Antxina-barri  IV. urtea // 95. zenbakia

Oskar sarien harian...

Mundu zabalean ibilitako zinezale euskaldunak


Conchita Montenegro donostiarra 30eko hamarkadako aktoresa ezagunena zan Espainia aldean. Buster Keaton zinegile eta aktore amerikarragaz be egin ebazan pelikulak emakume honek. Gero, Espainiako Gerra Zibila etorri zan eta frankotarren propagandako filmetan hartu eban parte. Baina onenean egoanean, erretirau, diplomatiko bategaz ezkondu eta guztiz desagertu zan zine mundutik.

Politika arloan, Teodoro Errandorena zizurkildarra aitatu beharra daukagu. Berez haginetako medikua bazan be, Irlandara egindako bidaian zinea ezagutu ebanean, Errandorenak atoan ikusi eban zineak zabaltzen ebazan aukerak propaganada munduan. Berari jagoko “Euzkadi” izenez Euskal Herrian ezaguna zan lehenengo dokumentala, 1933ko Aberri Egunean hartutako irudiak aprobetxauta.

Zinean, ahalegin handiaak egin ebazan euskaldunik ospetsuenetarikoa Luis Mariano dogu. Irundarra, abeslari bikaina izanda, laster “tentau” eben zinean parte hartzeko. Kritikoen esanetan, aktore baino hobea zan abeslari modura baina, dana dala, egin ebazan pelikulatxu batzuk. Dakigunez, Gerra Zibilaren eraginez, mugatik bestaldera joan eta karrera gehiena Frantzian egin eban; mito be bihurtu zan, kantuaren munduan behintzat. Arangoitzeko hilobira joatea baino ez dago hori ikusteko.

Aktoreakaz jarraituz, badira aktore nagusien atzean ibilbide bikaina daukien bigarren mailako aktoreak. Ezagunena, akaso, Juan Landa dogu. Gizon hau musika munduan hasi bazan be, zineak liluratu eta berehala hasi zan pelikuletan parte hartzen. Jaiotzaz mutrikuarra izan arren, Uruguai eta Argentinan ibili zan eta, azkenean, Hollywoodera heltzea lortu eta han pelikula askotan parte hartu eban, beti be bigarren mailako aktore modura. Behin baino ez eban euki papel nagusia egiteko aukerea, 1930eko “The Big House” pelikulan. Arrakasta handirik ez eban lortu baina Juan Landaren oroimenez esan behar dogu lehen mailako aktoreen lagun handia izan zala, besteak beste, Buster Kestonena. Honegaz makinatxu bat pelikula egin ebazan, baita sasoi hareetan hain ospetsua zan Robert Montgomerygaz be.

Ipar Ameriketara bueltatuz, Brigitte Bardot ezaguna dogu zine munduan, bera izan zalako frantziar eta europar askorentzako euren sasoiko mito sexualik ezagunena. Baina Brigitte mito bihurtu baino lehenago, beraren lekua, batez be Frantzian, euskaldun batek beteten eban: Martine Carolek. Emakume hau Miarritzen jaiotakoa zan eta 1951an “Caroline chérie” pelikulea estreinau zanetik Frantziako gizon guztien ames bihurtu zan, Brigitte Bardot heldu arte, aurrerago esaten genduan moduan. Dana dala, hor daukagu “Lola Montes” pelikulea, Marti Carolek Max Ophüls zinegilearen aginduetara egindakoa.

Ikusi dogunez ba, gaur begiradatxu laburra egin badeutsagu be, bada gure zinearen historian zer esan, zer idatzi eta batez be, zer ikusi.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Zineaz gabilz azken aldi honetan berbetan. Lehenengo “Urrezko globoak” banatzen ziralako eta laster batean “Oskar” sariak, zine munduan entzute handiena daukien sariak jatozkuzalako. Gaurko artikulu hau zinearen ganekoa izango da eta, hain zuzen be, zine munduan ospea edo entzutea izan eben euskaldunen ingurukoak kontauko doguz.

Hasteko, nahiko atzera egin behar dogu, XIX. mendean ezaguna zan Antoine D´Abbadierengana hain zuzen be. Ezaguna genduan Pirineotatik bestaldeko gizon honek euskal kulturearen alde egindako lana, batez be, Lore Jokoen antolaketearen bitartez. Baina ez da hain ezaguna beronen anaia Henry D´Abbadie zinezale amorratua sasoi haretako zinegile eta pelikula aktore onenakaz hartu-emonak izan ebazala. Henri kultura gizona zan eta hainbat hizkuntza ekizan. Ezaugarri horrek lagundu eutson orduko Hollywoodeko aktoreakaz eta bertoko giroagaz hartu-emonak izaten, Charles Chaplin “Charlot” ospetsuagaz berbarako. Behin baino gehiagotan izan zan Chaplin Baigorrin, beraren laguna zan Henrigaz egunak pasetan. Euskaldunak pelikula baten baino gehiagotan hartu eban parte.

Euskal Herriko zinegintzan badira arrazoi bategaitik edo besteagaitik ospetsuak egin diran zine pelikulak. Horreetariko bat dogu “El mayorazgo de Basterretxe”. Pelikula honen egileak Azkona anaiak izan ziran, Mauro eta Victor. Pelikuleak arrakastea izan baeban be, estreinau zan momentu berean entzunezko zinea hasi zanez zabaltzen, pelikuleak ez eban izan Euskal Herritik kanpo entzute handirik eta ez zan estreinau be egin. Hau ikusita, Victor Azkonak zinea egiteari itxi eutson baina anaia Maurok zinearen munduan jarraitu eban. Horretarako, Berlinen eta Parisen egon zan ikasten eta azkenean Madrilera bueltau zan. Gerra Zibila hasi eta errepublikarrentzat propaganda pelikula batzuk egin eta gero, Uruguaira alde egin behar izan eban. Gero Errusiara be joan zan, bertako Moscova Films estudioetan behar egitera.