Zinea  IV. urtea // 95. zenbakia

Closer


Hasteko eta behin, film hau antzezlan baten moldaketa lana dala oso kontuan hartu beharra dago; izan be, Mike Nichols zuzendari ezaguna ez da ezelan be ahalegindu film luzearen jatorriak ostentzen eta ez dau bape arindu antzerkirako egokia izan daiteken baina zinerako guztiz motela eta geldoa dan narrazinoa. Halan, protagonistek ikus-entzuleak guztiz gogaitzerainoko jarduna erabiliko dabe, bikoteen hartu-emonen ganeko ustezko hausnarketa sakona egiteko atxakiagaz.

Pelikula honetan maitasunezko hartu-emonen ganeko hainbat gai interesgarri jorratzeko lanari oratu deutsie: sentimentuek sortu eragiten daben itsukeria, ondo ez doazen hartu-emonei jarraitzeko desegokitasuna edo persona maitea mintzeko jokaerea. Edozelan be, hori guztiori erakusteko bidea ez da lar aproposa izan: batetik, pelikulearen erritmoa guztiz apala da eta, bestetik, personaiek sentimentuen barri emoteko daukiezan jokaera batzuk zeharo esnobak dira.

Eskerrak protagonistek filmaren maila eskasa gainditu eta euren lana profesionaltasunez bete dabena. Lehenengo, Natalie Portman-en beharra aitatu behar da eta ez bakarrik filmean trasmitiduten jakin dauan erakargarritasunagaitik, ezpada bizipoza eta tristezia adierazoteko erakutsi deuskun aldakortasunagaitik. Jude Law-ek bikain jardun dau eta horren adibidea izan daiteke filmaren amaieran Larry-gaz daukan berbaldian; bertan, personaiaren hondamen animikoa ondo be ondo igarriko dogu. Julia Roberts-ek histrionismoa alde batera laga eta beste film batzuetan baino lasaiago ikusi dogu. Clive Owen-en lanak, ostera, ez nau lar bete, beharbada personaia honen ezaugarriak eta jokabidea istorioari larregi lotzen ez jakozalako. Esanak esan, antzezleen lana ez da film eta gidoiaren maila kaskarra orekatzeko gauza izan.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Mike Nichols.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Julia Roberts (Anna), Jude Law (Dan), Natalie Portman (Alice), Clive Owen (Larry).
- Gidoia: Patrick Marber; "Closer" antzezlanean oinarrituta.
- Argazkia: Stephen Goldblatt.
- Muntaia: John Bloom eta Antonia Van Drimmelen.