Euskaldunok munduan  IV. urtea // 95. zenbakia

AEBetako euskaldunak Bilbon, Adriá Juliá katalanaren eskutik

La Villa Basque, Vernon, California 2004


Juliák interesa izan eban jatetxea sortu eben personengan eta ildo horri jarraituta egitasmo zabalean sartu zan buru-belarri. Adriák ahalegin berezia egin dau erakustearen bitartez identidade biak eta AEBetako kulturearen eta gordeta daukien euskal kulturearen arteko buztarketea islatzeko. Mundua mundu danetik, eta personak erbestera joaten hasi ziranetik sortutako egoerea da. Joseba Sarrionaindiaren "Lagun izoztua" liburuak be ederto azaltzen eban dilemea, kontraesanak, herri bi buztartzeko saiakerea eta jaioterritik urrun bizitzeko eta bizitza antolatzeko norberaren baitan egin behar dan ahalegin handia. Bihotza herri barri eta zaharrean erdibituta bizi ohi da. Herri barrian seme-alabak hezitu behar dira, herri zaharra alde batera itxita, baina guztiz ahaztu barik. Dilema gogorra, inondik inora. Hau da erbestean bizi diranen bizimodua. Egunero kaleetan ikusten dozugan atzerritarren bizimodua.

Adriák errealidadea eta fikzinoa buztartu dauz pelikuletan; izan be, filmetan agertzen diranak aktoreak dira. Bertan ikusten da identidadeak batzeko euskaldunen ikuspegia: batetik, 11 minutu irauten dauan pelikulan euskal dantzari bat agertzen da, klake zapatak iminita; eta, bestetik, andra batek euskaldun baten istorioa kontetan dau, Euskal Herritik Ameriketarako biajea, hango
bizimodua.

Halanda ze, euskaldunon istoria dogu hau, kanpotik begiratuta, eta barrutik kanpora begiratu daigun aukera ederra.

Erakusketea Rekalde aretoan dago urtarrilearen hogeitik zezeilearen hogeira arte.

Iratxe Ormatza


Adriá Juliák Bilbora ekarri deusku AEBetara joan ziran euskaldunen ganera sortu dauan begiradea. Juliá Bartzelonan jaio zan eta 2001etik Los Angeles bizi da. 2003an sari bati esker ekin eutson Bilboko Rekalde aretoan ikusgai daukagun
egitasmoari. Izan be, Los Angelesen egoala La Ville Basque jatetxeko jaubeak ezagutu ebazan, euskaldunak. La Ville Basque Vernon herrian dago, Kalifornian. Vernon beraren sortzailetaraiko bat John B. Leonis, Ipar Euskal Herrikoa; beste biak James J. Furlong eta Thomas J. Furlong izan ziran. Gaur egun Vernonen hainbat euskaldunen ondorengoak bizi dira.