Barrura begiratzen laguntzen deuskun artea
Batez be kolore baltza erabiltearen zergaitiaz galdetuta, Landak autortu eban kolore hori baino ez dauela erabilten azken aldion, beste koloreak “gauza bitxi eta bereziak” balira legez. Halanda ze, Eako artisteak introspekzinora eta soiltasunera jo dau, oinarri-oinarrizkoak diran elementuakaz: “lehenengo, papela baltzez margozten dot, eta argi izpi batek zeozer izartzen dau nire barruan. Orduan, papelaren zati batzuetan pinturea kentzen noa, eta holantxe sortzen jataz formak eta irudiak”. Beste alde batetik, mihisean barik, lanak papelean egitearen arrazoia be elementuak murriztearen lehengo ideia bera da, eta margolaria Figueres papela erabilten hasi da, asko produziduteko aukerea emoten dau eta.
Baina materiala eta sorkuntza prozesua baino harago joanda, erakusketa honen eta margo honeen sorreran hausnarketa interesgarri bat be badago: aspaldi bateko sortzaileak ez dagozala hain urrun, ez denporan ez distantzian. Berbarako, Landak zera dino: “Federico García Lorca poeta euskalduna da, haren lanak irakurten ditudanean”. Edo, beste modu baten esanda, Landa bera da Lorca, haren poemak irakurten dituanean. Eta haren mina Landaren mina da, eta sentimentu hori berbera da orain eta hemen, zein atzo eta han. Horixe da erakusketearen izenburuak dinoskuna, denporea ez dala distantzia. Eta Landaren margoek be hori iradokitzen dabe, ezagutzen ez dogun persona horren barruko mundua ez dagoala urrun, gure barruko mundua be izan daitekela.
Eta gero Edorta Jimenezen eskua be badago. Landak makina bat artelan sortu ostean, sortzaile biak alkartu eta pentsetan hasi ziran, ia posible zan lanak sailkatzea eta ordenaren bat sortzea. Idazleak argi euki eban, eta duda barik esan eban obra horreen artean baegoala lotura nabarmena, Landak aldez aurreko ideia zehatz barik pintau zituan arren. Jimenezen berbetan esateko, “sekulako diskursoa daukie” margo honeek.
Jimenezen 16 testu dagoz “Denbora ez da distantzia” erakusketan, baina testuok ez dira margoen interpretazinoa edo azalpena, arte plastikoen eta literaturearen arteko hartu-emonetan beste inoz egin izan dan legez. Oraingoan, Landak eta Jimenezek, bakotxak bere aldetik, askatasun osoz egin dabe lan, eta erakusketa paralelo bat dala be esan daiteke, loturak lotura. Izan be, Jimenezek artista bien alkarrizketatan urtendako hausnarketak idatzi ditu testuotan eta holan ezin da esan testu bat margo bategaz edo besteagaz dagoanik erlazionauta, ezpada osotasunagaz. Sorkuntza prozesua ulertzeko modu ederra eskaini deuskue, ba, artista bizkaitar biek: margolariaren barruko mundua pinturatan, eta idazlearen luma sortzaile bien arteko hausnarketen gainean.
Erakusketa honen bidez, ikusleak bere barruaren gainean galderak planteetako aukerea dauka, hori da-eta artearen funtzinorik nagusienetakoa: geure buruaren gaineko galderak egitea. Landak dinoan moduan, “danok daukaguz barruko eta kanpoko munduak, baina astirik ez barrukoari erreparetako”. Erakusketa honetan jaubetuko gara denporea ez dala distantzia, gure barrua koadro horreetan be badagoala, sorkuntza unibersala dala eta ez daukala denporearen eta espazioaren koordenadarik. Inongo duda barik, artea ulertzeko modu gozoa, artea sentiduteko modu zuzen-zuzena.
Julen Gabiria
Bakotxa bere esparruan handi, Landa eta Jimenez, margolaria eta idazlea, Eakoa bata eta Mundakakoa bestea, artista handi horreek biak alkartu egin dira, eta artearen esparru bi alkartu dira, batak besteari zeozertxo emoteko.
Erramun Landa (Ea, 1958) eta Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) ondo ezagunak dira Euskal Herriko sorkuntza munduan. Orain Eibarko Portalean dagoz, zezeilaren 20ra arte ikusgai, “Denbora ez da distantzia” izeneko erakusketan.
Aspaldi ezagutu eben alkar biek, 1983an, Aizu! aldizkariaren bueltan. Denporea joan da eta heldutasuna etorri da, eta, bien bitartean, artista biak makina bat bider alkartu dira, urtetan jakezan gai guztien gainean berba egiteko. Landak Bilboko Gorte kalean daukan estudioan egin izan ditue topaketa horreek, eta artea euki dabe berbagai, eta literatura be bai. Sorkuntzea euki dabe berbagai, eta sorkuntzearen inguruko bidezidor guztiak aztertu ditue berbaz. Zeozergaitik dago “denporea” berbea erakusketearen izenburuan, eta zeozergaitik “ez da distantzia” aitatutako denpora hori: berbetan agertu jakezan mundua, berbetan aztertu daben artea eta literaturea euren azalean sentidu dabelako, eta “iraganik ez dagoalako”, euren berbetan esateko.
Erramun Landaren margoak papel gaineko olioetan dagoz eginda, eta kolore baltza da nagusi. Ia kolore bakarra, egia esateko. Bere barruko mundua ateratea izan ei da Landak margo honeekaz euki dauen asmoa eta, horregaitik, “nire barruko irudi eta berbak ezagutu gura izan ditut, oroitzapenak eta sentimentuak, obsesinoak eta arriskuak”. Itxura baten, irudi abstraktuak dirala esan leiteke, baina, margoen barruan sartu ezkero, giza figurak dagozala konturatuko gara, Landaren barruko munduan bizi diran figurak, hain zuzen be: “marrazki honeek psikoanalisiaren funtzinoa daukie”, esan eban pintoreak. “Ez dogu sinisten ikusten doguna, baina, ikusten dogun hori onartu ezkero, gorputza baino gehiago daukien irudiak ikusiko ditugu: gizonak, katuak, saguak, ama, alabea, amama...”. Barruko uniberso hori aterateari “errealismo psikologikoa” deitu eutsien artista biek, eta Landak gehiago zehaztu eban: “Nik, nire lanen bidez, barruko mundua islatu gura dot. Orduan, arlo psikologikoa hortxe dago, bizi-bizirik. Baina barruko mundu horreri ez deutsat ikuspuntu onirikotik heltzen, baizik eta errealidadetik. Hortik dator errealismo psikologikoaren kontzeptua”.