Bidaide  IV. urtea // 96. zenbakia

Tunisia hegoaldea (II)


- Alde handiak ikusi dozuz iparraldearen eta hegoaldearen artean?

Bai. Iparraldea askosaz modernoagoa, uritarragoa eta turistikoagoa da. Hegoaldea basatiagoa da eta iparrean baino ezusteko handiagoak bizi zeinkez, izan be, bila zoazena errez topauko dozu iparraldean. Jentea be jatorragoa da hegoaldean eta, ganera, turistei ez deutse kasu larregi egiten, esan gura dot, baketan ixten zaituela. Herriak ederragoak dira, ikusgarriak benetan.

- Tunisia leku arriskutsua da?

Ez, inondik inora. Salbuespenak salbuespen, indarkeria erabiliz egindako lapurretak ez dira ohikoak izaten eta holakoak sufridutea errazagoa da iparraldean hegoaldean baino. Emakumeek arazo gehiago euki leikiez, izan be, bertakoentzako oso erakargarriak dira hemengo emakumeak, euren jaskerea...; nigaz hotelean egon ziran batzuek esanda dakit, jente pilaketetan eta leku publikoetan eperdia ukutzeko eta txistu egiteko aprobetxetan dabela.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Gabriel Caneda

Gabriel Caneda argazkilariari egindako alkarrizketearen bigarren zatian Tunisia hegoaldeko lur sikuak, basamortuak ezagutuko doguz, euskaldunei gustetan jakezan parajeak. Iparraldeko urien burrundadeak ez dauka parekorik hegoaldean, izan be, basamortuaren isiltasuna, bakea dira herrialdearen erakartasunik handiena. Afrikako koloreakaz sorginduta, Gabrielek autobusetan egin ditu joan-etorriak eta, batez be, herri txikiak bisitau ditu ‘denporan atzera egin dozulako sensazino ederragaz’.

Uriburuko jente pilaketa handiak ahaztu eta lasaitasunagaz eta isiltasunagaz gozetako modua dago. Koloreetan be alde handiak dagoz: iparraldeko zuri eta urdinak okre edo gorri-beilegiak eta marroi bihurtzen dira hegoaldean. Gabriel Canedaren berbetan, 'basamortua Tunisiako alderik ederrenetakoa da baina, jakina, hegoaldean ez dago iparraldean topau zeinken erosotasunik'

- Dromedarioan ibiltea ez da bromea izango...

Torturea da. Argazkietan dotore geratzen dira baina pizti horren bizkarrean distantzia luzeak egin behar izan ezkero, motordun garraioak faltan hartzen dozuz. Eperdiko min handia egiten jatzu baina konturatzen zaranerako lo geratzen jatzu ingurualdea; gorputzaren alde hori galdu dozula emoten dau baina bizkarretik lurrera salto egin eta berehala agertzen da barriro. Barregarria izaten da dromedarioetatik bajatu eta turistak cowboy-en antzera oinez ikustea (barre algarea); ganera, pizti horreek txua botateko ohitura txarra daukie...

- Txua botaten dabe?

Bai eta deskuidau ezkero, haginka egiten dabe, nahikoa arriskutsuak dira. Bertakoek kontu handiz ibilteko esaten deutsue baina dromedarioak ukutzeko tentazinoa eukiten dabenak asko dira eta gero koplak izaten dira...

- Jatekoa zelakoa da?

Musulmanen jatekoa sekula probau barik nengoan eta hango aldaera eta gusto desbardinakaz harrituta geratu nintzan. Cous-cous Afrika iparraldeko jateko ezaguna da: semola, artxo eta berduren nahasketea, oso gozoa. Ahal neban guztietan eskatzen neban hori eta masea barrurantza sakatzeko mentazko tea, gozoegi ataraten daben tea hain zuzen be. Jakina, erlijinoagaitik, txarrikirik ezin dabe jan eta behi okelea be ez zan asko ikusten. Gehien jaten diranak oilaskoa eta artxoa dira. Pikantea be ohikoa da Tunisiako gastronomian baina larregizkoa be ez da izaten. Hori bai, ogirik ez dago han eta benetan faltan hartu neban.

- Batetik bestera ibilteko ze garraiobide erabilten zenduan?

Lo hotelean egiten neban eta batera eta bestera ibilteko herririk herri dabizen taxi antzeko autobus txikiak aukeratzen nebazan. Herrietan leku interesgarriak bisitau eta argazkiak atara ostean, neure kontura egiten neban bueltako bidea.

- Taldeka barik, zeure kontura ibili zara orduan...

Bai. Hegoaldea ondo ezagutzeko ez neban gura dana antolatuta daroen tour horreetan joatea, izan be, denporarik be ez deutsue ixten gauzak patxadaz ikusteko; ganera, herri turistikoenetan baino ez dabez geldialdiak egiten. Hori bai, Bilboko agentzia batek hegaldia eta hotela prezio onean eskaini eustazan eta horreri ezin izan neutson uko egin.

- Osasun arazorik izan zenduan?

Zorionez, ez. Beheranzkoak eta tripetako arazoak ohikoak izaten dira. Kontuan hartu klimearen aldaketeak eta jatekoak be gorputzean eragiten dabela. Nire hotelean egon zan neskato bat hiru egunetan ibili zan gastroenteritisagaz jota eta, atara kontuak, eztei bidaian egoan. Jatekoagaz eta, batez be, edatekoakaz kontu handia euki behar da; jakina, bero handia egiten dau han eta sarritan likidoa hartu behar dozula eta, zer dan eta zein egoeratan dagoan ia ahaztu egiten dozu eta hori pekatu handia da.

- Bueno, kontaiguzu basamortua zelakoa dan?

Ederra, zoragarria. Gorabehera edo kontraste handiak dagoz, batez be, klimeari jagokonean. Egunez sargori larria eta gauez hotza. Lautadetan bakardadea da nagusi eta lurrazpiko herriak be topau zeinkez. Edozelan be, paisajea lar monotonoa da eta egun batzuk inguruan pasau ezkero, astuna izaten da.

- Entzute handiko pelikulak filmau dira paraje horreetan...

Bai, Galaxietako Gerrearen lehenengo zatia bertan grabau eben. Gaur egun, grabazinoan erabilitako dekoratu batzuk ikusgai dagoz; emoten dau edozein momentutan atea zabaldu eta C3PO agertu daitekela. Ez nau harritzen paraje honeek aukeratzea filmerako ze, benetan zoragarriak dira. Mahmata, berbarako, herri berezia da, han lurrazpian dagoz etxeak, akaso lur azaleko beroari iges egin guran eregitakoak; bata bestearen artean lotuta, lurrazpian laberintoak egiten dabez, ez dago angelu zuzenik, dana da biribil formakoa. Hotel bat be badago lurrazpian. Ingurune horretan, The English Patient film arrakastatsua grabau eben.

- Hor inguruan be turistei gauzak saldu guran ibiliko dira, ezta?

Jakina. Hegoaldean basamortuko larrosea dago eskaintzen deutsuezan gauzen artean. Marroi koloreko mineral bat da eta izenak dakarrenez, larrosearen etxurea dauka. Normalean, umeak izaten dira turistengana hurreratu eta larrosak saltzeko ahalegina egiten dabenak. Ezezkorik ez dabe onartzen eta tratuan eskarmentu handikoak dira, ofizioa txikitatik ikasten dabe.