Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 95. zenbakia

Andra eta gizonen garuna


Neurria garrantzitsua da? ANDRAK: Israelgo Ruben Gur zientzialariaren esanetan, andreek materia gris handiagoa (zelulak) daukie eta gizonezkoek materia zuri handiagoa (zuntz nerbiosoak). Horrek azalduko leuke emoitzak zergaitik diran bardinak adimen probatan. GIZONAK: orokorrean andrazkoek baino garun handiagoa daukie. Aldi berean, sexu portaeraz arduratzen dan hipotalamo handiagoa daukie. Dana dala, sistema linbiko txikiagoa daukie eta horrek sentimentuak adierazoteko gaitasuna murrizten dau. Gizona, ganera, bortitzagoa da.

Eboluzinoa. ANDRA-GIZONAK. Azterlan eztabaidatsuan, Gur zientzialariak deduzidu dau gizonezkoek kasu gehiago egiten deutsiela narrastietan oso garrantzitsua dan alde linbikoari; andrazkoek, ostera, gehiago jarduten dabe tximinoek eta gizakiok bakarrik daukagun kortex zingularraren arabera. Beraz, andrak gizonak baino eboluzionatuago dagoz. HorregaItik, Gur-en ikerketei jarraituz, hilten daben edo euren buruaz beste egiten daben personarik gehienak gizonezkoak dira; izan be, andrazkoek ganerakoen sentimentuak eta zirrarak ulertzeko gaitasun handiagoa daukie.

Begiluzea

Tabuak. Orain dala urte gitxira arte, andra eta gizonen artean trebetasun desbardinak egozala esatea gai tabua zan; ikerlari batzuk baino ez ziran ausartzen holakoak esaten. Doreen Kimura, Sandra Witelson edo Eleanor Maccoby-ren moduko zientzialariek 70eko hamarkadatik aurrera jardun dabe andra eta gizonen garunetan dagozan alde biologikoen barri emoten.

Sexuaren arabera, trebetasun intelektual desbardinak dagozala dakarre azterlan estadistikoek, adimen orokorra bardina izanagaitik be. Andra eta gizonen garunak modu desbardinean preparauta dagoz, baina gaitasun intelektualen arteko aldeak ezin dira igarri.

Zientziak eta letrak. ANDRAK: azterlanen arabera, andrazkoek ulermen eta literatur adierazpenerako gaitasun handiagoa daukie. Ganera, estres egoerei aurre egiteko batez besteko neurritik gora dagoan gaitasuna daukie. Era berean, eskulangintzan trebeagoak dira. GIZONAK: matematiketarako eta gai zientifikoetarako gaitasun handiagoa daukie. Baina, hizkuntzea erabilteko orduan, gizonak torpe eta geldoagoak dira. Berben zerrendak ikasteko oroimen txikerragoa daukie eta silaba bardinetik hasten diran edo letra zehatz bat daukien berbak topetako denpora tarte luzeagoa behar dabe.

Hemisferioak. ANDRAK: berbazko kontuetan andrazkoen oroimena hobea da odola garunean bizkorrago doanean; hori, esate baterako, ez jake gizonezkoei pasetan. Beste persona batzuen arpegiakaz akordau behar danean, andrazkoen oroimena hobea da. GIZONAK: normalean informazino linguistikoa prozesatzeko garunaren hemisferio bakarra baino ez dabe erabilten (orokorrean ezkerrekoa). Hori dala eta, hizkuntzaz arduratzen dan hemisferioan lesinoren bat daukienean, berbetearen gaixotasunak arruntagoak dira andrazkoen kasuan baino. Ganera, osatzeko epe luzeagoa behar izaten dabe, garunaren beste gune batzuk erabilteko lan handiagoa egin behar dabelako.

Hormonak. ANDRAK: obulazino eta menstruazino sasoian hizkuntz gaitasun handiagoa daukie eta, era berean, zeregin espazialak egiteko gaitasuna murrizten da. GIZONAK: aditu batzuen eretxiz, testosterona eta gizonezkoen beste hormona batzuk hainbat trebetasunen erantzuleak dira, kasu baterako orientazinoarena. Neska eta mutikoen jostailuen artean dagozan desbardintasunek be hormonen eraginagaz zerikusia daukie.