Bonaparte ondareko eskuizkribuen edizino digitala plazan
Koldo Isusi Zuazo
Orain urte batzuk ‘Bonaparte ondareko Eskuizkribuak’ izeneko edizino paleografiko eta hizkuntzalaritzakoa argitaratu eban Deustuko Unibersidadeak. Eskuizkribu horreek Luis Luziano Bonapartek euskalki guztietatik jasotako testuak dira eta argitalpenak, danetara 26 liburu eta 12.000 orrialdetik gora hartzen ditu. Material ugaria, ugariegia, akaso, erraztasunez erabili eta aprobetxau ahal izateko baina, orain, testu horreek berraztertu eta zuzendu ostean, danak batera edizino digitalean eskaintzen dira, CD-ROM batean. Gauzak holan, erosoago erabili ahal izango ditu bai ikertzaileak eta bai interesa daukan edozein irakurlek.
Aitatutako eskuizkribuak, gehienak orain arte argitaratu bakoak, hamazortzigarren eta, batez be, hemeretzigarren mendeetakoak dira. Interes handikoak dira, euskerearen aldaera danak, gaur egun batzuk galduak, ezagutzeko ez eze, baita euskerearen beraren historia eta erabilerea sakontzeko be.
Testuak erlijiosoak (Biblia, Testamentu Zaharra, Testamentu Barria, doktrinak, doktrinalak, sermoiak...) eta profanoak (olerkiak, kartak, ikas metodoak, errefrauak...) dira, erlijiosoak profanoak baino gehiago, aukerak be gehiago eskaintzen ebezalako leku desbardinetako berbakerak alkarren artean konparetako. Edozelan be, gaien formea eta izakerea baino garrantzitsuagoa da hizkuntzearen beraren lekukotasuna eta erabilerea.