The Pub Ibiltaria 9 plazan
Oskorriren abentura bat
2004ko abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean Bilboko Pio Baroja plazan zuzen-zuzenean grabautako lana da. Aurreko urteotan ohikoa izan da Arenaleko karpapean egitea kontzertua baina aparkalekuaren obrak dirala eta, 9. Pub Ibiltariaren kontzertua Pio Baroja plazan egin da, urtero legez, jentearen sekulako erantzunagaz; horren erakusgarri, Oskorrikoakaz batera, 200 ahots eta 300 musikari baino gehiago batu ziran bederatzigarren hitzorduan.
Pub Ibiltariaren bederatzigarrena herririk herri ibiliko da maiatzean baina lehenago Oskorri taldeak beste disko bat aurkeztuko dau. Umeentzako diskoa izango da eta aurreko esperientziari ekinez, Kukubiltxogaz batera ikuskizun berezia aurkeztuko dabe.
Koldo Isusi Zuazo
Taldekideen euren eta hurreratzen ziranen gozamenerako Oskorri taldeak 1997an abiarazotako proiektuaren bederatzigarren atala jaso dogu egunotan. Gozamenerako diskoa eta esperientzia ederra izateaz gan, euskal kantutegi zaharra berreskuratzeko egindako lana be ez da ahaztu behar. Bederatzigarren kontzertu honetako errepertorioan, urtero legez, era guztietako kantuak dagoz, oso zaharrak, nahiko barriak, ezagunak eta ahaztutakoak, dramatikoak eta umoretsuak, sakonak eta arin-arinak, euskalki desbardinetakoak. Danetara, 17 kantu dagoz bederatzigarren Pub Ibiltarian eta orain arte 158 bildu dira.
Oskorriren azken abentura honetako hamazazpi kantuen artean, benetako harribitxiak dagoz; horreetako bat ‘Adios, ene maitea’ izenekoa da, kantu ezaguna baina pare bat bertso baino ez ziran ezagutzen eta hirugarren baten frantses itzulpena; zorionez, Oskorrik hirugarren bertso originala topau dau Jose Migel Barandiaranen papeletan. Bestetik, ‘1808ko maiatzaren 2a be ederra da, Goyak pintautako 1808ko maiatzaren 2ko madrildarren hilketearen lehen eskuko pasadizua, Napoleonen soldadu baxenafar baten eskutik. Hirugarren bat nabarmentzekotan, ‘Oies errondan dabil’, Resurrecion Maria de Azkue folklorista handiak bere herrian, Lekeition bildutako kantua aitatuko neuke, XIX. mendeko Oies izeneko herritar xelebre baten amodio kontuak kontetan dituana.
Diskoaren grabazinoa Balea eta Jean Phocasen ardurea izan zan eta nahasketak, barriz, Jean Phocasek eta Oskorrik egin ebezan Elkar ESTUDIOAN. Azala eta maketazinoa Paradox etxeak egin dau eta argazkiak Mikel Alonsok. Beste alde batetik pianoko partiturak Juantxo Zeberiok atondu ditu.