Bidaiak lekutara
Bidaiari independienteentzako aholkuak
6. Ondo ibili!
Ezezaguna dan herrialdean hara eta hona ibiltea baino gauza emozionanteagorik ez dago. Holako bidaietatik gauza asko ikasita eta persona legez, goitik behera aldatuta bueltauko gara etxera. Etenik barik gauza barriak ikusi eta ikasiko doguz. Hori bai, beharrezkoa izango da mentalidade edegiagaz eta aurreretxi barik joatea; izan be, jarrera horregaz joan ezkero, bisitauko dogun herrialde horretako alde on eta txarren barri zuzenagaz gozauko dogu. Bidaiaren gorabehera eta arazo guztiak arin ahaztuko dira gureagaz zerikusirik ez dauen herrialdean disfrutetan dogunean. Ondo ibili!
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Orain arte ia-ia pentsauezinak baziran be, gaur egun errazago eta diru larregi gastau barik egin leitekez bidaia luzeak, ze hegaldiak ez dira hain karuak eta mendebaldeko herrialdeetako bizilagunen bizitza kalidadeak gora egin dau nabarmen. Dana dala, modu independentean, lekutan dagozan herrialdeetara eta gureagaz zerikusirk ez daben kulturetako herrialdeetara bidaia planteetea ez da bromea; gauzak ganoraz eta denporaz antolatzea da onena, arazo larririk gura ez badogu behinik behin. Oinarrizko kontu horreek onartu ostean, bidaian arriskuak bazterrean laga eta ahalik eta gehien gozau gura izan ezkero, bidaia baino lehen eta bidaian zehar kontuan hartu beharreko kontu batzuk azalduko doguz.
1. Abiatu baino lehen:
Nora joan gura dogun erabagi eta ibilbidea eta interes handiko lekuak zehaztu ondoren (hori bai, lekutara izango da eta gureagaz zerikusirik ez dauen kulturako herrialdera, beharbada herrialde azpigaratura), lehenengo egitekoa Kanpo Osasun Zentro bat aukeratzea izango da (Bilbon, Gran Via, 62), kasu batzuetan txertoak derrigorrak diralako eta bestelako jakingarri batzuk be emongo deuskuezalako bertan. Sarri askotan, informazino hori jaso ondoren, bidaiariek aurrez pentsautako bidaiak baztertu egiten ditue, aukeratu daben herrialdean gaixotasun asko hartzeko arrisku handia dagoalako. Hori errakuntza nabarmena da. Argi dago, arriskuak ebitetea da onena, eta zentzunez jokatzea, baina ustez arriskutsuak izan daitekezan holako bidaietan, gitxi dira bidaiarientzako benetako arriskuak. Paranoiarik ez dogu behar. Osasun arloko adituen gomendio eta oharrei jaramon egiten badeutsegu, kasurik gehienetan gaixotasunak hartzeko arriskua txikia izango da.
2. Heldukerea:
Urruneko edozein herrialdera heldukeran, asko izango dira bidaiariarengan eragina izango daben faktoreak. Herrialdearen ezaugarrien eta garapen mailearen arabera eta, jakina, bidaiariaren preparazino psikologikoaren arabera, shock kulturala gauza normala izaten da (batez be, era honetako lehenengo bidaia egiten dabenen artean). Holan ikusita, huskeria emoten dau eta aurretiaz herrialdearen ganeko dokumentazinoa (dokumentalak, gidak, argitalpen espezializatuak...) ondo aztertuta badaroagu, ez dau aparteko burukominik eragingo; dana dala, faktore hau gitxiestea ez da komenidu, ze aprobarik onenak eta dokumentazino mailarik handienak be ez deutso bidaiariari erakutsiko gatazka giroko edo kultura oso desbardineko herrialdeetara heldukeran sentiduko dauena; holako egoerea biziko dogu seguruenik India, Vietnam edo Kolonbiara heldukeran. Shock hori traumatikoa izatea ebitau behar dogu, eta aurretiaz egokitu egoera barrira. Bidaiariak ez dau gauza handirik aldatuko bisitauko dauen herrialdean, baina seguruenik zeozer aldatuko da bidaiariaren beraren ikuspegian.
