Zinea  IV. urtea // 95. zenbakia

Just a kiss


Ken Loach zuzendari ezagunaren ezaugarri nagusia zera da: zinea salaketarako lanabes bihurtzea eta hori ideia guztiz kontrajarrien bitartez azaltzea. Aldarrikapenean oinarrituriko zinea da, efektismo bakoa.

Kasu honetan, zuzendariaren asmoa Pakistango jatorria daukan ikasle gazte batek egiten dauan berbaurrean azaltzen da: beraren eretxiz, personen arteko hartu-emonetan kultur eta erlijino hesiak gainditu behar dira. Filmean musulman baten eta dibortziau barri dan katoliko baten arteko maitasun istorioaren barri emoten da, horrek maitale bien eremu personalei eragiten deutsezan gorabehera gatazkatsuak azalduz.

Edozelan be, gidoian topiko larregi agiri dira eta era honetako beste film batzuetan mila biderrez entzun doguzan esaldiak. Ganera, pelikulea, oro har, lar eskematikoa da, baina hori be ez da harritzekoa, zuzendariari gustetan jakon biluztasuna kontuan hartzen badogu.

Azken baten, ezelako apaingarri bako film aldarrikatzailea da, ikus-entzuleak hunkitzeko gauza dana, maitasun eta pasinoaren inguruko istorioa eskaintzen deutselako; dana dala, unekada batzuetan lar astuna eta errepikakorra da. Hori bai, Ken Loach-ek helburua bete egiten dau: erlijinoen tolerantzia eza agirian ipintea eta arrazismoaren nahiz kultur-aniztasunaren ganeko zertzeladak emotea.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Ken Loach.
- Herrialdea: Erresuma Batua, Italia, Alemania eta Espainia.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Atta Yakub (Casim Khan), Eva Birthistle (Roisin Hanlon), Ahmed Riaz (Tariq Khan), Shamshad Akhatar (Sadia), Shabana Bakhsh (Tahara), Ghizala Avan (Rukhsana), Gary Lewis (Danny), David McKay (Wee Roddie), Raymond Mearns (Big Roddie).
- Gidoia: Paul Laverty.
- Argazkia: Barry Ackroyd.
- Muntaia: Jonathan Morris.