Ander Manterola: 'sarriegi joaten gara medikuarengana'
Lekuan-lekuko ikerketa lanak dagoz Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren oinarrian. Oraintsu aurkeztu dabe seigarren liburukia, ‘Herri Medikuntza Euskal Herrian’ izenburupean. Jose Migel Barandiaranek hasitako lanari jarraipena emon deutse holan Etniker taldeko kideek, Labayru Ikastegiagaz alkarlanean. Hain zuzen be, Ander Manterolagaz batu gara, Labayruko buruagaz, azken liburuki honen ganean berba egiteko eta tartean beste hainbat gauza be esan deuskuz.
1.- ‘Herri-Medikuntza Euskal Herrian’ Euskal Herriko Etniker Taldeek egindako ikerketa etnografikoaren emoitza dogu. Labayru Ikastegiko Etnografia Arloak lana ondu eta moldatu dau. Gaia horren zabala izanda, ze metodologia jarraitu dozue?
Lehenengo eta behin, etnografia zer dan azaldu behar dogu. Etnografia, berez, dokumentu bat idaztea da, ahoz zuri kontetan deutsuenetik. Baina gauza bat ahoz kontetako, hori bizi egin behar izan da. Orduan, jakin dakien batek guk itauntzen deutsaguna kontetan deuskunean, guk jaso egiten dogu hori, albait zehatzen. Jasoten dogunagaz dokumentu idatzia egiten dogu. Hori da metodo etnografikoa.
Guk Euskal Herri zabalean daukaguz ikerlariak, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean. Taldea 65 bat personak osotzen dabe, eta lekuan lekuko horreek Etniker-taldeak dira, hau da, etnia edo herria ikertzen dabenak.
Gaia, herri medikuntzea kasu honetan, itaunetan sailkatu behar da lehenengo eta ikertzaileek itaun horreek egiten deutsoz jenteari, jakin dakienari, eta erantzunak idatziz jasoten ditu. Bakotxak 70-80 orrialde, sailkatuta, idazten ditu eta horreek guztiak bateratu egin behar dira gero. Lan hori idazkari-teknikoek egiten dabe, testu bateratua lortu arte.
Prozesu oso luzea da eta kontuan hartu behar da guk idazten doguna ez dala asmautakoa. Guk idazten doguna kontau egin deuskue, dakienak eta erremedio horreek erabili izan dituanak.
2.- Oraintsu jaso dau Karmele Goñi etnografoa eta Barandiaranen kolaboratzaileak Sabino Arana saria, bizitza osoko ibilbidea atalean. Zein da etnografia aditu baten lana?
Karmele Goñi gure taldekoa da. Bizitza guztiko lanari emon deutse, baina gehienbat Bilbon dagoan Euskal Museo Etnografikoa eratzen egin eban lanagaitik emon deutse sari hau. Baina gauza bat da museografia eta beste gauza bat etnografia.
Etnografoak jenteagaz egon behar dau, atso-agureak edo gazteak topau behar ditu eta euren esakera, ahoskatzeak, kantak, otoitzak... jaso behar ditu. Etnografoak ez dau jakituria liburuetatik hartzen, herritik, bizitzatik bertatik baino.
3.- Liburuki honen edukiaren oinarrian ikerketa-lan zehatza dago. Horretarako, lekuan-lekuko herri-medikuntzea hartu da kontuan. Zeintzuk izan dira leku horreek? Ze berezitasun dauka bakotxak?
Lehen aitatu dodan legez, Euskal Herri zabala euki da kontuan lan hau egiteko eta Euskal Herri zabaleko herri medikuntzan gauza asko oso bardintsuak dira, baina badagoz desbardintasunak be. Berbarako, hau leku ezoa da eta berton dagozan bedar muetak desbardinak dira Erriberakoakaz konparauta. Herri medikuntzan erremediorik gehienak bedarrez egiten dira baina ez dira landara bardinak erabilten han eta hemen. Natureak, klimeak eta botanikeak berak desbardintasunak ezartzen ditu.
Hori bai, ohitura batzuk bardintsuak dira, erlijinoari jagokozanak batez be.
4.- Ikerketak 1994. urtean hasi eta ahoz-ahoko informazinoa izan da Atlasa osotzen lagundu dauana. Ganera, informatzaileak eurak erabilitako erremedioak hartu dira kontuan, ez liburuetan ikasitakoak. Danok ezagutzen doguzan erremedioez gan, barririk nabarmenduko zeunke?
Nik neure edadetxua badaukat, eta gauza barririk... (barreak). Gauza barriak beti dagoz. Obra honek erakusten dau oraindino be herri medikuntzan ohitura zaharrak, antxinakoak mantentzen dirala. Berbarako, begietako legarrak kentzeko norberaren txua erabiltea Biblian be badator.
