Dirua eta osasuna
Eskuzabaltasuna eta burtsak
Asiari begira dagoan eskuzabaltasun handi honek bape itxaroten ez zan beste ondorio bat ekarri eban. Pentsetakoa zan kalteturiko herrialdeetako burtsek behea joko ebela hondamendi handi eta ikaragarria ikusita, baina, harrigarria izan arren, gora egin eben. Lehenengo astean, Sri Lankakoak % 3,9 egin eban gora, Indonesiakoak % 3 eta Thailandiakoak % 4,4. Analisten esanetan, burtsen baikortasun hori bakar-bakarrik azaldu eikean nazinoarteak erakutsitako eskuzabaltasuna zala eta. Herrialde honeen aldeko ekimena izugarria izan da eta horren adibidea da Mugabako Medikuek “dohaintza gehiagorik ez” kartela imini izana.
Hainbat hondamendiren ostean izan ohi dan eskuzabaltasuna neurtzeko, adituek jokabide hau aurreikusteko jarraibide batzuk dagozala dinoe: berbarako, hondamendia zenbat eta hurrago izan, hainbat eta handiagoa izango da horren aldeko konpromisoa. Hurrentasun hori fisikoa baino gehiago, sentimentala da. Horrek azaltzen dau milaka herrikide galdu dabezan alemanak planetako eskuzabalenak izatea. Guztira Alemanian 350 miloe euro batu dira. Eta aleman bat izan da dohaintzarik handiena egin dauana: Michael Schumacher-ek zortzi miloe emon ditu.
Begiluzea
Gabon zaharrean jazo ohi dan legez, eskuko telefonia kolapsau zan, mezu andana bat iruntsi ezinik. Nahikoa izan zan tsunamiko biktimei eskuko telefonoaren bitartez laguntzeko aukerearen barri emoten eban telebistako errotulu bat, linea guztiek ganezka egin eien. Estaduko konpainiek 50.000 mezu prozesau ebezan 25 minutuan, lau miloe lehenengo 48 orduetan.
Zientzialari, psikologo eta biologoek urteak egin dabez alkartasunaren fenomeno hau ulertu guran. Zergaitik laguntzen dogu? Noz laguntzen dogu? Nori laguntzen deutsagu?
Paradoxikoa dan arren, hainbat azterlan psikologikok eta soziologikok adierazoten dabe eskuzabaltasuna, neurri batean, norberekeriatik sortzen dala. Gauzak holan, hain esku luzeak izateko arrazoia norberak sentiduten dauan mina arintzeko beharrizana da eta ez kaltea euki dabenen mina kentzeko guraria.
Dirua emotea eta garuna
Zientziak, altruista bihurtukeran, garunean gogobetetasuna sortu eragiten dauan lekua be topau dau. Estadu Batuetako Emory-ko Unibersidadeko talde batek hori guztiori irudietan erakutsi ahal izan eban erresonantzia magnetikoei esker. Tsunamiak kalte egindakoei dirua emotean, garuneko hainbat eremu martxan ipini ziran. Eremu horreetan alkoholak eta drogek eragiten daben euforia be sortzen da.
Mekanismo neurologiko korapilatsu hau, dana dala, askoz be astiroago ibili da banketxeen kasuan. Azkenean, partikularrek eta GKEek egindako kritiken ostean, banku erakundeek atzera egin eta kontu korronteetan sartutako dohaintzakaitik kobretan jardun daben komisinoak itzultzeari ekin deutsie.
“Osasuntsu egon gura izan ezkero, lagundu nor edo nori”. Esakune hori ongintzako edozein erakunderen leloa izan leiteke, eskuzabaltasunak be egoera fisikoari laguntzen deutsolako. Harvard-eko Unibersidadeko psikologo batek halantxe egiaztau eban, behinik behin. David McClelland-ek ikasleei Kalkutako Teresaren ganeko film bat eskaini eutsen, probeakaz egiten eban beharraren barri emonez. Horren ostean, ikasleen txistua aztertzea eskatu eban. Hainbesteko altruismo ikusita, pelikulea ikusi eben guztiei agiriko moduan handitu jaken arnasketea, gaixotasunei aurre egiten laguntzen dauan A inmonuglobulinearen mailea. Beste ikerlari batzuek harantzago jo eta, eskuzabala izan ezkero, bihotzekoak izateko arriskua murrizten dala adierazo dabe.