Euskerea berbagai  IV. urtea // 96. zenbakia

Gizarte glotokapitalistea


Kontzientziaren kontuak neurea ez dau baretu ba! Neure ustez, gure herriaren geografian kontzientzia&hizkuntza erlazinoa modu asimetrikoan proportzionala da; hau da, zenbat eta hizkuntza gehiago, orduan eta kontzientzia gitxiago eta alderantziz. Errealidade ugari daukadaz neure alde; Quebecen frantsesez berba egiteko eskubidea lortu zan egunean kontzientzia hilten hasi zan. Jentea erraz konformetan da. Bestalde, Euskal Herriko fenomeno soziologikoetako bat be bada hizkuntza bako kontzientziadun biztanleriarena, euskeraz jakin ez eta euskerearen alde egiten dauana, guztiz ilogikoa emonagaitik. Kontzientziaz ganera, baliabideak emon behar jakuz gazteoi. Garatek berak dino euskerea lujoa dala eta hori ez da sintoma ona. Ikerketa enpirikorik barik bada be, prostitutek ez dakie euskeraz, eta ziur nago bezero askok Perurenaren hizkuntza jakin egingo dabela. Baina arazoa zera da: Gotzon Garatek dinoan ikastetxe zoragarri horreetako edozein ikaslek berbak imini gura badeutsoz prostituta baten berbeteari, ezin izango dauala egin, ez daualako inoiz holako egoerarik bizi izan (tira, akaso erderaz bai, eze gaurko gazteak ikusita), eta batez be, ez deutsielako irakatsi. Ez, ikastetxeetan hizkuntzearen maila zehatz batzuk besterik ez doguzalako lantzen, baina sekula be ez kaleko erregistrorik. Eta ondorioa zein da orduan? Euskerea aristokraten, burgesen, umeen eta txakurren hizkuntza dala gaur egungo urbeetan. Eta bizitzearen arlo danatan euskeraz normaltasun osoz berba egiten dauala esaten deutsun lagunari, guzurti esan eiotsazu lasaitasun osoz, emon ez eta izan gura dauan kontzientziak lehenago esaten ez badeutso.

Xabier Paia

Ni ez naz Gotzon Garate: esakera zaharrak beti nahastau izan dodaz, ez dot eleberri baltzik idatzi eta ez naz Literatura katedraduna. Neure eretxiak ez dauka horrenbesteko pisurik, ez behintzat berak euskal gazteriaren hizkuntza aukeraketearen ganean sortu dauan eztabaidea pizteko. Ez naz bera ez, baina berak joan dan astean Azpeitiko Euskara Patronatuan argitara emondako artikuluagaz bat nator ehuneko larogeita hamarrean, badaezpada be (http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1107358371).

“Zergaitik egiten dabe euskeraz euskal gazteek”, edo bestela esanda, zergaitik ez daben euskeraz egiten. Laburbilduta, holako zer edo zer dino Deustuko irakasleak:
“[Deustuko] unibersidadean bertan [...] 14.000 bat ikasle daukaguz eta euskaraz jakin arren, eskuarki euren artean erderaz egiten dabe. Deitoragarri da [...] Euskal Filologiako ikasleetan be, batzuek erderaz egiten dabela ikustea. Jakina, halanik hondamendira goaz. Ez dakienek ez dabe euskeraz egingo eta dakienek ez badabe egiten, hor ez dago segidarik. [...]

Euskal Herriko jende xeha, ezjakina, pobrea da euskeraz ez dakiena. Prostitutek, drogazaleek, miserian bizi diran etorkinek, gizarteaz kanpo dabiltzan gaizkileek ez dakie euskeraz. Euskeraz mintzo dan gizartea goi mailakoa da. Egungo egunean [...] euskaraz eginez zeure burua dotore, argi, ikasia egiten dozu. [...] Eta egia esan, Euskal Herrian euskaldun izatea, erdeldun izatea baino dotoreago eta estimauago da. [...]

Hegoaldean kontua oso diferente da. Hemen beste arrazoi bat aurkitu behar dogu. Eta arrazoia oso sinplea eta begi bistakoa da: gehienek erderaz egiten dabe ERREZAGO EGITEN DABELAKO. [...]

Egoera negargarri honetan urtekera bat bakarrik dago. Euskara beharrezkoa egitea.”

Horraino arazorik ez. Ados. Neuk be euskera beharrezkoa egingo neuke, baita inposatzea bidea bada be. Adostasun osorako falta jatan ehuneko hamarra, ostera, azken paragrafo honetan galdu dau Garatek:

“Oraingoz erremedio bat lotzen jaku. Ikastetxeetan ikasleei euskal kontzientzia emon. Ikastetxeetan euskeraz oso ondo irakasten jake ikasleei. Maiz ez jake, ostera, euskal kontzientziarik emoten. Hots, gazteek ez dabe ikusten zergatik egin behar daben euskeraz. Euskal kontzientziarik barik gazteek ez dabe euskeraz egingo.”