Conversaciones con mamá
Asmo eta aurrekontu handi barik, Santiago Oves-ek ama baten eta semearen arteko hartu-emonen ganeko komedia samur eta hunkigarri honetako gidoia egin eta filma bera be zuzendu dau. Lan xume baizen freskoa, bizitzearen gai serioei oratzen deutsena, baina umore eta aldarte ona galdu barik.
Herrialde australean bizi izandako krisialdi ekonomikoak Jaime be ikutu dau. Behar barik lotu dala eta, gizon on hau nahiko galduta dabil; ganera, andreagaz daukazan hartu-emonak hotzitu dira eta seme-alabak berea ez dan mundu batean bizi dira. Itolarri ekonomikotik urten eta andrea pozik egon daiten, bere ama bizi dan etxebizitzea saldu gura dau, baina ama anarko-jubilatu bategaz maitemindu da eta ez dago bizilekua ixteko prest.
Antzezlan baten antzeko egituran eta bikote protagonistearen indarrean eta lan onean oinarrituta, zuzendariak heriotzearen, bakardadearen nahiz krisi personalen gaia jorratu dau ikuspuntu baikor eta itxaropentsu batetik.
Gizatasunez beteriko istorio polit, kutun eta maitagarria da, freskotasun eta umorez hornidutakoa eta alderdi komikoa nahiz dramatikoa ezin hobeto buztartzen dauzana. Harribitxi txikerra, atsegina eta zirraragarria, edadeko personak baztertu eta bakardadea sortu eragiten dauan gizartea kritiketan dauana. Sano gustauko jake giza baloreak kontuan hartzen dakien ikus-entzuleei.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Santiago Carlos Oves.
- Herrialdea: Argentina eta Espainia
- Iraupena: 95 minutu.
- Antzezleak: China Zorrilla (Mamá), Eduardo Blanco (Jaime), Ulises Dumont (Gregorio), Silvina Bosco (Dorita), Floria Bloise (Lucrecia), Nicolás Condito (gaztea), Tito Mendoza, Maitena Cabrera, Juan Cipriani, Nahir Shinca, José M. Barallobre...
- Argazkia: Aníbal Bosco.
- Muntaia: Liliana Nadal eta Paula García.