Gauza asko gorde egin dira, askotan arrazoia bera be jakin barik. Berbarako, atzazalak ilbeheran ebagiteak zergaitik dauka aparteko indarra? Horreek uste zaharrak dira eta herriak medikuntzarako erabili izan ditu. Guk errespetu handiz ikusten doguz.
Beste gauza bat be kontuan hartu behar da, eta nik uste dot mezu nagusia hau dala: oraintsura arte, gure jenteak baekian ze erremedio erabili gaixotasun bakotxean eta erabili egiten ebazan; orain, barriz, sarriegi joten dogu medikuarengana. Lehengo denporetan abilidade gehiago egoan erremedioak topetan. Ez ekienean, medikuarengana joaten ziran, baina baekienean ez. Autarkia gehiago egoan, burujaubeagoak ziran.
Lan honeri esker herriak gorputzaren inguruan daukan pentsakerea zein dan jakin dogu. Pentsakera hau asko aldatu da, eta gero eta gehiago aldatuko da, baina guk argi itxi gura izan dogu zein izan dan Euskal Herriko jentearen pentsakerea gorputzaren, osasunaren, erremedioen eta naturearen inguruan. Kontu honeek aldatu egingo dira, bai, baina testigantzea hor geratuko da.
5.- Etxe batetik bestera ohiturak aldatzen diran legez, herri batetik bestera be herri-medikuntzea desbardina izango da. Euskal Herrian, zertan gara adituak?
Herri medikuntzan, ez dot aparteko berezitasunik ikusten. Euskaldunek daukiezan gaixo bardinak daukiez beste leku batzuetakoak be. Akaso, klimeari jagokozan gaixotasun gehiago dagoz hemen, baina berez, gaixotasunak bardinak dirak hemen eta beste leku batzuetan.
6.- Gaixotasunak, zoritxarrez, eguneroko kontua dira munduko bazter guztietan. Akaso, horregaitik, ale honek aurrekoek baino erantzun hobea euki leike?
Ez. Liburuki hau beste bat gehiago da, argitaratutako seigarrena. Proiektu hau Atlas Etnografikoa da eta danetara 14 edo 15 liburuki eukiko ditu. Beste liburuki batzuen ikerlana eginda dago, dokumentazinoa batuta dago, baina oraingoan hau argitaratu da eta besteak geroago argitaratuko dira.
Mueta honetako lanak egiteak denpora asko eskatzen dau, hiru urte inguru. Liburuki danek Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osotuko dabe, eta bata ez da bestea baino garrantzitsuagoa izango. Atlas horretan XX. mendeko Euskal Herriaren kulturea jasoko da.
7.- Askotan, zientzia baino indar handiagoa daukie sinismen erlijosoek...
Zientzia zer da? Zientzia metodo bat da. Zientzia ez da Egia. Badagoz zientziatik kanpo egia diran gauza asko. Amak umeari titia emotea ez da zientifikoa, baina bai egia handia. Ez da jakin behar zientzia asko umeari amaren bularra emotea ona dala jakiteko.
Beste alde batetik, erlijinoa dago. Guk egindako ikerlanean, barriemole gehienak kristinauak dira eta Jaungoikoa eta sorginkeria bereizten dabez. Sinismen erlijiosoek indar handia daukie, bai, eta otoitzak ez dau inoiz kalterik egiten. Kalterik gitxien egiten duan erremedioa otoitza da. Gitxienez, barrurako mesedea egiten dau otoitzak.
8.- Euskaltzainburu barria, Andres Urrutia, bizkaitarra da. Bizkaiereagaz daukazun loturea kontutan hartuta, eukiko dozu, bai, zer esan.
Asko poztu nau, benetan, eta gizon meritugarria da. Oso bizkorra da eta euskerearenganako zaletasun itzela dauka. Euskal literaturea asko gustetan jako eta Labayru Ikastegian ikasitakoa da. Filologiatik etorritakoa izan ez arren, klaseak be emon izan ditu eta ekinaren ekinez lortu dau euskaltzainburu izatea. Asko irakurten dau eta idazten be fina da. Horregaitik, asko poztu nau eta poztu gaitu Andres Urrutia, bizkaitarra bera, euskaltzainburu izatea.
9.- Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren seigarrena da argitaratu barri dan alea. Hurrengo proiektua nondik-norakoa izango da?
Etxea eta senitartearen inguruan izango da hurrengo liburukia eta 2007an kalean egotea gurako geunke. Etxea erakunde legez, hau da, bizilekua eta etxekoen gunea landuko dau zazpigarren lan honek.
Euskal Herriko Atlas Etnografikoa: argitaratutako liburukiak
- Etxeko Elikadura
- Haur Jolasak
- Heriotz Ohikuneak
- Jaiotzatik Ezkontzara arteko Ohikuneak
- Abeltzaintza eta Artzaintza
- Herri Medikuntza
Saioa Torre Gereketa