Eretxia  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

'Road to perdition': aitaren burrukea semea galbiderantz abiatu ez daiten


Film honek merezidu dau; bilbea ez da oso originala, baina bai interesgarria; aktoreen jarduna bikaina da eta erabilitako estetikea eta zinematografia zoragarriak dira. Baietz Oscar bat baino gehiago irabazi.

Joseba Terreros

Depresino Handiaren urte ilunetan, Michael Sullivanek bere familiari eta, era berean, Rooney nagusiari zor deutsen ezin hautsizko fideltasunaren artean aukeratu beharko dau. Rock Islanden urte latzak dira eta irlandar mafiak bere legea ezarten dau. Alkohola kontsumiduteko debekuak indarrean dirau eta Al Caponeren moduko gangsterrak euren boterearen gailurrean dagoz. Edozelan be, Michael Sullivanek bizi maila onari eusten deutso, bortizkeriaz eta odolaz pagautako bizimodu erosoa dauka eta. Emazte maitagarri eta semerik gazteenaren hilketen ostean, ezer be ez da lehengo modukoa izango. Aita sano maite dauen baina beraren bildur dan seme nagusiagaz batera mendeku eta erredentzino bideari ekingo deutso.

Filma egiteko lehengo pausuak

Euskeraz 'Galbiderantz' izena hartu leiken pelikula hau egiteko lehenengo pausua Dean Zanuck produktoreak emon eban, Max Allan Collinsek idatzitako komikia jaso ebanean. Komiki mundua ia zer zan jakin barik, irakurten hasi eta istorioak harrapau ebala sentidu eban: 'Itzel gustau jatan', adierazo eban. 'Aita eta semearen istorioak zirrara handia sortu eragin eustan eta, ganera, Richard Piers Raynerren irudiek 30eko hamarkadako ikuspuntu ezin hobea emoten eben'.

Zanuck gazteak komikia berehala bialdu eutson aitari, une horretan pelikula baterako kanpoaldeak topetan ebilen Richard D. Zanuck produktoreari. Richard Zanuckek istorioa erosi eban irakurri eta berehala. Ildoa zoragarria zan eta pertsonaiak guztiz aberatsak, hau da, film atsegin eta entretenigarria izateko osogai guztiak zituan. 'Baina benetan erakarri ninduana zera izan zan: aita eta semearen arteko hartu-emonak. Deani deitu eta Steven Spielbergi kopia bat bialtzeko eskatu neutson. Neure harridurarako, handik egun bira telefonoak jo eta Stevenek esan eustan: itzel gustau jat, egin daigun. Eta horixe jazo zan'.

Aita eta semearen arteko hartu-emonak filma egiteko ildo legez aukeratu ziran. Michael Sullivanen rola beteten dauen Tom Hanksek ondokoa aitatu dau horren inguruan: 'aitak semeari jakinarazo gura deutson mezua horixe da, berak bizitzan gura dauen bidea aukeratzeko eskubidea daukala, baina ez dauela ezelan be gura aitak hartu dauen bidetik abiatzea... Bizitzearen une jakin baten norabide zehatz batetik abiatzea erabagi neban eta horrek galbiderantz eroan ninduan'.

Sam Mendes zuzendari eta produktorea bat dator: 'Michael Sullivanek inpernuratz joateko bidean dagoala pentsetan dau. Orain semearen arimearen alde dabil burrukan. Okerreko bidetik abiatu dan aita batek errendentzinoa lortu leike semea salbauta? Horixe da filmaren gairik nagusienetariko bat'.

Filmaren bertudeak

Egia esan, Sam Mendes zuzendariaren zeregina ez da inbidia emoteko modukoa; izan be, 'American Beauty' filmagaz jadetsitako arrakastearen ostean, ia ezinezkoa da pelikula barri hau ikustea besteagaz alderatu barik, ez gai edo istorioari jagokonez, baina bai norberak jasoko dauen inpaktua neurtukeran.

'Road to perdition' filmak berrogei eta berrogeita hamarreko 'noir' zineari omenaldi bikaina egiten deutso, gai klasikoen oihartzuna dakarren argumentu eta guzti: hiltzaileen arteko leialtasuna, kemena eta ohorea. Horrexegaitik esan daiteke ez dala lar originala. Pelikulearen osogai dramatiko guztiak lehenago ikusi doguzala emoten dau. Halandaze, gaiari jagokonez, 'Road to perdition' filmak 'noir' zinearen elementu tipikoak hartzen ditu maileguan. Edozelan be, filma girotzeko erabili daben estetikea ezin hobea da. Beharbada, zinematografia izango da film honen ezaugarririk onena. Koloretan eginda egonagaitik, koloreen erabilereak zuri-baltzean egindako zinematografiaren itxurea hartzen dau, baina tonuen aberastasuna bikaina da. Aldi berean, kamarearen kokapena eta eszenen gertuerea ezin hobeto jagoten dira eta batzuetan hain dira ikusgarriak, ze bilbeak eskatzen dauen arretea galtzen da. Duda izpi barik, zuzendari artistikoaren lorpenik handiena da.

Aktoreen interpretazinoa maila onekoa da; Paul Newman eta Tom Hanksen arteko buruz burukoak bikainak dira, eta, Hanks anti-heroiaren zereginean ikustea ondino be arraro begitandu arren, sinisgarritasunaren maileari ederto eutsi eta goraipatzeko moduko interpretazinoa egin dauela esan behar da. Bestalde, oso azpimarratzekoa da Jude Law handiak argazkilari maltzur eta zital modura egindako beharra. Filmeko izarretariko bat ez bada be, aktore honen interpretazinoak berehala adierazoten dau zein dan pertsonaiaren muina eta oinarria. Benetan gogoangarria aktore honen lana. Aktore honeek aurrean izanda, ulergarria da Tyler Hoechlin umeak, Sullivanen semearen zereginean, gorengo maileari ez eustea. Dana dala, horrek ez deutso kalterik egiten filmari, beraren jarduna maila onekotzat hartu behar dalako, nahikoa faltsu agertzen jakun pare bat eszena alde batera itxita. Azkenik, Jennifer Jason Leigh handiak edozein pelikulatan parte hartzea gustukoa izaten dogun arren, penagarria da beraren interpretazinoa hain laburra izatea.