Minitel, frantziarren harrotasuna
Frantziako etxe askotan, bideotestoa guztiz erabilgarria izan da gaur egun arte eta berezitasun honegaz, zelan ez ba, harro baino harroago sentiduten dira gure auzokideak. Istorioa hauxe da: “France Telecom” telefonia-enpresak 1983. urtean traste txiki batzuk merkaturatu ebazan: pantailatxua, tekladua eta telefonorako kabletxu bat. Sistema hau Minitel deitzen da. Honegaz, eta Interneten antzera, informazinoa eskuragarri daukagu, baina Internet baino sistema askozaz be sinpleago baten oinarritzen da: telefono-sare zarratua eta informazinoa gordeteko datu baseak. Akatsak? Telefono-sareak daukan banda zabalerea mugatuta dago eta honek eragina izango dau bialdu eta jaso geinkezan datuetan. Horregaitik, testua, irudi finkoak eta grafikoak baino ezin geinkez erabili.
Eta honegaz zer demontre lortzen da? Alde batetik, eta hau zan lehenengoko ideia, edozein herrialdeko telefonia-enpresek urtero argitaratzen daben Orrialde Zuri eta Orrialde Horiak etxeetatik kentzea. Enpresek ez leuke ikaragarrizko dirutzea galduko, holako liburu lodikoteak inprimidu eta etxeetan banatzeko gastuak aurreratu egiten diralako. Ganera, etxeetara heltzen dan liburua ez dago inoiz gaurkotuta, aldaketak edo osoketak eten barik egiten diralako. Beste alde batetik, sistema honek entrenamentu antzekoa dakar herrialdeko jentearentzat, ze honelako tramankuluakaz hasi ezkero, edade guztietako jentearentzako trebetasun sistema ezin hobea da gero Internet ezagutu eta erabilteko. Holan ba, Frantzian teknologia barriaren bidea besteontzat baino askozaz lehenago egon zan edegita.
Guztiz arrakastatsua da bideotestua Frantzian, batez be konekzinoko lehenengo hiru minutuak dobanekoak diralako. Arrakasta honen erakusle da 1995ean ia zazpi miloe terminal instalauta eta martxan egon izana. Baina urte horretatik (Interneten gorakadearen hasierea) aurrera, apurka-apurka beherantza egin dau, batez be Internetek abantaila gehiago eskaintzen dauzalako. Baina Minitelen arrakastea, beste alde batetik, Interneten garapenerako trabea izan da Frantzian, hain izen ona eukita, Internetek konpetentzia bizia euki daualako.
Gauza guztietan legez, “antxinako” Minitel terminal zaharrei be heldu jake euren ordua. Pasa dan abendutik, France Telecom enpreseak terminalok doban eskaini deutsiez erabiltzaileei eta hortik aurrera ez da euren mantenimenduaz arduratuko. Orain, Minitelek eskaintzen dauzan zerbitzuak Interneten bidez egin ahal dabez frantsesek (www.minitel.fr).
Ekologistak be sartuta dagoz saltsa honetan, euren ustetan “oparitxu” honek eraginak euki leikezalako inguruan: terminala apurtu ezkero, zabortegietara botako dau jenteak. Ekologisten ustetan, enpreseak tramankuluak batu beharrean (horrek gastuak dakarz), erregalutzat emon ostean enpresearen lana amaitutzat joten da. Eta hau Europako Batasunaren 2002/96 direktibearen kontrakoa da, bertan zehazten danaren arabera, enpreseak merkaturatutako produktu elektriko eta elektronikoak batzeko ardurea daukalako.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Frantsesak nahiko bereziak eta bitxiak dirana guztiok jakingo dogu, ezta? Aparteko “puntutxuak” daukiezalakoan gagoz, onerako eta txarrerako. Harroputzak dirala badakigu, baina sarritan arrazoiak daukiez horretarako, beste herrialde askok baino arinagoak, trebeagoak edota suberte hobeagokoak izan diralako. Teknologiagaz lotuta be, badaukiez harro sentiduteko arrazoiak.
Urte batzuk daukaguzanok ondo gogoratuko dogu (orain dala ez hainbeste urte, ez pentsau gero) zelan Internet hasi baino lehenago, edo behintzak gure gizartean hainbeste ospe izan baino lehenago, baegoala “antzeko” edo informazinoa eskuratzeko beste bidezidorren bat: bideotestoa. Sarritan aireportuetan edota tren geltokietan egozan pantailatzar hareek, gaur egungoak ikusita itxura nahiko eskasekoak, inguruko informazinoa lortzeko aukerea emoten euskuen (mugatua, baina aukerea azken baten).
Baina jakina, azken hamar urteotan Internet sartu jaku gure bizitzan eta gauza asko aldatu dira. Gure bideotesto zaharra baztertuta geratu zan, betirako, eta Internetek emoten deuskun bide zabala ezin da ezelan be bideotestoko tramankulu hareekaz konparau. Guri, gomutea baino ez jaku geratu. Baina Frantzian ez.