Eretxia  IV. urtea // 96. zenbakia

Orain, herriak dauka berbea


Argi baino argiago geratu da, guk danok ikusteko moduan, legitimidade bi dagozala aurrez aurre: lehentasuna zeri emon behar jako, euskal herritarron berbeari ala espainarrenari? Euskal arazo politikoa, benetakoa, agirian dago. Eta herritarrok erantzun beharko dogun galderea be gure aurrean dago: badaukagu euskaldunok geure etorkizuna erabagiteko eskubiderik ala Espainiatik erabagi behar ete dabe guri jagokuna? Erantzuna, hauteskunde egunean.

IƱaki Atxutegi

Orain arteko bidearen azken urratsak emonda dagoz. Joan dan astean, Ibarretxe Lehendakaria Madrileko Diputaduen Kongresuan izan zan. Ezin da esan Estatutu Barriaren ganeko eztabaidea egin ebenik. Printzipioen ganean egin eben berba, norberaren ideia politiko orokorren ganean. Ezin dogu esan eztabaidak antolatzea kontu txarra danik, hemen edo Madrilen. Era zibilizatuan berba egiten danean ez dago burlarako aukerarik. Baina, zoritxarrez, berbak alde batera itxita, ez neban borondaterik ikusi arazoari konponbideren bat topetako.

Gogoratu daigun Jaurlaritzan dagozan alderdiak lau urte luzetan zehar, beste itun politiko bat lortzen ahalegindu dirala. Testua eta harek lortutako babesa ezagunak dira dagoeneko. Ibarretxe Lehendakariak Madrilera eroan eban Euskal Estatutu Politikoaren testuak gehiengo osoa lortu eban Eusko Legebiltzarrean, legeak eta demokraziak eskatzen daben modura. Kongresuaren erantzuna ezezko biribila izan zan, alternatibarik mahai ganean imini barik eta testua behar dan moduan aztertu barik.

Ez zan alperreko lana izan, ostera, Madrilera joatea. Lehendakaria atrilera igon zanean, berbea baino gehiago hartzen eban: iniziatiba politikoa. Aro barria hasten zala adierazoten eban irudiak. Horrenbeste biderrez gaitzetsi eta txikietsi daben agintari politikoak bere ideia politikoak agertzera joan zan nora eta Diputaduen Kongresura. Eta kikildu barik, esan beharrekoa esan eban. Askok uste eben Kongresuan "jan" egingo ebela Lehendakaria. Eta ez zan holan izan, uste baino askoz hobeto urten zan eta. Hamaikatxu biderrez entzungo doguz hurrengo asteetan Ibarretxe Lehendakariaren diskursoa laburbiltzen dabezan berbak: "erabagiteko eskubidea eta adostasuna lortzeko obligazinoa".

Zapatero Presidentearen erantzuna ezin biribilagoa izan zan: "alkarregaz bizitzeko alkarren arteko adostasuna beharko dogu". Berba horreek, ostera, ez daukie errealidadegaz zerikusirik. Alderdi Sozialisteak ez dau ezelako alternatibarik aurkeztu Eusko Legebiltzarrean amaitzear dagoan legealdi honetan. Jakin badakie euren esku dagoala euskaldunon erabagiari galgea imintea. Eta ez hemen, minoria diran parlamentuan. Madrileko Parlamentuan, euskal populazinoaren gitxiengoa ordezkatzen daben alderdiek gehiengoari bide politikoa zarratu eutsen. Edo horretan ahaleginduko ziran, behintzat, hau ez da oraindino amaitu eta.