oleaga eta Oier Azula. Finala abenduaren 15ean izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. Alea jacta est!

Iñaki Aurrekoetxea


2002ko abuztua. Udarako aspalditxutik neukan plana eginda. Mendiko bizikletea hartu eta Santiagora, erromesen frantses bidea jarraituz. Euskal Herrian hasi gura neban eta Donibane Garazi aukeratu urteerako herri legez. Aurretik 800 bat kilometro neure 'astotxua'-ren laguntzino bakarragaz, bidea gozau eta neure buruari agindutako abenturea betetera. Danetara, 11 etapa, eta bakotxaren amaieran egutegitxuari erantsitako bertsoak dira ondoren eskaintzen deutsuedazanak.

Abuztuak 15

Bide naparra egin gurean
Santiagora bidean,
Garaziraino hurreratu naz
gaua sartzeko danean.
Hau posible da horretarako
lagunik badauanean.
Jaietan dagoz, afaldu dogu
eta Gateau Basque postrean,
armozurako beste zati bat
eroan dot besapean.

Abuztuak 16

Garazin urten, gora ta gora,
aldatsez aldats burruka,
lehenengo etapa ederra baina
bere koxkatxua dauka.
Orreagatik Atarrabira
errez baina nekatuta,
Arre ostatuan “so” esan eta
gaurkoagaz harrotuta:
“Kontuz Indurain, zure herrian
beste txapeldun bat dau-ta!”

Abuztuak 17

Iruñan sartu ta alde zaharra
oroitzapenakaz josi,
gero Eunaten ermita ederra
eta Gares berrikusi.
Lizarraraino pistatik errez
nahiz eta birritan jausi.
Bertan beroa, lokartu ez eta
burua berotzen hasi:
“Nik badakit non, ta zuk Lizarra,
non itzi dozu Garazi?”

Abuztuak 18

Goizean barriz burua fresko,
hanken helburu Biana,
Nafarroako erreinuaren
gotorlekua izana.
Behin Espainian Errioxa da
gozatu behar dodana,
Logroño itzi ta Kaltzadako
Santo Domingorengana,
bertako eran patatak jaten
amaitu dot gaurko plana.

Abuztuak 19

Gaurko etapak bidean dauka
harritzeko oinarria;
Pedrajan gora harizti ederra
eta, zelan ez, harria.
Gero Atapuercan neure burua
Harri Aroan jarria,
eta Burgosen katedralaren
harri dizdira barria...
nekatu beste gozatu izana
ez da hain harrigarria.

Abuztuak 20

Burgos probintzia, gero Palentzia
holan joan da eguna,
Gaztela zabal ta harrizkoan
beroa bidelaguna.
Tarragonako boskote batek
baldintzatu dau jarduna,
Carrionera ailegau gara,
gero kontu ezaguna:
afari bidez gazitu dogu
gure adiskidetasuna.

Abuztuak 21

Talde giroan esnatu eta
taldean goaz aurrera,
euren furgoan alforjak itziz,
bizikletaz gozatzera.
Leonen sartu ta inguruari
aldatu jako tankera:
lasto-lurrezko etxe ugari
eta elizak antzera,
abundantzirik ez dogu ikusi
jo arte kapitalera.

Abuztuak 22

Atzo hartu neban erabagia,
ez da gertatuko traba,
alforjak hartu, agurtu eta
barriro neure martxara.
Goizak gogotsu garraiatu nau
Leonetik Astorgara,
arratsaldea bisitarako,
Astorga herri ederra da...
ta ederrena ez dala, Iñaki,
asko falta helmugara.

Abuztuak 23

Atzoko etapa laua izanik
indarrak nebazan gorde,
gaur Cruz del Ferro igon behar zan
ta nahiko errez igon be!
Han gurutzean harria itzi,
ohitura eginaz neure.
Beheruntz Acebo, Molinaseca,
bi herri txiki dotore,
ta Cacabelos, hirugarrena,
atsedenerako ohe.

Abuztuak 24

Gaurko etaparen gogortasuna
geratu da agerian,
O Cebreirora igon ostean
galdu egin naz azpian.
Gora barriro ta azkenean
sartu bide egokian,
Sarriaraino hutsik heldu naz,
pajara baten zorian,
baina ahaleginak merezi izan dau,
banago-ta Galizian!

Abuztuak 25

Ehun kilometro falta dirala
Melidera jo eta ke,
lagunak batu dodaz bidean,
pelotoia derrepente:
tarragonarrak eta Bilboko
beste hiru baliente.
Danak kuadrillan Casa Ezequielen
pulpoz ta Ribeiroz bete...
eskerrak bihar paseotxua
dogula Santiagorarte!

Abuztuak 26

Santiagora ailegatzear
pozak hartu dau itxura,
Monte do Gozon azkenaurreko
gozatuaren freskura,
Obradoiroan emozinoak
askatu dau negargura...
Behin hasitako bide ederrak
ezagutu dau helmuga
eta bidean aurkitutako
lagunakaz amaitu da.