3. Jet Lag:
Kontinenteen arteko bidaia luzeetan, ordutegiaren aldeagaitik, 'jet lag' izeneko efektua sentidu dogu holako bidaiak egin doguzanok. Ordu-nahaste edo ondoez horren ondorioz, denporea behar izaten dogu heldu garan herrialdeko erritmoa hartzeko. Esaterako, eskalak edo geldialdiak kontuan hartuta, 17 ordu ingurukoa dan Bilbo eta Hong Kong arteko hegaldian, 7 ordu gehiagokoa da ordu-aldaketea eta, beraz, Bilbon goizeko zazpiretan hartu badogu hegazkina, gitxi gora behera, hurrengo eguneko goizeko zazpiretan helduko gara Hong Kongera eta egun osoa izango dogu aurretik; jakina, gure gorputzerako eta bururako gauerdia izango da eta hankaz gora ibiliko gara. 'Jet lag' izenagaz ezagutzen dogun nahaste hori ebitetako, hona hemen nire gomendioa: hegaldiaren aurreko gauean lo gitxi edo lorik ez egitea, modu horretara, hegazkinean lo egitea errazagoa izango dalako.
4. Kulturea, gizartea eta ohiturak:
Shock kulturalaren ganeko kontuakaz jarraituz, urruneko herrialdeetako kulturen ezaugarri asko guretzat ulertezinak edo desatseginak be izan daitekez, baina bidaiariak ez leuke galdu behar hango herritarren ikuspegia eta guretzako nazkagarria izan daitekeen arren, bertakoentzat egintza kulturala izatea onartzea baino ez jaku geratzen. Guretzat atzerakoiak eta basatiak diran kontuetan ezin gara sartu, egoerea hobetzea posible dala ikusi arren, ze guk ez dogu ahalmenik ezta gogorik be gizarte horreek aldatzeko. Antxinakoak eta primitiboak begitantzen bajakuz be, kultura horreek errespetau eta jagon egin behar doguz, ohiturak herri eta etnien nortasun ezaugarriak dira eta. Leku askotan, gitxiengo edo minoriak errepresinoaren menpean bizi dira, sarritan, 'aurrerabidea' ziurtatzeko. Azpimarratu gura neuke herri batek bere ohiturak galtzen baditu, herri legez ez dala luzaroan biziko.
Kontuak kontu, era honetako bidaiak oso probetxugarriak izan daitekez, eta asko disfrutauko dogu gureagaz konparauta oso diferentea dan gizarteko lagunak zelan bizi diran 'in situ' ikusten; ahal dan neurrian, lekuan lekuko bizimodu eta ohiturakaz bat egitea da nire gomendioa. Egia da, askotan protokolo kontuak gogaikarriak edo aspergarriak izan daitekez eta jateko kontuetan, antojagarriak be begitanduko jakuz platerera atarako deuskuezanak. Argi dago, txarto pasetako ez goaz inora; kontua da, errespetuz jokatzea eta gauzak dagozan moduan ixtea.
5. Ingurumena eta azpiegiturak:
Garapen bidean dagozan herrialdeetako arazo nagusienetakoak gitxieneko azpiegitura eta osasun eta higiene mailarik eza izango litzatekez. Kasu batzuetan, desesperazinoa, etsipena edo amorrua sortzen dira bidaiarien artean, baina arazo 'txiki' horreek abenturatzat hartzea da onena. Bidaiak askotan luzeak, amaiera jakinik bakoak eta egoera edo baldintza ikaragarrietan egindakoak izan daitekez eta, beraz, holakoetan subertau ezkero, pazientzia beharko dogu.
Beste alde batetik, bidaiariaren egitekoen artean, planeta osoan hain ahul dagoan ingurumena jagotea be aitatu gura dot; betebehar hau danok sentidu beharko geunke, besteak beste planeta hau gurea, danona dalako.