Euskaldunok munduan  IV. urtea // 96. zenbakia

Ibarreta esploratzailearen ganeko liburua


Latinoamerikako herrialde batzutan ibili ostean, Bolivian hil zan, eta urte asko pasau behar izan ziran haren gorpua non egoan jakiteko eta azkenean, asturiar batek topau eban hilobia. Gaur egun, beraren izena daroan kurutzea dauka hilobian.

Munduko bazter ostenduek eskaintzen daben ikusgarritasun bereziak atrapau egin eban Ibarreta, eta inoz inor egon ez zan lekuetara heltzeko asmoz ibili zan etxetik urrun. Gaur egun, ez da ia holako jenterik geratzen, eta horregaitik gura izan dau Jose Antonio Diez kazetariak Ibarretaren istorioa jaso.

Bizkaie!

Pedro Enrique Ibarreta Portugaleten jaio zan 1859an. Munduan zer egoan jakiteko gogoagaz eta antza, aitagaz hasarratu ostean, Argentinara joan zan. Bertan, oso ezagun egin zan eta herri batek beraren izena be hartu eban. Kubako gerran parte hartu ostean, Boliviako Andeetako Pilcomayora joan zan. Bertan hil zan, eta han dago gaur egun beraren gorpua.

Ibarreta ezagunaren bizitza interesgarria liburu batean jaso dau Jose Antonio Diezek, ‘Ibarreta, el último explorador’ izenburupean. Oraintsu aurkeztu dauan liburuan Ibarretaren abenturazaletasuna erakutsi gura izan dau Diezek, NASAk Planetako bazter guztien mapak daukazan garaiotan. Liburuaren egilearen esanetan, esploratzaile euskaldunak inor egon ez zan lekuak lehenengoz zapaldu gura ebazan. Horretarako, asko sufridu behar izan eban, eta baita gose asko pasau be. Baina Euskal Herrian eukazan erosotasunak albo batera itxita, Argentinara joan zan.