Jan-edanak  IV. urtea // 97. zenbakia

Elikadurea eta kariesa

Elikagaiaren formea eta sendotasuna

Faktoreok elikagai zatitxuak ahoan egongo diran denporea baldintzatzen dabe eta horrek, aldi berean, ahoko pHa azidotuta egongo dan denporea.

Elikagai likidoak gitxi inketan dira haginetan, ahoan denpora gitxi egoten diralako. Elikagai solidoak, ostera, errazago inketan dira haginetan eta, ondorioz, arazo gehiago sortzen dabez. Dana dala, edari gozoak sarri hartzen badoguz, kariesa sortzeko aukera gehiago eukiko dogu. Ume txikiei biberoietan azukeratan aberatsak diran elikagaiak emoten deutseguzanean, kariesa sortzeko arriskua handiagotu egiten da. Bai edari eta bai jaki azidoak sarritan hartzen badira, kariesa sortzeko arriskua handiagoa izango da.

Txuaren pHa basikoa da (azidoaren kontrakoa) eta horregaitik ahoko azidotasuna neutralizau egiten dau. Holan ba, txu asko sortzea eragiten daben elikagaiek kariesaren aurrean babes funtzinoa beteko dabe. Mueta honetako elikagaien artean asko mamurtzea behar dabenak dagoz: txiklea, intxaurrak, palomitak eta zuntz asko daukien elikagaiak oro har.

Elikagaiaren osoketea

Karbohidrato fermentagarriak daukiezan elikagaiak, monosakaridoak eta disakaridoak daukiezanak batez be, kariesa sortzea eragiten dabe: azukerea bera (sakarosea), txokolatea, gailetak, paketeko patatak, datilak, fruta pasak, mahatsa…

Almidoia daukien elikagaiak preparetako erabili daben prozesuaren arabera, errazago ala gatxago sortuko dabe kariesa; egosiek gordinek baino errazago. Sakarosea eta almidoia batera jaten diranean, biek batera kariesa sortzeko daukien gaitasuna handiagoa da, denpora gehiago egon behar izaten dabelako ahoan eta hau da, hain zuzen be, umeen elikagai askotan pasetan dana (berbarako, ahietan).

Badagoz kariesa sortzeko gaitasun txikia daukien elikagaiak: proteinetan aberatsak eta karbohidratoetan pobreak diranak (arrautza, okelea, arraina), barazkiak eta koipeak.

Kariesaren aurrean babestu egiten gaituen elikagaiak: gomak eta gogor mamurtu behar diranak. Gaur egun fermentetan ez daben azukerakaz eginiko gozoki eta txikleak dagoz (xilitol, sorbitol, aspartamo edo sakarineagaz egindakoak). Te baltzek eta te berdeek be kariesaren kontra egiten daben sustantziak daukiez. Esnekiek be aurre egiten deutse kariesari, kaltzio eta fosforoan abertasak diralako eta bakterioen kontra jokatzen daben entzima batzuk daukiezalako. Chedar eta Gruyere muetako gaztaiak (eta antzekoak) antikarienigenoak dira, eta honeek jaterakoan sortzen dogun txua oso basikoa da.

Elikagaiak jateko ordena

Kariesa sortzeko gaitasun handia eta kariesaren aurrean babesteko kapazidadea daukien elikagaiak batera jan ezketino, bajatu egiten da lehenegoen kariesa sortzeko gaitasuna, batez be babestaileagoak diran elikagaiak azkenean jan ezkero. Berbarako, platanoak kariesa sortzeko gaitasun handia dauka, baina platanoa yogurragaz batera edo yogurraren aurretik jan ezkero, txikiagoa izango da gaitasun hori. Gailetak esneagaz nahastauta hartzen doguzanean, bardin pasetan da, edo iko-pasen ostean gaztai zatitxu bat jaten dogunean, etabar.

Fluor nahikoa hartzea

Fluorra elikagaietan dago modu naturalean. Fluor gehien daukien elikagaiak teak eta arrainak dira. Fluorrean aberastutako ura iturri ona da, baita haginetako pastea be. Medikuaren kontrolik barik ez litzatekez fluorraren osogaiak hartu beharko, fluor lar hartzeak fluorosia izeneko gaixoa sortzen daualako.

Larraitz Artetxe,
Dietetikan eta Nutrizinoan diplomaduna

Gaur egun kariesa da gizakiok gehien sufriduten dogun gaixotasunetako bat. Dieteak kariesa sortzeko eta ebitetako orduan garrantzia handia dauka; elikadurea zainduta, gure haginak be zaindu geinkez.

Dieteak ezinbesteko garrantzia dauka haginen garapenean bizitzako lehen urteetan. Kariesaren sorkuntzeari jagokonez, dietearen nutrizino arloko efektuak bizitzako lehenego urteetan igarten dira batez be, haginak sortzeko orduan; ondorengo urteetan, ostera, nutrizino arloa bera baino garrantzitsuagoak izango dira janariak ahoko pHan eta bakterio-plakan daukazan eraginak.

Dieta batek kariesa sortzeko daukan gaitasuna hurrengo faktoreen araberakoa da:

Karbohidrato singleen kopurua eta honeek jaten diren maiztasuna

Karbohidrato fermentagarriak ahoan dagozanean, lehenego ordu erdian metabolizau egiten dira bertan eta erreakzino horren eraginez ahoko pHa bajatu egiten da, haginen desmineralizazinoa erraztuz; honek kariesari bideak zabaltzen deutsoz. Ordu erdi pasau ostean, ahoko bertako pHa normaldu egiten da eta efektu hori lotu egiten da. Elikagai edo edari azukeratsuak sarritan hartzen doguzanean, ahoko pHa etenbarik azido egotea eragiten dogu eta haginei sortzen deutsegun kaltea askoz handiagoa da.

Kariesa sortarazo leikien elikagaiak janari nagusietan hartzea da gomendioa, jan ostean normalean haginak garbitzen doguzanetan eta ordu bitarteetan mueta honetako elikagairik ez jatea. Gomendio honegaz ahoan pH azidoa hainbeste denporan ez egotea bilatzen da eta kariesa agertzea ebitetako orduan oso eraginkorra dala ikusi da.