Bertsotan  IV. urtea // 95. zenbakia

Ieup!


“Agate Deuna, mendebaldeko lehenegotariko birgina-martiria dogu. Sicilian jaio zan 230ean eta Catanian martirizau eben 251eko zezeilaren 5ean, kristinautasuna jagotearren Quincianoren ezkontza-proposamenaren aurrean. Euskal Herrira etorrita, Agate Deuna patroitzat hartu zan beste martiri askoren moduan eta herri batzuetan kondaira izatera be ailegau zan. Gaur egun be, hainbat parrokia eta baseleizatan ospatzen dogu Agate Deunaren eguna. Bezperatik ospatzen da hau egunau eta gaur egun zabal dabil Agate Deunaren koruak etxerik etxe, kalerik kale eta herririk herri kantuz ibilteko ohiturea.”

Juan Manuel Etxeberria Ayestak euskonewsentzat egindako artikulua Gorbeialdeko Santa Ageda bezperearen ganean oso ondo antolatua otu jat (http://www.euskonews.com/0019zbk/gaia1905eu.html). Urterik urte, oraindino danak ume garala, kalera urteten dogu makiltxuagaz lurrari eta inoren boltsiloari golpeak emoteko. Ume izakeran, ostera, ez deuskue kontetan Santa Agedan koplatan egiten zala, diru-zorroduna koplatzetik etorten zalako txintxina. Eta argi ixteko, orduko koplatzeak zerikusi gitxi eukan gaur egunekoagaz, izan be, lehen lorak eta orain asunak botaten jakozalako etxeko atarikoari.

Kopla horreek, ganera, egitura kuriosoa daukie. Hasikerea beti metaforikoa izaten da, koplaria lotura handiegirik ez daukien bi kontzeptu batzen ibiliko balitz legez. Hemen adibideak:

ABADEARI

Izar ederrak zeruan dagoz
mundua argitutzeko
etxe ontako abade jauna
erligiñoa zaintzeko
Aita Santua Erroman dago
Jesukristoren ordeko
jauna berori eskogiduta
dago aren lekureko.

Hau koplau bikotxa da, hau da, errepikapena egin barik koplatik bertsora salto egin dau kantariak. Kasu honetan, lehenengo puntua entzundakoan ez geunke jakingo koplariak nor daukan mingain puntan, baina bigarrenean, abadea aitatzen dauanean, hari koloreak urtenarazo eta aldi berean zentzuna emoten deutso lehenago esandakoari. Bigarren koplan dinona koipe gordin-gordina da, abadearen boltsiloko txanponak irristarazoten lagunduko dauana.

Koplatzea beharrizanak ekarriko eban; ugazaba eta jaun handiek hilabete eukiko eben negurako gordetako gaiak jateko eta zezeilerako urre ontzarik, arrautzik, ardaorik edo ogi papurrik lotu ezkero, kopla truke egongo zan nork jana. Eta azken koplau entzun gura ez badozu, badakizu, boltsiloa arindu eta kontzientzia trankildu!

LIMOSNARIK EMOTEN EZ DAUANARI

Erbia dago azatzan
erbikumea babatzan
etxe ontako uzaba jauna
samarañoko kakatzan.

Xabier Paia

Aintzaldu daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe!