Musikea  IV. urtea // 96. zenbakia

Travellin' Brothers blues taldeak "A Blues Experience. Live From Kafe Antzokia" diskoa aurkezteko bira egingo dau


Bizkaie!

Travellin' Brothers 'hard-blues' soinuak joten dituan euskal taldea da eta joan dan urtean Ondarroako Kafe Antzokian zuzenean grabautako "A Blues Experience. Live From Kafe Antzokia" diskoa aurkezteko bira egiten dabil.

Taldeko iturriek jakinarazo dabenez, Castron jo eben zezeilaren 3an, Asiako hego-ekialdeko kostaldeak sufridu dauan itsasikarearen biktimei alkartasuna adierazoteko jaialdian. Ondoren, Euskal Herrira hurreratu bueltan etorri eta 4an Donostiako Guardetxean izan ziran; hilaren 18an, barriz, Gorlizko New Tabern Clubean joko dabe.

Aragoin beste hiru kontzertu emon eta gero, barriro itzuliko dira Euskal Herrira: martiaren 5ean Tolosako Fronton kafetegian eta 19an Bilboko Azkena aretoan izango dira.

Travellin' Brothers taldea 2004ko urtarrilean jaio zan, Aitor eta Eneko Cañibano anaiakaz, Jon Kareaga, Isi Redondo eta Aitor Zuñigagaz. Boskote izanda taldeak aldakortasuna irabazi eban eta Jon Kareagaren ahotsa eta Aitorren gitarra esperientzia handia baina gaztea dan taldearen soinuaz jaubetu ziran.

Blue Fever, Doctor Deseo, La Vaca Azul, Vargas Blues Band, Tres Hombres, MCD, La Frontera, Amparanoia, La Cabra Mecanica edo M-Clan lako taldeakaz jo dabe. Cadena Cien irrati-katearen Imaginarock lehiaketako finalistak be izan ziran.

Esandako moduan, taldearen lehenengo diskoa zuzenean grabau eben Ondarroako Kafe Antzokian eta hartualdi bakarrean. SKT Sound System Studiosena izan zan kontzertua grabetako ardurea.

Hasi ziranetik jarduera frenetikoa izan dau taldeak; alkartu eta ia berehala, Paul Lamb & Kingsnakes bluesman britainiar ospetsuagaz jo eben Bilboko Kafe Antzokian; Zallako Pop Rock Lehiaketea irabazi eben; Xacobeo 2004ko ekitaldien barruan, A Coruñan jo eben Victor Aneiros Band, J. Teixi Band, Amparanoia eta LePunk taldeakaz batera; eta BluesCazorla 2004 jaialdian, John Mayall, Buddy Guy, Carvin Jones eta Rod Piazza bluesman handiakaz be jo eben.