Musikea  IV. urtea // 95. zenbakia

Elurretan taldea. Pop musikearen alde


Olatu baten zai

“Olatu baten zai” deitzen da taldearen lan barria eta 5 abestik eta bideoklip batek osotzen dabe. Bost abestietatik 4 euskeraz dira eta bestea Rodrigo Garciaren olerki baten egokitzapena da. Bideoklipari dagokionean, Arkaitz Basterra izan da zuzendaria eta Peio Irizarrena izan da edizinoaren ardurea.

Informazio gehiago behar izan ezkero, http://www.elurretan.com

Gotzon Uribe

Ez dabe zuzenean joten, eta disko laburrak gustetan jakez. Elurretan taldea Ordizian sortu zan, lehenago Animese Martinez taldean ibilitako lagunen ekinbidez eta oraintsu euren bigarren lana plazaratu dabe, “Olatu baten zai” izenekoa. Aurretik “Bi” izenburuko diskoa euken palzan. Taldea bikote bat dogu, Mikel Aizpurua eta Ritxar Gomez. Proposamen berezia euskal musikearen arloan.

Elurretan taldearen ekarpena berezia da, euren abestiak, bai sonoridadea eta bai sortzen daben mundu magikoa ez ohikoak diralako Euskal Herriko beste taldeakaz konparauta. Euskerea –baita gaztelerea be- erabilten dabe eta euren abestietan sasoi bateko musika talde eta artisten oihartzuna nabarmena da, besteak beste, Big Star, The Kinks, Luna, Los Brujos eta baita Itoiz, Ruper Ordorika, Jabier Muguruza eta bertoko folk taldeen ukutua be igarten jake. Bestetik, taldearen berezitausnen artean, deigarriena euren nortasuna 80. hamarkadan kokatzea izango litzateke, pop doinuak elektronika xumeagaz lotzen ebezan taldeen eraginpean, berbarako, Dinarama edota Carlos Berlanga bera.

Edozelan be, Euskal Herrian be erreferente argiak topau geinkez Elurretan taldearen eraginei dagokienean: Donostia beti izan da pop doinuak lantzeko tradizino handiko uria eta, esangura horretan, Elurretan taldeak be azaltzen dau Le Mans, La Buena Vida eta Family-ren eragina, bai abestiak egiterako orduan eta bai kantuetan iminten daben sensibilidadea kontuan hartuta.

Elurretan taldeak Beasaingo Moonpalace diskoetxe txikitxu baina era berean interesgarriagaz plazaratzen ditu lanak.