Zaldibiako gorpuzkinak
Hasikeran esan dot aitatu behar neban kontuak ez eukala zerikusirik irailaren hamaikagaz, baina 1936tik aurrera jazo ziran hilketen ganeko kontuei eutsi eta berehala fundamentalismoagaz egin dogu topo. Onak gagoz gu musulman guztiak gitxiesteko fundamentalista hutsak dirala esanaz, geure artean Zaldibiako hareek mutil biak hil zituenak edo, behintzat, hareen oinordekoak agintean doguzanean.
Iñaki Goiogana
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
Idazten nabilen egun hau, irailaren 11 hain zuzen, orain urte bete pasau ziranak pasauta, ez jaku aspaldian ahaztuko. Baina orain ez dot igazkoa aitatuko zuzen-zuzenean behintzat, gaur bertan egunkarietan irakurri dodana baino. Ez dakit kaleratu diran eguneroko guztietan agertu dan, baina nire eskuetara etorri diranetan bai badator Zaldibian Aranzadi Zientzia Elkartekoek egin daben aurkikuntzearen barri. Handiagoak be ikusi behar doguz oraindino. Gipuzkoako herri horretan, gerra denporan bide bazterrean fusilau zituen gazte biren gorpuzkinak lurpetik atara ditue, bertako gizon batek emon dituan datuei esker.
Ikerketa antropologikoak eta beste era batzuetakoak amaitzeko dagoz eta oraindino, beraz, azkenengo berbea esateko dago. Gaur bertan, akaso, gauza gehiago jakiteko moduan izango gara Zaldibiako herriak omenaldia egingo deutsee eta fusilautako gazte bioi.
Nik neuk ezin dot zuzeneko barririk emon gazte horreen bien ganean, baina bai zeharkakoak edo, beharbada, ez hain zeharkakoak.
Izan be, egunotan aurkeztu da Euskerazaintzearen eskutik gai honegaz zuzen-zuzen lotuta dagoan liburu bat: '1936ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak' hain justu be. Bertan idazle gazte euskaldun batzuk (Lauaxeta, Lurgorri eta Josu Peña 'Aitza', 'Aitzol' eta beste batzuk) izan eben zoritxarraz ganera, hainbat eta hainbat euskaldunek sufridu eben heriotza basatiaren barri emoten da. Hamaikatxu fusilaturen barri, hain zuzen be.
Abertzalea edo ezkerreko erakunderen batekoa izateagatik edo besterik barik gorroto edo enbidia hutsagaitik bizia kendu eutsenen barri jakin ahal izango dau liburua irakurten dauenak. Jakingo dau, ganera, zelakoak izaten ziran hilketok eta zenbateraino heldu leiteken giza seme-alabon ankerkeria gorrotoari bide guztiak zabaltzen jakozanean. Torturak, bortxaketak, lapurretak eta azkenean heriotzea, sarritan Jaungoikoaren izenean eta bedeinkazino guztiakaz.
Zaldibian topau dituen gazte horreen bien gorpuak 1936an holako zer edo zer jaso eben, abertzaleak edo ezkerrekoak ziralako edo, beharbada, 'Gurutzadea' egiten eutseen baten batzuen aurrean subertau ziralako. Edozein modutan be, Jaungoikoa aurrean hartuta kendu eutseen bizia.