Bertsotan  IV. urtea // 96. zenbakia

Trikitixa suten


AUPA RUFINO

Doinua: “Aupa Rufino” (X. Aburruzaga)

Aiko han Andrakako
Errementarie
gorputzetik ez baina
bihotzez handie
gorputzetik ez baina
bihotzez handie
soinueri lotute
bizitza erdie
aiko han Andrakako
Errementarie

Notak ikusi baino
entzun egin dabez
hamaika atera dozuz
ekinaren fedez
hamaika atera dozuz
ekinaren fedez
eta beste hamahiru
mailu ta ingudez
notak ikusi baino
entzun egin dabez

Hartu soinutik eta
soinueri emon
alaitasuna lege
erromeriak on
alaitasuna lege
erromeriak on
umorearen bile
begire ez egon
hartu soinutik eta
soinueri emon

Zigarroa piztute
trikitixa suten
porrusaldarik ez da
lapikotik urten
porrusaldarik ez da
lapikotik urten
errez eukiko dogu
zu gogoratuten
zigarroa piztute
trikitixa suten

Iñaki Aurrekoetxea

Bertsoaren txokoan trikitixea? Bai ba. Trikitixearen munduan bertsoak lekua daukan letxe. Soinua eta berbea, gatza eta piperra, alkarren osogarri. Trikitixea eta bertsoa. Tradizinoan errotutako bikotea, gaurkotasuna aldarrikatzen dabilena, eta etorkizuna asmatzera kondenatua. Pasa dan astean aurkeztu zan Lemoizen “Bizkaiko Trikitixa” liburua. Gaurko trikitilariak atzoko trikitilariari jasotakoa biharko trikitilariei emona.

Xabi Aburruzaga trikitilariak Bizkaiko trikitixa tradizionaleko piezen partiturakaz osotu dau liburua, eta Bizkaiko Trikitixa Elkarteak emon dau argitara. Portugaleteko trikitilari gaztea buru belarri dago sartuta soinuaren irakaskuntzan, eta bere trikitixa eskolea be sortua dauka. Bere ustetan Bizkaian baegoan soinua joteko modu berezi bat, eta aspaldian galtzen joian, Gipuzkoako estiloaren mesedetan. Aburruzagak Tomas Sitze Arrizabalaga, Rufino Arrola, Fasio, Luis Bilbao eta beste hainbat soinujoleren lekukotzea jaso dau, hareen grabazinoak partiturara eroan eta “Bizkaiko Trikitixa” liburuan aurkeztu. Aburruzaga berau da Bizkaiko soinuaren oraina, Rufino Arrolagaz lehenengo pausuak emon, eta izan ziranakaz esker oneko, izango diranei soinuarenganako maitasuna eta Bizkaiko trikitixearen nortasuna transmitiduten dabilena. Sortzaile aparta da ganera. Pieza eder dezente sortu dau daborduko; hor daukaz, besteak beste, igazko Ibilaldiko kanta eta Bermeoko jaietakoa.

“Bizkaiko Trikitixa” liburuan ez da bertsorik falta. Urrusti bertsolariaren koplak, Balendin Enbeitaren Bizkaiko pelotariak, eta tradizionalak beste batzuk. Doinuak Rufino Arrola eta Luis Bilbaori jasotako pieza tradizionalak dira. Partituretarako transkripzinoa behar nekeza da, eta orain trikitixa joten dakizuenon eskura dagoz (beste batzuk panderoan amaitu genduzan gure aspirazino musikalak). Liburuko azken pieza barria da, Aburruzagak berak bere maisu Rufinori dedikatua. Hamahiru seme-alabei jaten emondako errementaria, belarriz ikasi eban soinua joten, eta erakusten be baekian antza. Aburruzagak bere doinuari bertsoak jarteko eskatu eustanean, maisuari omenaldia egin gura eutsala adierazo eustan. Bihotzean dauka Rufino. Aitatu liburuak haren argazkia daroa azalean, eta haren ohoretan sortutako porrusaldeagaz amaitzen da.